2024ko otsailak 27
Bilboko Campusa
DeustoForumek eta Aguirre Bizkaitar Fundazioak gonbidatuta, Deustuko Unibertsitateak Chris Lowney izan du gonbidatu otsailaren 27an, munduko lidergo humanistan aditu handienetako bat. 140 ospitale eta 130.000 langile dituen Estatu Batuetako irabazi asmorik gabeko CommonSpirit Health osasun sistema nagusiaren presidenteak hitzaldia eskaini du Paraninfoan, Joseba Segura Bilboko gotzainak moderatu duena.
Chris Lowney Jesusen konpainiako kide ohia da. Zuzendari izan zen New Yorken, Tokion, Singapurren eta Londresen, munduko bankurik handienetako batean, JP Morganen. Mundu osoan zehar hitzaldiak eskaintzen ditu eta hainbat liburu idatzi ditu lidergoaren kontzeptua hainbat ikuspegitatik aztertzeko. Horien guztien artean, "Heroic Leadership" supersalmentak nabarmentzen da, hamaika hizkuntzatara itzulia eta "egoera zailetan ausardiaz eta konpromisoz jokatzeko gai izango diren liderrak" prestatzearen alde egiten duena.
Bere beste lan ezagun batzuk hauek dira: "Pope Francis: Why He Leads the Way He Leads", "Make Today Matter" eta "Everyone Leads: How to Revitalize the Catholic Church".
