2026ko martxoak 14
Donostia-San Sebastián
Martxoaren 14an, larunbata, izan ziren 2024-2025 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako (EAZko), EAZ + Digital Business Skillseko, EAZ + International Management Skillseko eta EAZ + Berrikuntza eta Ekintzailetzako ikasketak bukatu zituzten gradudunen izendatze ekitaldiak, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Gradudun berriak Deusto Business School-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak dira. Guztira 124 ikaslek eskuratu dute graduko titulazioa.
Ekitaldiak Loiola Centrumean izan ziren, Maria Jose Aranguren Querejeta Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetako errektoreordea buru zela. Harekin batera izan ziren 4 urte hauetan ikasleek, beren hazkunde pertsonal eta profesionaleko ibilbidean, ondoan izan dituzten klaustroko irakasleen eta Fakultateko langileen ordezkariak.
Izendatze ekitaldia garrantzi handikoa da unibertsitate bizitzan. Ekitaldian honakoek hartu zuten parte, besteak beste: Macarena Cuenca Amigo (Deusto Business Schooleko dekanoa), Ignacio Muñoz Calvo (Deusto Business Alumniko presidenteordea), Asunción Ibáñez Romero (Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko dekanordea), Mila Pérez González (Deusto Business Schooleko idazkariordea), Nora Arrillaga Aizpurua eta Iker Carretero Caballero (EAZ+ DBSko eta EAZ+ BEko gradudunen izenean, hitzaldia egin zutenak), Aratz Guridi Iruin eta María Anitua Alberdi (EAZko eta EAZ+IMSko gradudunen izenean hitzaldia egin zutenak), Iratxe Urrestarazu Izquierdo (EAZko agintza), Alexander San Sebastián Ariznabarreta (EAZ + Digital Business Skillseko agintza), Iker Izaguirre Sarasola (EAZ + International Management Skillseko agintza) eta Valeria Arana Allende (EAZ + Berrikuntza eta Ekintzailetzako agintza). Manu Arrue Achalandabaso SJk gradudun berriak bedeinkatu zituen, hitz hunkigarriekin. Bai Norak eta Ikerrek eta bai Aratzek eta Mariak, beren ikaskideen ordezkari gisa emandako hitzaldian, ikasketetako urteak gogoratu zituzten, bereziki, bizi izandako esperientziak eta eskuratutako jakiteak eta gaitasunak. Eskerrak eman zizkieten irakasleei eta unibertsitateko zerbitzuetako langileei, baita familiei eta lagunei ere.
Maria Jose Arangurenek, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordeak, zorionak eman zizkien gradudun berriei eta, beren etorkizun profesionalari begira, bokazioa lantzea, enpresatik eraldaketarako eragile izatea eta, eraldaketa horri begira, buruak, bihotza eta eskuak sinkronizatzea aholkatu zien, eraldatzeko gaitasun hori biderkatzeko. Aliantzak eraikitzearen garrantzia ere nabarmendu zuen, urrunago iristeko: “Industria lurraldea gara: enpresa txiki eta ertainak dira gure oinarria, enpresa nazioartera irekiak, eta kultura berezia dutenak. Gure enpresak ingurune global gero eta konplexuagoan lehiatzen dira. Kudeaketan, digitalizazioan, ekintzailetzan eta berrikuntzan eta giza balioetan duzuen talentua funtsezkoa izango da enpresa lehiakorragoak eta berritzaileagoak izateko ez ezik, humanoagoak eta jasangarriagoak ere izateko, nabarmendu zuen.
Macarena Cuenca Deusto Business Schooleko dekanoak ere esker oneko hitzak izan zituen gradudun berrientzat eta haien familientzat, eta aipamen berezia egin zion karrera amaierako aparteko saria lortu zuen ikasleari: Nora Arrillaga Aizpurua, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako ikasketengatik. Lidergo humanistaren garrantzia ere azpimarratu zuen Macarenak bere hitzaldian: “Deustuko Unibertsitatetik izateko, erabakitzeko eta zuen ingurura begiratzeko beste modu bat eramatea espero dugu. Deusto Business Schoolen harro esaten dugu lider humanistak prestatzen ditugula, nork bere burua ezagututa eta interes taldeekiko lankidetzan oinarrituta, pertsonen duintasuna erdi-erdian jarriko dutenak, balio ekonomikoa eta soziala sortzeko. Bikaintasun teknikoa nahi dugu, bai, baina baita giza bikaintasuna ere. Lidergo humanista, berez, elkarlanean oinarritzen da, eta horrek esan nahi du elkarrekin urrunago iritsiko garela eta gaur irudikatu ere egiten ez ditugun gailurrak igoko ditugula, betiere oso kontuan izanik lider baten arrakastarik handiena besteei ere arrakasta lortzen laguntzea dela”. Macarenak Jesusen Lagundiko Nagusi izan zen Aita Adolfo Nicolasen esaldi batekin amaitu zuen hitzaldia: “Ez ditugu munduko onenak prestatu nahi, munduarentzako onenak baizik”.
PePA bikoteak, Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegikoak, jo zuen atsedenaldian. Gainera, Easo Gazte Abesbatzak, Gorka Miranda Blancoren zuzendaritzapean eta David de Oliveira de Oliveriak pianoan lagunduta, Agur Jaunak abestu zuen ekitaldiaren hasieran eta Gaudeamus Igitur, amaieran.
Gradua edo prestakuntza programa konbinatua 4 urtean egiteaz gainera, nahi izan duten ikasle guztiek seihileko bat (batzuek, urte osoa) egin dute Europa, Amerika eta Asia-Pazifikoko unibertsitateren batean, Deusto Business Schoolek, Donostiako campusean, nazioarteko truke hitzarmenak baititu atzerriko 65 unibertsitate baino gehiagorekin, 27 herrialdetan. 2023-2024 ikasturtetik aurrera, EAZko graduaren diseinua egokitu denez, gradu osoa ingelesez egin daiteke. Era berean, ikasle guztiek ikasketak lanbide esperientziaren batekin gutxienez amaitu dituzte, Fakultateak 500 enpresa baino gehiagorekin dituen lankidetza hitzarmenei esker. Hori guztia Deusto Business Schoolek eskaintzen duen prestakuntza integralaren barruan dago, prestakuntza horrek, beste zenbait ezaugarriren artean, nazioarteko ikuspegia eta orientazio praktikoa azpimarratzen baititu.
Gradudun berriak Deusto Business Alumniko kide izango dira, ikasle ohiak biltzen dituen elkartea. Elkarteak 7.000 bazkide baino gehiago ditu, 2.700 enpresatan lanean. Enpresen eskariei eta beharrei efizientziaz erantzuteko sortu zen. 2024ko azaroan egindako azken inkestaren arabera, promozio honen enplegu tasa % 98koa zen, Deusto Business Schoolen ikasketak amaitu eta sei hilabetera.
Ospakizun hau ikasleei ahalegin handia eskatu dien garai baten amaiera da. Urte horietan, familiak ondoan izan dituzte, behar zuten babesa emateko. Unibertsitatearentzat berarentzat ere une berezia da, pozik ikusten baitu bere misioa bete duela, justiziarekin eta berdintasunarekin konpromisoa hartuko duen gizarte bati zerbitzua eskainiz.