2025eko apirilak 21
Bilboko Campusa Donostiako Campusa Gasteizko Egoitza Madrilgo Egoitza
Deustuko Unibertsitateak bat egiten du Eliza unibertsalaren otoitzarekin, Frantzisko aita santuaren heriotzan. Une honetan tristura sentitzen badugu ere, haren bizitzak, Kristoren misioari erabat emanak, eta haren aitasantu aldiak esker on handiz eta zinezko itxaropenez betetzen gaituzte.
Juan José Etxeberria (SJ) Deustuko Unibertsitateko errektoreak Frantziskoren aitasantutzaren garrantzi historikoa azpimarratu nahi izan du. Izan ere, “askotariko norabideetan marraztu ditu misiobideak, Elizan misiorako ausardi konbentzituagoa eta esanguratsuagoa sustatuz”. Haren ustez, Frantzisko aita santuak "Eliza errukitsua eta hurbila nahi izan du, Eliza pobrea eta pobreentzakoa, mugetan dirauena, elkarrizketarako eta diszernimendurako irekia, baita interpelatzen duten gaietan ere".
Halaber, nabarmendu duenez, “mehatxuak eta gatazkak indartu diren garai honetan, Frantzisko aita santua bakea eskatzetik harago joan da, eta sendo adierazi du benetako bakeak justiziarekiko konpromisoa eskatzen duela, gatazken arrazoi sakonei helduko diena, alegia, desberdinkeriari, diskriminazioari, pobreziari eta oinarrizko baliabideen faltari”.
Juan Jose Etxeberriak gogora ekarri du aita santuak 2024ko urriaren 8an berarekin eta Francisco Jose Ruiz Perez (SJ) Teologia Fakultateko dekanoarekin izandako audientzia pribatuan Deustuko Unibertsitateari erakutsi zion gertutasuna eta maitasuna. Bilera hartan aita santuak “alaitasuna ez galtzeko” eskatu zion Deustuko unibertsitateko elkarteari. Hitz haiek indar handiagoz iristen dira gaur egun bihotzera, Etxeberria errektorearen esanetan, eta, aita on baten galerak mina ematen badu ere, aita santuaren lekukotza eta legatuagatik eskerrak ematera adoretzen gaituzte.
Deustuko Unibertsitateak Frantzisko aita santuaren omenezko eukaristiak egingo ditu apirilaren 29an, 13:05ean
Bilbon: Kapera Gotikoan. Juan Jose Etxeberria (SJ) errektorea izango da Eukaristiaren buru.
Donostian: Antxieta eraikineko kaperan. Jon Sagastagoitia (SJ) izango da eukaristiaren buru.
Unibertsitateko jarduera etenda egongo da 13:00etatik 14:00etara.