Deustok ozen adierazi du emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako jarrera, indarkeria mota hori Ezabatzeko Nazioarteko Egunean

Elkarretaratzea azaroaren 24an izan da, ostiralean, eta astean zehar hainbat ekimen izan dira emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerraraztea aldarrikatzeko

Elkarretaratzeak campusetan

2023ko azaroak 24

Bilboko Campusa Donostiako Campusa

Urtero bezala, Azaroaren 25ean Deustuko Unibertsitateak bat egiten du Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin. Egun horretan, unibertsitateko elkarteak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso esplizitua berresten du eta bere egiten du berdintasun horren alde lan egiten jarraitzeko asmoa, jakinik oraindik asko dagoela egiteko ingurune erabat seguruak eta berdintasunezkoak bermatzeko.

Konpromiso hori ikusarazteko, ostiralean, azaroaren 24an, elkarretaratzeak egin dira Bilboko campusean (Memoriaren plazan, 10:50etik 11:10era) eta Donostiakoan (Larramendi eraikineko sarreran, 10:45etik 11:00etara). Elkarretaratze horietan Unibertsitateko hainbat pertsonak, tartean Juan Jose Etxeberria errektoreak, ahotsa jarri diote emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko borrokari.

Errektorearen hitzak

Gainera, Bilboko eta Donostiako campusetan, hainbat jarduera egiten ari dira aste osoan, azaroaren 25a aldarrikatzeko eta, horrekin batera, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko oraindik egiteko dagoen bidea gogorarazteko.

Zehazki, Bilboko campusean, "Ahaztuko ez ditugun emakumeak" erakusketa egon da ikusgai, Euskal Autonomia Erkidegoan indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak oroitzeko. Azaroaren 17tik 27ra izango da, IIBZ Liburutegiko 1. eta 2. solairuetan. Halaber, sare sozialen eta, bereziki, whatsappen bidez, egiten den indarkeria matxista psikologikoaren aurkako kanpaina ere izan da (ikasleekin stand interaktibo bat izango da, azaroaren 23an). Horrekin batera, sexu jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren protokoloari buruzko informazio liburuxkak banakatu dira, baita indarkeria matxistari lotutako baliabideei buruzkoak ere.

Donostiako campusari dagokionez, indarkeria matxista mota desberdinei buruzko komiki-bineten erakusketa bat burutu da azaroaren 20tik 30era Larramendi eraikinean, baita ikasleek diseinatutako kamiseten erakusketa bat ere, "The Clothesline project" delakoaren esparruan, indarkeria matxistako egoerak ikusarazteko, azaroaren 20tik 30era, Arrupe eraikinean. Horiez gain, Aldara Castañedaren argazkien erakusketa, azaroaren 2tik 30era kafetegian; eta "Tratu txarren biktimen hilerria" erakusketa, azaroaren 20tik 30era Liburutegiko sarreran. Azaroaren 23an "La mujer sola" antzezlana taularatuko da, 17:00etan Antzokian (Instagramen emango da zuzenean), eta Leire Aramburuk horma irudi bat sortu du, zuzenean, egun horretan bertan, goizez. Azkenik, Meyiro Mugendo klubeko Jesús Platónek emakumeentzako defentsa pertsonalari buruzko masterclass bat eskaini du, eta azaroaren 28an, 14:00etan, Innogune eraikineko Tokiski Aretoan “Ez ukatu” tailerra egin da, gorroto diskurtsoen eta berdintasunaren aurkako negazionismoei buruzkoa. Tailer horren osagarri, erakusketa interaktibo bat egon da Arrupe eraikinean, azaroan.