2023ko irailak 15
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak Nazioarteko Olinpiar Batzordearen ziurtagiria jaso du Olinpiar Ikasketen Unibertsitate Zentro gisa. Bereizgarri horrekin, Deusto Sports & Society (DSS) ikerketa-taldeari aitortzen zaio, Olinpiar Mugimenduari eta Olinpiar Jokoei buruzko irakaskuntza, ikerketa, argitalpenak eta hitzaldiak sustatzeko egindako lanagatik.
Olinpiar ikasketa eta ikerketetarako unibertsitate zentroa unibertsitateko ekimena da, eta irakasle, ikertzaile eta ikasleek (graduondokoek) egindako ekarpenari esker funtzionatzen du. Haren helburua da ezagutza olinpikoa sortzea edo zabaltzea, batez ere unibertsitateko ikasleen artean (baina talde gehigarrietara ere jo daiteke), jarduera akademikoen bidez (ikastaroak, ikerketa, argitalpenak eta hitzaldiak).
Azken hamarkadetan, unibertsitateko olinpiar ikasketa zentroen kopuruak gora egin du. 90eko hamarkadaz geroztik, NOBko Olinpiar Ikasketetarako Zentroak harreman erregularra du zentro horiekin, eta ezagutza olinpikoa aberasten eta zabaltzen laguntzen duten zentroen zerrenda argitaratu du, bai unibertsitate komunitatearen barruan, bai kanpoan. Orain, zentro horietako bat Deustuko Unibertsitateko Olinpiar Ikasketen Zentroa da.
Deusto Sports & Society
Prestigiozko "label" hori DSS taldearen lanari esker lortu da. Talde horren ikerketa, bereziki, gizabanakoen osasun fisikoari mesede egin diezaioketen ezaugarriekin lotutako alderdiak aztertzeaz arduratzen da. Hala ere, jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako beste esparru batzuk ere aztertzen ditu, hala nola soziala, psikologikoa, hezkuntzakoa eta/edo aisialdiarekin lotutakoa.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien graduak (CAFyD) Deustuko Unibertsitatean lortu duen sendotasunak, era berean, klaustroa finkatzea ahalbidetu du, eta klaustroaren barruko profilen aniztasuna handituda. Horren ondorioz, beharra sortu da ezagutza kirol-esparru gehiagotara zabaltzeko, besteak beste, olinpiar ikasketetara.
Maite Aurrekoetxea ikertzaile nagusiaren zuzendaritzapean, honako hauek osatzen dute lantaldea: Itziar Urquijo, Eneko Sánchez, Itsaso Leunda, Alain Garalde, Yolanda Lázaro, Olatz Zabala, Xabier González, Erika Borrajo, Isabel Rubio eta Lander Hernández.