Deusto Business Schoolek AMBA nazioarteko akreditazioa jaso du eta munduko eskoletan % 2 onenen artean kokatu da

Deusto Business Schoolek, Deustuko Unibertsitateko negozio eskolak, AMBA (Association of MBAs) akreditazioa jaso du, graduondoko enpresa arloko hezkuntzako munduko garrantzizkoenetariko bat. Kalitateko zigilu garrantzitsu hori AACSB (Association to Advance Collegiate Schools of Business) ospe handiko akreditazioari gehitu behar zaio, munduko gorengo mailako eskolak aitortzen dituenari. Deusto Business Schoolek apirilean jaso zuen azken zigilu hori. Sei erakunde espainiarrek baino ez dituzte nazioarteko bi akreditazio. Gauzak horrela, Unibertsitatea munduko negozio eskola onenen artean kokatzen du, % 2 onenen artean, hain zuzen.

Deusto Business Schoolek AMBA nazioarteko akreditazioa jaso du eta munduko eskoletan % 2 onenen artean kokatu da

2021eko azaroak 12

Bilboko Campusa

57.000 ikasleko komunitatea

AMBAren aitorpen horrekin, Deusto Business School graduondoko enpresa arloko hezkuntzan gorengo mailan kokatzen da. Akreditazioak DBSko Executive MBAren kalitatea azpimarratzen du bereziki, nazioarte mailako bikaintasun estandarrik altuenak betetzen baititu. Deusto Business Schooleko Executive MBA egin duten ikasleen eraldatze esperientzia balioetsi du bereziki akreditazio batzordeak.

AMBA lortzeak MBA ikaslerik onenen klubean sartzea esan nahi du Deustuko Executive MBAko egungo ikasleentzat eta Alumnientzat, 150 herrialde baino gehiagotako 57.000 ikasle eta ikasle ohik osatzen duten komunitate globalean sartzea, hain zuzen, harremanak eta nazioarteko kontaktuak zabaltzeko bidea ekarriko dien akreditazioa baita.

AMBAren akreditazio taldeko kideek, mundu osoan erakunde horrek akreditatutako negozio eskoletako goi zuzendaritzako ordezkariek, irakasleen eta Eskolako langileen konpromisoa nabarmendu dute, baita dekanoaren eta zuzendaritza taldearen aldaketarako eta etengabeko hobekuntzarako bultzada ere. Deusto Business Schoolek enpresen komunitatearekin dituen garrantzizko loturak ere aipatu ditu akreditazio batzordeak. Azkenik, nabarmendu du eskolak Executive MBAko parte hartzaileei eta ikasle guztiei ikaskuntza esperientzia benetan eraldatzailea eskaintzen diela.

Deusto Business Schooleko dekano Álvaro de la Ricaren hitzetan, akreditazio berri honek beste bultzada bat ematen dio eskolari bere misioan, berrikuntzan eta eragin positiboa sortzen aritzeko. Izan ere, nazioarteko akreditazio hauek lortzeko, atzerriko beste negozio eskola batzuetako komunitateko aditu homologoen berrikusketa prozesu sakona eta zorrotza jaso behar da eta zeregin horrek urteak behar izan ohi ditu. Prozesu zabal horrek bermatzen du negozio eskola akreditatuek badituztela beharrezko baliabideak, egiaztagiriak eta konpromisoa ikasleei etorkizunera bideratutako lehen mailako enpresa arloko hezkuntza emateko.

Horregatik guztiagatik, dekanoak eskerrak eman nahi izan dizkie irakasleei, langileei, ikasleei, ikasle ohiei eta enpresa komunitateari, AMBA zigilua lortzeko eman duten laguntzagatik. “Oso harro gaude nazioarteko akreditazio hau jaso dugulako eta pozarren egiten dugu bat AMBA komunitatearekin. Aitorpen honek balioak ardatz hartzen dituzten programekin dugun konpromisoa sendotzen du, balio horiei esker, lidergo humanistaz baliatzen baikara gizarteari zerbitzu emateko”. “Akreditazio bikoitzari esker, Deusto Business Schoolek nazioarteko bikaintasun bidean aurrerapausoa eman du”, erantsi du.

Andrew Main Wilson The Association of MBA (AMBA) eta Business Graduates Association (BGA) elkarteetako zuzendari exekutiboak, bere aldetik, hau adierazi du “Oso pozik ematen diogu ongietorria Deusto Business Schooli AMBA sarera. AMBAk mundu mailan eskolen % 2 onenak akreditatu ditu; hortaz, Deustuk lortu du nazioarteko aitorpen hori. Espero dugu etorkizunean Deusto Business Schoolekin estu-estu lan egitea.

AMBAri buruz

Association of MBAs (AMBA) nazioarteko aditu inpartziala da graduondoko enpresa arloko hezkuntzan 1967tik. Profila eta kalitateko estandarrak mundu mailan igotzeko konpromisoa hartua du negozio eskola, ikasle, ikasle ohi eta enplegu emaileentzat. Erakundearen akreditazio zerbitzua MBA eta kudeaketako graduondoko beste programa batzuen mundu mailako estandarra da eta, gaur egun, 70 herrialde baino gehiagotako negozio eskolen arteko % 2 onenak akreditatzen ditu (286 negozio eskola).

MBA programetako ikasleak eta gradudunak, akreditatutako negozio eskolak eta mundu osoko MBA enplegu emaileak lotzen dituen elkarte profesional bakarra da. Izan ere, pertsona horiek zerbitzu eta onura berezietarako sarbidea dute, goi mailako ekitaldietara eta prestakuntzara, besteak beste.

www.associationofmbas.com