Deustuk ateak irekiko dizkio talentuari Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren XX. edizioan

70 enpresa eta erakunde hurbilduko dira otsailaren 26an eta 27an Unibertsitatera etorkizuneko profesionalen bila

Foroa unibertsitateko klaustroetan egingo da

2025eko otsailak 26

Bilbao

Deustuko Unibertsitateak talentuari ateak irekiko dizkio otsailaren 26an eta 27an, Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren XX. edizioan. Hitzordu klasikoa da jada Unibertsitatean eta 2.000 ikasle eta tituludun berri baino gehiago batuko ditu lan baten bila. Horretarako, sektore guztietako 70 enpresa eta erakunde baino gehiagori dei egin zaie eta foro horretara hurbilduko dira etorkizuneko profesionalak bilatu eta errekrutatzeko. Standez gain, jarduera ugari antolatu dira lan merkatura irteteari begira hobeto prestatzeko.

Horien artean, azpimarratzekoa da sektoreko adituekin egingo diren hainbat mahai-inguru. Unibertsitateko fakultateekin lankidetzan antolatuta, gai hauetan sakonduko dute: aholkularitzako, bankako, AAko eta Big Datako azken joerak, industriaren eraldaketa digitala eta jasangarritasuna, entrenamendu fisikoa, kirol-entrenamendua eta turismoa, eta Europako erakundeetan lan egiteko aukerak. Danone, Amazon, Ertzaintza edo Udaltzaingoa bezalako enpresen eta erakundeen aurkezpenak, Lanbiderekin solasaldiak eta beste erakunde batzuekin tailerrak ere izango dira, besteak beste, Rural Kutxarekin eta Abanterekin.

Foroak 20 urteko ibilbidea du, eta unibertsitateak garapen profesionalarekin eta lan munduratzearekin duen konpromisoaren erakusgarri da. Izan ere, Deustuko Unibertsitatearentzat, enplegagarritasuna da unibertsitateko talentuarekin erantzutea beharrei eta tituludunei laguntzea lan-merkaturako prestatzen. Laneratzeari buruzko azken datuek argiro bermatzen dute hori, ikasketak amaitu eta 3 urtera Deustuko graduatuen enplegu-tasa % 92ra igo baita. Jarduera-tasari dagokionez, % 91koa da. Horrek esan nahi du graduatu berri diren hamar pertsonatatik bederatzik titulua lortu bezain laster ekin ziotela lana bilatzeari.

Datu gehiago: Lehen enplegua bilatzeko batez besteko denbora 3 hilabetekoa da, ikasketekin lotutako enplegua % 78koa da, eta inkestatutako pertsonen % 94k zerbitzuen sektorean egiten dute lan. Enplegu egonkorrak guztizkoaren gainean duen pisua % 68 da, eta % 76k Euskadin lan egiten du eta bertan bizi da.

Foroaren inaugurazioa

Enplegu eta Ekintzailetza Foroa ASTEAZKENEAN inauguratuko da, otsailaren 26an, 9:00etan, Deustuko Unibertsitateko liburutegiaren atarian, Juan Jose Etxeberria Deustuko Unibertsitateko errektoreak aurkeztuko duen gosariarekin. Ondoren, Marta Aguilarrek, Deusto Business School-Madrileko zuzendari korporatiboak, “Líderes que cuidan las personas” (“Pertsonak zaintzen dituzten liderrak”) hitzaldia emango du. Ondoren, “Enplegu unibertsitarioa, talentua erakartzea eta atxikitzea” solasaldia eskainiko da.

Euskadiko Cadena SER irrati-kateko zuzendari Begoña Marañónek zuzendutako eztabaida horretan, Susana González Bizkaiko Foru Aldundiko Enpleguko zuzendari nagusia, María Teresa Martínez Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendaria, Kontxi Claver Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Turismo eta Enpleguko zinegotzia eta Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendaria izango dira.

Egunak: Otsailaren 26a eta 27a
Lekua: Deustuko Unibertsitateko klaustroak
Inaugurazioa: otsailaren 26an, 9:00etan, Deustuko liburutegiaren atarian (4. solairua)

Informazio gehiago