Deusto - Bizkaia Ekintzailetza eta Berrikuntza Globaleko Sarearen Nazioarteko I. Topaketa amaitu da Unibertsitatean

Masterreko partaideak

2025eko uztailak 14

Bilboko Campusa

Unibertsitateak uztailaren 10ean egin zuen Deusto-Bizkaia Ekintzailetza eta Berrikuntza Globaleko Sarearen lehen edizioaren amaiera ekitaldia. Deustuko Unibertsitatea buru duen ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan. Proiektu honen helburua da STEM talentu latinoamerikarra erakartzea eta berrikuntza ekosistema indartzea, inplikatutako eragile guztien arteko sareko lankidetzaren bidez, pertsonak ardatz harturik. Ekitaldi horren esparruan, Berrikuntza eta Teknologiako Master Dualaren lehen promozioaren graduazioa ere egin zen. Prestakuntza horrek ikaskuntza akademikoa eta Bizkaiko enpresa sareko enpresetan egindako egonaldiak uztartzen ditu. 

Ekitaldian, Maria Jose Arangurenek, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako errektoreordeak, Ekintzailetza eta Berrikuntza Globaleko Sarearen helburua nabarmendu zuen: gure lurraldera STEM talentua erakartzea, Europan erronka demografikoek markatutako testuinguruan. Eskerrak eman zizkien bereziki Bizkaiko Foru Aldundiari eta Bizkaia With The Talent ekimenari, unibertsitate, enpresa eta erakundeak batzen dituen proiektu baten alde egindako apustuagatik, pertsonen hazkundea, hezkuntza eta lankidetza bultzatzeko. AUSJAL Sareko Latinoamerikako unibertsitate jesuitekiko lankidetza eta testuinguruak eraldatzeko eta aukerak sortzeko nazioarteko aliantzen balioa ere nabarmendu zituen.

Ildo horretatik, Garbiñe Henryk, Berrikuntza eta Ekintzailetzako zuzendariak, adierazi zuen «Ekintzailetza eta Berrikuntza Globaleko Sarea Deustuko Unibertsitatearen eta Latinoamerikako 14 unibertsitate jesuitaren arteko sareko batasunari esker sortu zela, unibertsitateen artean berrikuntzaren eta ekintzailetzaren arloko loturak indartzeko eta lankidetzan aritzeko helburuarekin. Helburuetako bat talentua gure lurraldera erakartzea da, eta hori lortzeko Deustuko Unibertsitateak Sarearen esku jarri duen tresna Berrikuntza eta Teknologiako Master Duala da. Horri esker, ikasturte honetan STEM prestakuntza edo esperientzia zuten Latinoamerikako 21 parte-hartzaile etorri ahal izan dira Bizkaira.»

Ekitaldian mahai-inguru bat ere egin zen, Eragile Ekonomiko eta Sozialekiko Harremanetarako Unitateko zuzendari María Lambarrik moderatuta. Bertan, edizio honetako parte-hartzaileen eta enpresa laguntzaileen testigantzak partekatu ziren. Horretarako, Vanessa Magui, Talent Development Manager (Haizea Bilbao) eta Xabier Nieto (Grupo Fertor) izan ziren enpresen ordezkari.

Bestalde, Perúko Julissa Sánchez (Sidenor) eta Mexikoko Paola Ibarra (Laboral Kutxa Masterrean) izan dira parte-hartzaileen ordezkariak. Gainera, aitorpen publikoa egin zitzaien lehen edizio honetako 22 enpresa laguntzaileei: Alba Energy, BBVA Technology, CAF Signalling, Deloitte, Grupo Fertor, Gestamp, Haizea Bilbao, Iberdrola, IDOM, Laboral Kutxa, Liftra, N World, NTT Data, Petronor, PharmaBioServ, Saitec, Sener, Sidenor, Tecnalia, Teknei, Vicomtech eta Zyonia. 

Opari gisa, diseinu jasangarriko pieza bat eman zieten, Deustuko Unibertsitateak Donostiako campusean duen Innogunen Gotaa Lab startupak birziklatutako arrantza-sareekin egina.

Ondoren, Andoni Eguíluz Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Janire Gordon Masterreko zuzendariak eta Irene Cuesta Etengabeko Prestakuntzako eta Prestakuntza Dualeko zuzendariak diplomak, bandak eta opariak eman zizkieten masterrean parte hartu dutenei. Aldez aurretik, dekanoak nabarmendu zuen master hau profesionalak prestatzeko moduaren adibide argia dela, lankidetzan Bizkaiko enpresen errealitatea eralda dezaten. Halaber, azpimarratu zuen haien lanaren balioa erakunde esponentzial batean, non erronka teknologikoei berrikuntzatik aurre egiteko talentu gaztea eskatzen duen. 2024-2025 promozioak 5 herrialdetako -Mexiko, Kolonbia, Peru, Uruguai edo Argentinako- profesional gazteak izan ditu eta dualtasuneko egonaldia enpresa horietan egin dute.

Jardunaldia amaitzeko, José Luis Larreak, Deusto Social Laben Aholku Batzordeko presidente eta Deustuko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluko kideak, hitzaldi bat eman zuen, izenburu honekin: “El desafío del talento: atraer, acoger y arraigar”. Hitzaldi horretan, eraldatzen ari den mundu batean talentuak dituen erronka handiei heldu zien, eta gure lurraldeetan pertsonak erakartzeko, hartzeko eta errotzeko beharra nabarmendu zuen, ikuspegi guztiz gizatiar batetik, eta horretarako erakunde publikoek, enpresek eta hezkuntza-erakundeek lerrokatuta eta lankidetzan lan egin beharra. Defendatu zuen talentua ez dela baliabide bat, baizik eta errealitate bizi, pertsonal eta erlazional bat, loturak, helburu partekatuak eta garapena erraztuko duten inguruneak behar dituena.

Azkenik, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko foru diputatuak positibotzat jo zuen lankidetza publiko-pribatua, lurraldea eraldatzeko eragile gisa.