2026ko urriak 16
Bilbao
120 parte-hartzaile baino gehiago bildu ziren joan den ostiralean, urriak 16, Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan, irakasleekin, senideekin eta lagunekin batera, Deusto Business Schooleko Executive Education 2025-2025eko programen graduazio zeremoniaren harira:
Executive Master in Business Administration (EMBA)
Executive Master in Business Administration (EMBA Online)
Zuzendaritza Nagusiko Aditu Programa
Finantza Zuzendaritzako Aditua
Osasun arloko Berrikuntza eta Kudeaketako Aditua | Euskal Herriko Edizioa
Osasun arloko Berrikuntza eta Kudeaketako Aditua | Madrilgo edizioa
“Nola lideratu kontseilutik” programa | Euskal Herriko edizioa
“Nola lideratu kontseilutik” programa |Madrilgo edizioa
Ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste, Executive Educationeko zuzendari nagusi Almudena Eizaguirrek, Deusto Business Schooleko dekano Macarena Cuencak, Deusto Business Alumniko presidente Anton Azlorrek eta graduatu berri ziren parte-hartzaile batzuek.
Leyre Goitia Deusto Business Schooleko idazkariak eta Laura Abasolo García de Baquedano Telefonicako Finantza eta Kontroleko zuzendari nagusi ohiak eta, gaur egun, Cellnex Telecomeko kontseilari eta Kapitala Esleitzeko Batzordeko kideak ere parte hartu zuten (Deusto Business School, 1995eko promoziokoa). Azken horrek promoziokoen amabitxi lanak egin zituen.
Ekitaldia Deusto Business School-eko zuzendari nagusi Almudena Eizaguirreren hitzekin hasi zen. Graduatu berriak enbaxadore nabarmenak izatea nahi zuela adierazi zuen, Deusto Business School-ek lidergo humanista ulertzen duen erara: autoezagutzatik eta interes-taldeekiko lankidetzatik abiatuta, pertsonen duintasuna erdigunean jartzen duen humanismoa, balio ekonomikoa eta soziala sortzeko. Halaber, bere konfiantza azaldu zuen graduatu berriek ezagutzak eta gaitasunak eskuratuak zituztela eta, aldi berean, egoerei lidergo humanistaren ikuspegitik aurre egiten ikasiak zirela, adore-dosi handiak aplikatuz. Eta gogorarazi zuen adorea dela, bikaintasunarekin, integritatearekin, lankidetzarekin eta irekitasunarekin batera, Deusto Business Schoolen nortasunaren zutabeetako bat.
Zuzendari nagusiak eman zion hitza promoziokoen amabitxiari. Laura Abasolok Telefonican 26 urtetik gorako ibilbide profesionaletik atera dituen irakaskuntza nagusietako batzuk partekatu zituen. Batzorde Exekutiboko kide izatera eta taldearen finantza zuzendaritza betetzera iritsi zen. Hitzaldian, jakin-mina bizirik mantentzeko, ikasteari inoiz ez uzteko eta erronka berriei konfiantzaz eta ausardiaz aurre egiteko deia egin zien gradudunei. Era berean, nabarmendu zuen garrantzitsua dela entzutea, norberaren ziurtasunak zalantzan jartzea eta pentsamendu aniztasuna sustatzea, etengabe eraldatzen ari den ingurune bateko erronkei erantzuteko gai den lidergoa gauzatzeko gako gisa.
Bere hitzaldiko beste mezu nagusietako bat pertsonen eta talde-lanaren garrantzia izan zen. Lidergo hurbila eta parte-hartzailea defendatu zuen, konfiantzan, enpatian eta aitortzan oinarritua, eta gogorarazi zuen lorpen handiak ahalegin partekatuaren ondorio direla beti. Promozioko kideak animatu egin zituen, halaber, Deusto Business Schoolen egindako prestakuntzan eraikitako harremanak zaintzera, ibilbide profesionalaren gidaritza hartzera eta beren aukerak sortzera, beldurrak aurrera egitea eragozten ez diezaien. Amaitzeko, arrakastaren kontzeptua definitzera eta bideaz gozatzera gonbidatu zituen, hurrengo urratsa emateko prestaketak, jarrerak eta ausardiak desberdintasuna markatzen dutela sinetsita.
Ondoren, musika eten labur baten ondoren, graduazio ekitaldiaren une nagusiari ekin zitzaion, eta Alfonso Gil López-Areal eta Saioa Eibar Rebollo Berrikuntza eta Kudeaketa Sanitarioko Aditua eta Zuzendaritza Nagusiko Aditu Programako parte-hartzaileak Graduazioko Konpromisoaren irakurketa ospetsua egin zuten, gaztelaniaz eta euskaraz, hurrenez hurren.
Oliver Pavel Onicak, Executive MBAko parte-hartzaileak, promozioko pertsona guztien izenean hartu zuen hitza, eta nabarmendu zuen, eskuratutako ezagutzetatik eta tresnetatik harago, Deusto Business Schoolen izandako esperientziak benetako lagunak egiteko, konfiantzazko loturak sortzeko eta arrakasta eta lidergoa ulertzeko modua zabaltzeko aukera eman diela. “Ikaskuntza hori, askotan, ikaskideekin partekatutako elkarrizketa, eztabaida eta esperientzietatik sortu da, eta pertsonei balioa eman zaie, prestakuntza etapa horrnetako ondare handienetako bat den aldetik”.
Deusto Business Alumniko presidente Anton Azlorrek ere parte hartu zuen ekitaldian. Haren kasuan, ikasle ohien komunitatera ongietorria eman zien graduatu berriei eta loturak ehuntzearen eta elkarrekin komunitatea eraikitzearen abantailak gogorarazi zizkien.
Azkenik, Macarena Cuenca Deusto Business Schooleko dekanoak hartu zuen hitza, Rigoberta Menchú Bakearen Nobel saridunak berriki egindako bisita gogoratzeko. Hark kontzientzia bizirik mantentzeko, erantzukizun indibidual eta kolektiboa nork bere gain hartzeko eta ezagutza giza duintasunaren zerbitzura jartzeko gonbita egin zien.
Gainera, egindako ahaleginak ospatzearen eta aitortzearen garrantzia azpimarratu zituen, eta bertaratuei gogorarazi zien Deusto Business Schoolek pertsonen duintasuna erdigunean jarriko duten liderrak prestatu nahi dituela, eta gradudunak animatu zituen beren esperientziak eta hartutako “Deustu espirituak” aldaketa positiboko motor izaten jarrai dezaten dauden lekuetan.
Ars Canticum Ensemble abesbatzak girotu zuen ekitaldia, eta “Gaudeamus Igitur” piezarekin amaitu zen.