Euskararen Nazioarteko Eguna Deustun

Deusto ha organizado varios actos para celebrar el Día del Euskera

2022ko abenduak 02

Euskararen Plaza

Abenduaren 3a, San Frantzisko Xabierkoaren eguna, Euskararen Nazioarteko Eguna dugu, gure hizkuntza ospatzeko eta erreibindikatzeko eguna. Ospatzekoa, bizirik dirauelako munduko hizkuntza ugarien artean, eta erreibindikatzekoa, oraindik ere erabilera-eremuak irabazi beharrean dagoelako. 

Unibertsitateak eginkizun garrantzitsua du horretan. Azken hamarkadetan, Deustuk ekarpenak egin ditu euskararen normalizazioaren alde, euskararen, euskarari buruzko eta euskarazko ikaskuntza bultzatuz. Gure geletan pertsona asko euskalduntzen dira, euskal hizkuntza eta kulturako adituak prestatzen dira, profesionalak gaitzen dira lanbidean euskaraz jarduteko eta gure irakasle-ikertzaileek ekarpen baliotsuak egiten dizkiote euskararen ezagutza eta garapen akademikoari.

Ahalegin horretan jarraitu behar dugu irmo eta, horrekin batera, euskararen harreman eta laneko erabilera erraztu eta sustatu gure unibertsitate bizitzan, Euskaraldian egin dugun bezala.

Izan bitez lerro hauek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko eta Euskaraldiari amaiera emateko unibertsitatean egingo ditugun ekitaldietan parte hartzeko gonbita eta euskararen aldeko lanean gogotsu jarraitzeko deia.

Bilboko campuseko egitaraua 
Abenduak 2, ostirala, 10:50-11:15
Euskararen plaza (Entzungelako klaustroa)

  • Unibertsitateko Elkarteko eta 2030 Agendako errektoreordearen hitzak.
  • Unibertsitateko elkarteko kideen lekukotzak
  • TikTok lehiaketako bideoen ikustaldia
  • TikTok eta Egunean Behin lehiaketetako sari banaketa
  • June Cobo ikaslearen kantaldia
  • Mokadua

 
Donostiako campuseko egitaraua 
Abenduak 1, osteguna, 13:30-14:00
Arrupe eraikineko sarreran

  • Umorezko bakarrizketa: Ion Martínez, Txiki.

Informazio gehiago.