2026ko uztailak 06
Donostia-San Sebastián
Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Deusto Business School- Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak “Sebastian Iruretagoyena saria” eman zuen 2025-2026 ikasturteko EAZko Gradu Amaierako Lan onenari. Lan saritua “Plan estratégico de marketing para Shelter Surf-Salto Foundation” izan da, Ane Alberdi Martín, Naroa Espín Eizmendi, Olatz Lekuona Galarraga eta Salma Zubicaray Iribarren ikasleek egina eta "EAZko 2025-2026ko Gradu Amaierako Laneko Analisi Ekonomiko-Finantzario onenaren Sebastian Iruretagoyena saria”, bestalde, “Kubeko: plan de negozio para alquiler de trasteros a particulares” lanak jaso du, Martín Eizaguirre Alonso, Oier Goñi Aramburu, Aitor Morgado Gurruchaga, Marc Rossell Fort eta Fernando Salgueiro Jalón ikasleek eginak.
Sari honekin Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) Donostiako campusean egiten ari diren ikasleek Gradu Amaierako Lanean egindako ahaleginak aitortu eta sustatu nahi dira. Era berean, Sebastián Iruretagoyena irakaslea goraipatzea ere badu helburu, funtsezkoa izan baitzen Gipuzkoa inguruko ikasleen, zuzendarien eta enpresaburuen prestakuntzan. Iruretagoyena kontabilitateko, finantza analisiko eta finantzetako irakasle izan zen eta Gipuzkoako lehenengo MBA exekutiboaren zuzendari.
Saria Sebastián Iruretagoyena ESTEko irakasle zenaren lagunek eta familiak sustatu zuten eta 2021etik aurrera, ALCE Fundazioak hartu zuen haren ardura.
Jose Juan Ijurko ALCE Fundazioaren presidenteak eta David Iruretagoyena Sebastian Iruretagoyenaren semeak finalista guztiek egindako lana aitortu zuten eta irabazleak zoriondu zituzten. Asun Ibáñez Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko dekanordearen hitzetan, sariak Deusto Business Schoolen (DBS) Misioa eta Balioak nabarmendu nahi ditu. Fakultatearen helburua da profesional arduratsuak prestatzea, testuinguru globalean enpresa proiektu jasangarriak sustatu eta gidatzeko gai izango direnak, gizarte oparoagoa, zuzenagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko. Eta hori diziplina askotako jakintza sortuz egin nahi du, beste eragile batzuekin elkarlanean, gizartearen erronka nagusiei erantzuten laguntzeko. Sariak Sebastián Iruretagoyena zena gogoratu nahi du, 2009an hil zena. Iruretagoyena irakasleak ikasleen oroimenean jarraitzen du, enpresa jardueran aritzen diren guztientzat ezinbesteko gaiak irakasten zituelako. Kontabilitate eta finantza analisian espezialista zen eta ikasleek zenbakien atzean zer dagoen ikasten zuten. Hasieran hizkuntza kriptikoa zena, haren eskolen ondoren funtsezko tresna bihurtzen zen askorentzat.
Sariaren epaimahaia honakoek osatu dute: Asun Ibañez doktore andrea, Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko dekanordea (fakultateko dekano Macarena Cuenca doktore andrea ordezkatuz); Cristina Iturrioz-Landart doktore andrea, EAZko Gradu Amaierako Proiektuen koordinatzaile akademikoa Donostiako campusean; Rosa Cristobal andrea, Fakultateko Finantza eta Ekonomia Saileko kidea; David, Amaia eta María Iruretagoyena jaun-andreak, Iruretagoyena familiaren izenean; eta José Juan Ijurko jauna, ALCE Fundazioko presidentea. Lanak aztertzeko orduan, ikuspegi akademikoaz gainera, ekonomia, gizarte eta ingurumen eragina ere balioetsi dute, baita Unibertsitateaz kanpoko eragileekin elkarlanean aritzea eta errealitatearekin lotuta egotea ere. Zehazki, Deusto Business Schoolen Donostiako campuseko gradu amaierako proiektu gehienak benetako enpresa erronkak lantzeko egiten dira, bai ikasleek enpresekin enpresak planteatzen dizkieten behar espezifikoak landuz, bai enpresa ekimen berriak sortzeko negozio planak garatuz.
Sari honen hautagai izan daitezke ikasturte honetan Deusto Business Schooleko Donostiako campusean EAZko Gradu Amaierako Lana irakasgaian matrikulatuta dauden ikasle guztiak. Saria 2.000 eurokoa da EAZko Gradu Amaierako Lan Onenarentzat, eta 1.000 eurokoa, ekonomia eta finantza analisirik onena duen EAZko Gradu Amaierako Lanarentzat.