Deusto Business School Financial Times-en ranking-ean sartu da InCompany programekin

Financial Times Executive Education Ranking-a

2023ko maiatzak 23

Bilboko Campusa Donostiako Campusa Madrilgo Egoitza

2023ko Financial Times (FT) Executive Education Custom ranking-ak munduko 75 negozio eskola onenen lana soilik aintzatesten du, neurrira egindako Executive Education programen atalean. Aurtengo edizioan, FTk 59. postuan kokatu du Deusto Business School.

Gainera, Deusto 4. tokian dago Espainiako negozio-eskolen artean, eta 22. postuan mundu mailan, emandako prestakuntzaren ondoren bezero diren enpresei egiten dien jarraipenagatik.

FTren Executive Education Custom ranking-ak negozio eskoletako hainbat faktore kontuan hartuta egiten du sailkapena, bezero diren enpresen gogobetetasun globala, programen nazioarteko irismena, programan zehar eta ondoren enpresei egindako jarraipena, edo enpresaren eta langileen helburu eta itxaropenak betetzea, besteak beste.

Executive Education unitateak lehenengoz parte hartu du FTren ranking-ean, nahitaezko baldintza baita nazioarteko akreditazioak izatea parte hartzeko; Deusto Business Schoolek 2021ean lortu zituen akreditazioak: AMBAren eta AACSBren zigiluak.

Álvaro de la Rica Deusto Business Schooleko dekanoak adierazi duenez,” In Company programak Financial Times-en ranking-ean sartzen lagundu duten arrazoien artean daude enpresek duten gogobetetasun maila altua beren profesionalei eman diegun prestakuntzarekin, gure irakasleen aniztasuna edo gure bezeroen zorroan dugun nazioarteko enpresen ehunekoa”

Bestalde, Deusto Business School-eko zuzendari nagusi Almudena Eizaguirrek adierazi duenez, “ranking-ean maila nabarmena dugu enpresen erronkei bete-betean erantzuten dieten prestakuntza proposamenak egiten dizkiegulako, betiere ikuspegi humanista demokratikoa goiburu hartuta”.

Aitorpen honekin, bigarrenez sartu dira Deusto Business Schooleko programak Financial Times ospetsuaren ranking batean. 2022ko irailean, European & International Business Management masterra munduko 45 onenen artean kokatu zen Masters in Management programei eskainitako ranking-ean. 

15 urteko ibilbidea du Executive Education-en InCompany programen arloak, enpresentzat neurrira egindako prestakuntza diseinatzen eta eskaintzen. Urtero, tamaina eta sektore desberdineko enpresetako 1.000-1.500 pertsonak egiten dute InCompany prestakuntzaren bat. Horretarako, Deusto Business School-ek prestakuntza programa bat diseinatzen du enpresa bakoitzarekin, bere beharretara, etorkizuneko erronketara, profiletara eta denboretara egokitzeko, eta erakunde bakoitzean ahalik eta azkarren eragin positiboa sortzeko.

Deusto Business School-ek bikaintasunarekiko konpromisoari leial eutsi eta aurrera egiten jarraitzen du nazioartekotze eta kalitate prozesuetan, eta emaitza horiek nazioarteko izaera duten aitorpenetan islatzen dira.