2025eko azaroak 15
Bilboko Campusa Donostiako Campusa
Deustuko Unibertsitateak informazio saioak hasiko ditu, hitzordu garrantzitsua 2026-27 ikasturterako ikasketen eskaintza bertatik bertara ezagutu nahi duten etorkizuneko ikasleentzat. Azaroaren 15etik abenduaren 2ra bitartean, interesdunek aukera izango dute aurrez aurreko, onlineko edo modu hibridoko topaketetan parte hartzeko. Horietan, irakasleek eta ikasleek hainbat gairen inguruko zalantzak argituko dituzte: ikasketa planak, lan irteerak, onarpen prozesua, praktikak, nazioarteko truke eta unibertsitateko bizitza. Saioetan parte hartzeko izen emateak zabalik daude dagoeneko, helbide honetan: deusto.es/sesiones
Datorren ikasturteko berrikuntza nagusien artean “Ikus-entzunezko Sorkuntza” titulu propio berria nabarmentzen da, oso-osorik euskaraz izango dena, Komunikazioko graduarekin lotuta. Gero eta digitalagoa eta bisualagoa den ingurune batean, titulazio honek gaur egungo ikus-entzunezko narratiba erabiltzeko eta kalitatezko edukiak sortzeko gai izango diren profesionalak prestatu nahi ditu, formatu berriei buruzko ikuspegi sortzaile eta kritiko batekin.
Gainera, Hizkuntza Modernoetako edo Euskal Hizkuntza eta Kulturako ikasleei “Language & Technology” titulu propioa eskainiko zaie. Programa ingelesez emango da, eta hizkuntzekin batera, tresna digitalak landuko dira, adimen artifiziala, itzulpen automatikoa edo txatbotak adibidez, eraldaketa digitaleko eta hizkuntza aniztasuneko proiektuen gidaritza hartzeko profesionalak prestatzeko.
Etorkizunera bideratutako graduondoak
Era berean, azaroaren 17an hasiko dira graduondoko informazio saioak, guztiak online formatuan. Deustuko Unibertsitateak informazio zehatza emango du eskaintzen dituen masterren eta espezializazio programen inguruan, hainbat arlotan: Hezkuntza eta Kirola, Osasuna, Zuzenbidea, Enpresa, Ingeniaritza, Gizarte Zientziak eta Politika eta Nazioarteko Harremanak.
Programa berrien artean daude Jasangarritasunaren Kudeaketako Unibertsitate Masterra, XXI. mendeko ingurumen eta gizarte erronkekin konprometitutako profesionalak prestatuko dituena, eta Fisioterapia Zainketa Intentsiboen Unitatean Aditu Programa, ospitale ingurune kritikoetan espezializatzeko gero eta eskari handiagoari erantzuteko diseinatua. Saio horietako izen emateak helbide honetan egin daitezke: deusto.es/sesionesmaster