Deusto Business School-eko hiru programak kudeaketako master onenen QS rankingean toki aipagarria errepikatu dute

QS ranking-aren logoa

2025eko irailak 17

Bilboko Campusa Donostiako Campusa

QS ranking-eko 2026ko edizioan Deusto Business Schooleko hiru masterrek toki nabarmena lortu dute munduko kudeaketako master onenen artean. Hauek dira masterrak: European & International Business Management (EIBM), Enpresen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra / Master in Management eta Finantzetako Unibertsitate Masterra.  

European & International Business Management (EIBM) unibertsitate masterrak gora egin du eta 63. postuan dago munduko onenen artean. Iaz 71. postuan egon zen. 

Ranking-aren arabera, master hori aparta da aztertutako parametrorik gehienetan eta, bereziki, enplegu tasa, aniztasun edo egindako inbertsioa berreskuratzeko batez besteko denboran. 

Gainera, Enpresen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra / Master in Management tituluak ere gora egin du tokian eta 141-150 bitartean dago kokatuta, 253 masterren artean. Baliorik handiena, kasu honetan, puntu hauetan lortu du: alumnien outcome-etan (ikasle ohien inpaktu eta lorpen profesionalak), enplegagarritasun tasan eta inbertsioa berreskuratzeko batez besteko denboran.

Finantzetako Unibertsitate Masterra 151. postuan mantentzen da, kategoria bereko 248 finantza masterren artean. Kasu honetan, tituludunen ibilbide profesionala azpimarratzen da.

Oro har, QS ranking-ak puntu hauek azpimarratzen ditu Deusto Business Schooleko masterren artean: ‘value for money’ (masterrean inbertitutakoa berreskuratzeko behar den batez besteko denbora), aniztasuna bai gelan eta bai irakasleen artean, baita lanbideratze-maila altua ere. 

QS ranking-ean EIBMk izan duen igoera eta beste bi masterren toki aipagarriak Deusto Business Schoolen bikaintasuna eta nazioarteko aitormena sendotzen ditu. Gogoan izan behar da DBSk AACSB eta AMBA nazioarteko aitorpenak dituela.