Deustu Espainiako 5. unibertsitaterik onena, CyD rankingaren arabera, eta 11.a U-Multirank-en arabera

Berriak

2022ko ekainak 21

Bilboko Campusa Donostiako Campusa Madrilgo Egoitza

Deustuko Unibertsitateak estatuko unibertsitate onenen arteko 11. postuan kokatzea lortu du bikaintasun-adierazleen kopuruari begira, gaur, ekainak 21, U-Multirank rankingak argitaratutako emaitzen arabera. Europako Batzordeak sustatutako erreferentziazko sailkapen horrek 96 herrialdetako 2.200 unibertsitate baino gehiago aztertzen ditu, horietatik 76 espainiarrak, eta 5 dimentsio hartzen ditu kontuan: irakaskuntza eta ikaskuntza, ikerketa, jakintzaren transferentzia, nazioarteko orientazioa eta eskualdeko garapenari egiten zaion ekarpena.


Deustuko Unibertsitatea posizioa hobetzen joan da eta edizio honetan 11 adierazle lortu ditu “Oso ona” baloraziorik gorenarekin eta beste 11 “Ona” kalifikazioarekin. Sailkapenak hoberen baloratu dituen alderdien artean ikasleen mugikortasun gero eta handiagoa eta hezkuntza digitalean egindako inbertsioa daude. Bikainen artean daude, halaber, ikerkuntza-ekoizpena sarbide irekian eta jakintzaren transferentzia eta entitate eta beste erakundeekiko harremana. Era berean, Deustuk toki nabarmena lortu du inguru geografiko hurbilean lan egitea lortzen duten gradudun eta masterretako tituludunen ehunekoan ere.


Europako eta estatuko erreferentzia Informatikan


Aurten U-Multirank rankingak Informatikako Ingeniaritzaren ikasketa-eremua baloratu du eta Deustu Espainiako 5. unibertsitate onena da eta Europar Batasuneko 20 unibertsitate onenen artean kokatzen da arlo horretan.


Top 5ean, CyD-ren arabera


Emaitza on horiek bat egiten dute joan den astean Fundación Conocimiento y Desarrollo rankingak, CyDk, emandakoekin. Izan ere, Deustuko Unibertsitatea Estatuko 5 unibertsitate onenen taldean baitzegoen ebaluatu diren 79 zentrotatik.


José María Guibert errektorearen hitzetan, sailkapen hauek Deustuko Unibertsitateak unibertsitateko misioaren arlo nabarmenetan jarduna hobetzeko duen bide ona berresten dute, unibertsitatearen ondoz ondoko plan estrategikoetan ezarritako politiken ezarpenari esker. Zentzu horretan, "jarduera akademikoaren, irakaskuntzaren eta ikerketaren kalitatea, enplegagarritasuna eta ekintzailetza, nazioarteko ikuspegia, baita gizarte-eragina eta gizartera begirako zerbitzua ere, gure konpromisoa eta ekarpena gidatzen duten funtsezko elementuak” direla adierazi du.