Deusto Business School-ek, AstraZenecarekin elkarlanean, Giltzurruneko Gaixotasun Diabetikoa kudeatzeko Lidergorako eta Ekintzailetzarako Programa bat jarri du abian

DBS y Astrazeneca programa Liderazgo

2023ko otsailak 07

Donostiako Campusa Campus Birtuala

Deusto Business School Health-ek, Deustuko Unibertsitateko negozio eskolako osasun unitateak, AstraZeneca konpainia biofarmazeutikoarekin elkarlanean, prestakuntza aitzindaria jarri du abian, giltzurruneko gaixotasun diabetikoaren eta osasun kudeaketaren inguruan.

Bi erakundeak aspalditik ari dira elkarlanean, prestakuntzaz baliatuta, Osasun Sistema Nazionala eraldatzeko bidean. Orain, Osasun Sistema Nazional osoko Endokrinologiako espezialistei zuzendutako programa hau garatu dute, Espainiako Endokrinologia eta Nutrizioko Elkartearen abal zientifikoa duena.

Giltzurruneko gaixotasun diabetikoa arazo larri bihurtu da, XXI. mendeko osasun arazo garrantzitsuenetako bat da, eta hala izaten jarraituko duela dirudi, prebentzio neurriak eta tratamendu metodo berriak ezartzen ez badira. Giltzurruneko gaixotasun diabetikoa I motako diabetes mellitusa (IDDM) duten pazienteen % 30ek eta II motako diabetes mellitusa (IIDDM) duten pazienteen % 40k garatzen dute, gutxi gorabehera, eta diziplina askok bat egin behar dute, tratamendu integrala lortu ahal izateko.

Errealitate horren aurrean, bi erakundeak lanean ari dira gero eta herritarren multzo handiago honi arreta eskaintzeko ereduetan berrikuntzak eta aurrerapenak egiteko, gaixo horien beharrak konplexuak direlako eta, horiei erantzuteko, arreta eta zaintza integratuak behar dituztelako.

Hala, berrikuntza esparru horretan sortu da programa hau, giltzurruneko gaixotasun diabetikoa duten pertsonak erdi-erdian jarriko dituen arreta eredu bat eraikitzeko abangoardiazko jakite zientifiko-teknikoa eskaintzeko. Programa nagusiki online formatuan egingo da; hala ere, datorren otsailaren 10ean, aurrez aurreko lehen saioa izango da, Donostian.

Diziplina askotako klaustro akademiko bat du, Osasun Sistema Nazional osoko erreferentziazko profesional klinikoak eta lehen mailako kudeatzaile eta erabakitzaileak uztartzen dituena. Horien guztiak zuzentzeko arduradunetako bat Javier Escalada doktorea da, Nafarroako Unibertsitate Klinikako Endokrinologia eta Nutrizio Saileko zuzendaria eta Espainiako Endokrinologia Elkarteko (SEEN) presidentea. Eskalada doktoreak adierazi du giltzurruneko gaixotasun diabetikoak gure gizarte eta osasun sistemari jartzen dion erronkari erantzuteko beharretik sortu zela. “Patologia horren prebalentzia gero eta handiagoak4, bere fisiopatologiaren eta konplikazioen inguruko jakite berriek, eta sendagai berrien agerpenak5 garbi arrazoitzen dute eguneratze zientifikoa behar dela. Baina, era berean, garrantzitsua da gaixotasunaren kudeaketa, emaitzen neurketa, pazienteen ahalduntzea eta berrikuntza gure lan ingurunean txertatzea, etengabe aldatzen ari den eta gero eta teknologikoagoa eta digitalagoa den ingurune batean”. Hain zuzen ere, gai horietako asko landuko dira ikastaroan.

Ana Pérezek, AstraZenecako Mediku eta Arautegi Gaietarako zuzendariak, azaldu du AstraZenecak konpromiso irmoa duela osasun arloko ekimen berritzaileak sustatzeko, pazienteen eta Osasun Sistema Nazionalaren beharrak oso kontuan izango dituztenak, osasun arloko profesionalei topaguneak eta ahalik eta prestakuntzarik onena eskainiz, beren lana hobeto egin dezaten.

Bestalde, Deustuko Zuzendaritzak adierazi duenez, erakundearen misioetako bat da erakunde jasangarrietan eta ikuspegi humanista dutenetan kudeaketan eta lanean ari diren profesionalen bidelagun izatea. Eta, ikuspegi horretatik, programa honek jakite berritzaileak eskuratzeko eta parte hartzaileen artean harremanak sendotzeko espazioak sortzeko aukera eskaintzen du, osasun sistema bikain bat hobetu eta sendotzeko behar diren aldaketak bizkortzen laguntzeko.