Deusto Business Alumnik, BBVArekin lankidetzan, enpresa zibersegurtasunari buruzko topaketa egin du

DBA Zibersegurtasunari buruzko topaketa

2023ko maiatzak 17

Donostiako Campusa

Deusto Business Alumnik, BBVArekin lankidetzan, enpresaren zibersegurtasunari buruzko topaketa egin zuen, maiatzaren 17an, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Foro Aretoan (Larramendi eraikina). Oraingoan, eztabaida mahaia egin zen, eta hauek izan ziren parte hartzaileak: Javier Calahorra, BBVA Espainiako segurtasun arkitekturako arduraduna, Jennifer Sesmero, BBVAko Zibersegurtasun arloko talentu eta prestakuntzaren arduradun globala, Xabier Mitxelena, Cybertixeko CEO (Newco) eta Cybasqueko presidentea, Pablo García Bringas, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanordea. Moderatzailea Leyre Madariaga izan zen, Eusko Jaurlaritzako eraldaketa digitaleko eta ekintzailetzako zuzendaria.

Agustín Garmendiak, Deusto Business Alumniko lehendakariak, ongietorria egin zuen eta eskerrak eman zizkien kolaboratzaile eta bertaratu guztiei jardunaldian parte hartzeagatik, eta ekitaldiaren nondik norakoak zehaztu zituen. Ondoren, Carlos Gorriak, BBVAko iparralderako lurralde zuzendariak, BBVAn segurtasun gaiei buruz bizitako pasadizoren bat kontatu zuen, eta gaur egun komunikabideetan ikus daitezkeen segurtasun arazoei buruzko ekintza batzuk aztertu zituen. Haien erakundeak gai horren inguruan egiten duen lanari buruz ere hitz egin zuen, bi ardatzetan oinarrituta: langile guztiak prestatzea arazo horiek antzematen jakin dezaten, eta bezeroekiko harremanak ere bai, eta guztiei ohartaraztea, etengabe, zer arrisku dituzten.

Ondoren, mahai ingurua egin zen, Leyre Madariaga moderatzailearen azalpen batekin, Eusko Jaurlaritzatik zibersegurtasunaren gaia bultzatzeko egiten ari diren ekintzak eta egoera azaltzeko. Gai hori funtsezkoa da enpresa munduan, linean erabiltzen diren eta enpresen eragiketak eta ospea arriskuan jar dezaketen datu guztiak defendatzera bideratuta baitago. Horrela, industria zibersegurtasunaren euskal ekosistema ere ezagutu ahal izan zen laburki.

Eztabaida mahaiari hasiera emateko, hizlari bakoitzak bere enpresetako egungo egoerari buruzko azalpen laburra eman zuen. Aldi horretan, gaurko mundu hiperkonektatuaz eta horrek dakartzan zibersegurtasunaz hitz egin zen, baita arrisku maila hori murrizteko egin beharrekoaz ere; ez soilik enpresa gisa, baita maila indibidualean ere. Arrisku horiek minimizatzeko, ziber erasotzaileen modus operandia zein den jakin behar dugu, eta hori korapilatsua da, baina ez ezinezkoa, eguneroko kontrol ohiturak baditugu. Hizlariek nabarmendu zuten ez dela presaka jokatu behar, iristen zaiguna irakurri behar dela eta inoiz ez pentsatu “niri ez zait gertatuko”; labur esanda, adi egon behar dugu.

Arriskua minimizatzen ari gara, ikerketan inbertitzen ari garelako, mugarri garrantzitsuak lortzen ari garelako, baina asmo txarrez baliatzen diren trikimailuak ere agertzen dira, dena atzera itzul dadin. Azken batean, etengabeko borroka da hau, eta ezin da gelditu. Mahaian aipatu zuten hemengo ekintzaileengan konfiantzarik ez dugula, eta konfiantza handiagoa dugula multinazionalengan. Enpresa bakoitzean ikusi behar ditugu hackerrek aurki ditzaketen zuloak, arriskua minimizatzeko.

Eztabaida mahaian talentuaz ere hitz egin zen, konpainientzat gero eta zailagoa baita talentua aurkitzea, arlo teknikoan eta teknologikoan profesionalik ez dagoelako. Eta, bereziki, emakumeen talentua. Stem ikasketak dituzten pertsonak behar dira, zibersegurtasunaren mundu berritzaile batean lan egin nahi dutenak.

 

Enpresa Zibersegurtasunari buruzko Topaketa