Deusto Business Schoolek AMBA nazioarteko egiaztagiria berritu du

“AMBA” elkarteak (Association of MBAs) Deusto Business Schooleko Executive MBA programen egiaztagiria berritu du, eperik luzeenerako, hau da, bost urterako.

Portada del Folleto del Executive MBA

2025eko otsailak 11

Bilboko Campusa Donostiako Campusa Madrilgo Egoitza

Deusto Business Schoolek, Deustuko Unibertsitateko negozio eskolak, AMBA elkartearen (Association of MBAs) babesa jaso du, eskaintzen dituen bi Executive MBA programen –aurrez aurrekoa eta onlinekoa– egiaztagiria berritu baitu, eperik luzeenerako, hau da, bost urterako.

AMBA enpresa arloko graduondoko hezkuntza egiaztatzen duten munduko erakunde nagusietako bat da. Deusto Business Schoolek 2021ean lortu zuen lehen aldiz ziurtagiri hori. Urte horretan bertan, AACSBk (Association to Advance Collegiate Schools of Business) emandakoa ere lortu zuen.

Soilik Espainiako sei erakundek dituzte nazioarteko bi egiaztagiri; horrek munduko negozio eskola onenen % 2ren artean kokatzen du Deusto Business School.

68.000 ikasleko komunitatea

AMBAk emandako egiaztagiria berritzeak MBA ikasle onenen klubaren onurez gozatzen jarraitzea esan nahi du, bai Deustuko MBA Executiveko gaur egungo ikasleentzat eta bai ikasle ohientzat. Horiek guztiak 150 herrialde baino gehiagoko 68.000 ikasle eta ikasle ohik osatutako komunitate globaleko parte dira eta haiekin nazioarteko harremanak zabaltzeko aukera izango dute.

AMBAko egiaztatzaileek Deustuko MBA Executivetik igarotzeak dakarren esperientzia eraldatzailea nabarmendu dute, bai aurrez aurreko bertsioan, bai online bertsioan. Era berean, positibotzat jo dute programak berrikuntzarekiko duen konpromisoa, irakasleen kalitatea, eta enpresa komunitatean eragin positiboa bilatu nahi izatea, parte hartzaileek egiten dituzten ekintzailetza eta transferentzia proiektuen bidez.

Álvaro de la Rica Aspiunza Deusto Business Schooleko dekanoaren hitzetan, AMBAren babesak, DBSren Executive MBAren egiaztagiria berrituta, programa horren bidez berrikuntzaren, etengabeko hobekuntzaren eta eragin positiboa sortzearen alde egin den apustua aitortzen du. “Oso harro gaude AMBAk berriz ere egiaztagiria eman digulako, epe luzeenerako gainera, bost urterako. Horri esker, bere nazioarteko komunitate esklusiboko parte izaten jarraituko dugu”.

Horrelako nazioarteko egiaztagiriak lortzeko eta berritzeko nazioarteko beste negozio eskola batzuetako adituen azterketa prozesu zorrotza pasatu behar da, urte batzuetakoa sarritan.

Deusto Business Schooleko dekanoak erantsi du negozio eskolak bi egiaztagiri dituela, AMBA eta AACSB, eta horrek nazioarteko bikaintasunaren bidean aurrera egitea dakarrela.

Andrew Main Wilsonek, The Association of MBA (AMBA) eta Business Graduates Association (BGA) erakundeetako zuzendari exekutiboak, honako hau adierazi du: “Poz handia da Deusto Business Schoolek AMBAren egiaztagiria berritzea. Batzorde egiaztatzaileak negozio eskolako lantaldearen gogo bizia eta lidergoa nabarmendu zituen, eta horrek, argi eta garbi, kalitatezko esperientzia dakar ikasleentzat. Etorkizunean ere Deusto Business Schoolekin lankidetza estuan jarraitzea espero dugu”.

Plan estrategikoa

Deusto Business Schoolen plan estrategikoak AMBA eta AACSB nazioarteko egiaztagiriei EQUISek emandako egiaztagiria gehitzea aurreikusten du, Koroa Hirukoitza deiturikoa lortzeko.

Era berean, Deusto Business Schoolek 2024aren amaieran lortu zuen Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitate agentziaren egiaztapen instituzionala berritzea; 2030era arte izango du zigilu hori.