2026ko martxoak 07
Donostia-San Sebastián
Martxoaren 7an, larunbata, izan zen 2024-2025 ikasturtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako + Zuzenbideko eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzako + Informatikako Ingeniaritzako ikasketak bukatu zituzten gradudunen izendatze ekitaldia, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Gradudun berriak Deusto Business-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoak, Zuzenbide Fakultatekoak eta Ingeniaritza Fakultatekoak dira.
Ekitaldia Loiola Centrumean izan zen, María José Aranguren Querejeta campuseko errektoreordea buru zela. Harekin batera izan ziren 5 urte hauetan ikasleek, beren hazkunde pertsonal eta profesionaleko ibilbidean, ondoan izan dituzten aipatutako fakultateetako klaustroko irakasleen ordezkariak eta langileak.
Izendatze ekitaldia garrantzi handikoa da unibertsitate bizitzan. Ekitaldian honakoek hartu zuten parte, besteak beste: Macarena Cuenca Amigo (Deusto Business Schooleko dekanoa), José Ramón Intxaurbe (Zuzenbide Fakultateko dekanoa), Andoni Eguiluz Morán (Ingeniaritza Fakultateko dekanoa), Ignacio Muñoz Calvo (Deusto Business Alumniko presidenteordea), Mila Pérez González (Deusto Business Schooleko idazkariordea), Violeta Clar Durán eta Javier Uriarte Marieta (gradu bikoitzetako ikasleen izenean, hitzaldia egin zutenak), Sara Ausín García (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako + Zuzenbideko agintza) eta Eduardo Jorge Sanjurjo Aramburu (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako + Informatikako Ingeniaritzako agintza). Peio Azpitarte Iribar SJk gradudun berriak bedeinkatu zituen, hitz hunkigarriekin. Violetak eta Javierrek, beren ikaskideen izenean egindako hitzaldian, ikasketetako urteak gogoratu zituzten, eta bizi izandako esperientziak eta eskuratutako jakiteak eta gaitasunak nabarmendu zituzten. Eskerrak eman zizkieten irakasleei eta unibertsitateko langileei, baita familiei eta lagunei ere, hitz hunkigarriez baliatuz.
Sin Palabrass boskoteak, Musikene-Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegikoak, jo zuen atsedenaldian. Gainera, Easo Abesbatza Mistoak, Gorka Miranda Blancoren zuzendaritzapean eta David de Oliveira de Oliveirak pianoan lagunduta, Agur Jaunak abestu zuen ekitaldiaren hasieran eta Gaudeamus Igitur, amaieran.
Mari Jose Arangurenek, Donostiako campuseko eta Erakunde Harremanetarako errektoreordeak, zorionak eman zizkien gradudun berriei eta, beren etorkizun profesionalari begira, bokazioa lantzea; enpresaren, zuzenbidearen eta teknologiaren esparrutik, eraldaketarako eragile izatea; eta, eraldaketa horri begira, buruak, bihotza eta eskuak sinkronizatzea aholkatu zien: “Ingurune industrial batean gaude. Gure lurraldean, industria sendoa dugu, kooperatibak eta enpresa txiki eta ertain teknologikoak. Horiek guztiak gure ekonomiaren motorra dira. Kudeaketan, zuzenbidean eta teknologian eta digitalizazioan duzuen talentua funtsezkoa izango da gure industria enpresak lehiakorra eta humanoa izaten jarrai dezan, mundu global honetan. Eraiki aliantzak, horrela urrunago iritsiko baitzarete”, amaitu zuen.
Macarena Cuenca Deusto Business Schooleko dekanoak ere esker oneko hitzak izan zituen gradudun berrientzat eta haien familientzat, eta aipamen berezia egin zien karrera amaierako aparteko saria lortu duten bi ikasleei: Sara Ausín García, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko saria, eta Josu Igoa López de Aguileta, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ingeniaritza Informatikoko saria, “uste dut biek txalo handi eta beroa merezi dutela”, gaineratu zuen. Lidergo humanistaren garrantzia ere azpimarratu zuen Macarenak bere hitzaldian: “Deustuko Unibertsitatetik izateko, erabakitzeko eta zuen ingurura begiratzeko beste modu bat eramatea espero dugu. Deusto Business Schoolen harro esaten dugu lider humanistak prestatzen ditugula, nork bere burua ezagututa eta interes taldeekiko lankidetzan oinarrituta, pertsonen duintasuna erdi-erdian jarriko dutenak, balio ekonomikoa eta soziala sortzeko. Bikaintasun teknikoa nahi dugu, bai, baina baita giza bikaintasuna ere. Lidergo humanista, berez, elkarlanean oinarritzen da, eta horrek esan nahi du elkarrekin urrunago iritsiko garela eta gaur irudikatu ere egiten ez ditugun gailurrak igoko ditugula, betiere oso kontuan izanik lider baten arrakastarik handiena besteei ere arrakasta lortzen laguntzea dela”. Macarenak Jesusen Lagundiko Nagusi izan zen Aita Adolfo Nicolasen esaldi batekin amaitu zuen hitzaldia: “Ez ditugu munduko onenak prestatu nahi, munduarentzako onenak baizik”.
Jose Ramon Intxaurbe Zuzenbide Fakultateko dekanoak ere zorionak eman zizkien gradudun berriei. Hitzaldian, ideia hauek azpimarratu zituen: “Aldaketa teknologiko eta sozialak ezaugarri dituen ingurune honetan, Unibertsitateak bere eginkizuna berretsi behar du, heziketa akademikoa baino urrunago doazen funtsezko lau erronkaren bidez. Lehena, bidelaguntza integrala da, ikaslea erdigunean jartzen duena, bere heldutasuna eta Zuzenbidean aritzeko behar-beharrezkoa den kontzientzia morala garatzeko. Bigarren erronka erakundea bereizkuntza espazio gisa sendotzea da, diskurtsoen “sinpletasunaren” eta desinformazioaren aurrean.” Innerarity eta Tocqueville pentsalariei jarraituz, Intxaurbek ohartarazi zuen esloganak eta emozioak ez dutela ordezkatu behar arrazoiketa kritikoa, ezta errealitate demokratikoaren konplexutasunari eusteko gaitasuna ere. Hirugarren, Zuzenbide Fakultateko dekanoak bizikidetzaren defentsa eta demokraziaren joko arauekiko errespetua nabarmendu zituen, eta etorkizuneko profesionalei eskatu zien beren gaitasunak desberdintasunaren eta botere gehiegikeriaren aurka borroka egiteko erabiltzeko, bidegabekeriaren aurrean neutralak izan beharrean. Azkenik, honakoa erantsi zuen: “Unibertsitateak nagusi den indibidualismoari aurre egin behar dio, komunitate zentzua eta erantzukizun partekatuko loturak sustatuz”.
Azkenik, Andoni Eguiluz Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, gradudun berriei zorionak eman ondoren, aldaketa esponentzialeko ingurune honetan, gazteak ongi prestatuta datozela, kritikoak direla eta jasangarritasunaren eta justiziaren erronka globalekin konpromiso sendoa dutela aitortu zuen. Eguluzek azpimarratu zuenez, teknologia eta esparru politikoak etengabe birkonfiguratzen diren mundu honetan, gradudunek ez dute ziurtasun iraunkorrik bilatu behar; aitzitik, konplexutasunean mugitu behar dira, tinkotasunez eta lidergoa erakutsiz. Iraganeko espezialista industrialekin alderatuta, gradudun berriek begirada zabala eta elkarlanekoa behar dutela azpimarratu zuen, diziplinak hurbilduko dituena. Ildo horretatik, etengabeko ikaskuntzaren alde egitea eskatu zien, sormena alde batera utzi gabe. Hitzaldiaren amaieran, pazientzia izatera eta beren ekintzek, berehala ez bada ere, epe luzera eraginak izango dituztela sinestera gonbidatu zituen. Era berean, gogoetaren eta ekintzaren arteko oreka aurkitzeko deia egin zien. Eguiluzek adimena erantzunak emateko ez ezik, une egokian galdera aproposak egiteko ere erabiltzea eskatu zien, norberaren onura gaindituz, guztion onerako izango den aldaketa positibo bat gidatzeko erantzukizuna ere beren gain hartuta.
Bi gradu bost urtean egiteaz gainera, nahi izan duten ikasle guztiek seihileko bat egin dute Europa, Amerika eta Asia-Pazifikoko unibertsitateren batean, Deusto Business Schoolek, Donostiako campusean, nazioarteko truke hitzarmenak baititu atzerriko 65 unibertsitate baino gehiagorekin, 27 herrialdetan. 2023-2024 ikasturtetik aurrera, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduaren diseinu berriarekin, promozio berriek esperientzia hori 5 urteko ikasketen barruan egin ahal izango dute, beste seihileko bat luzatu behar izan gabe. Era berean, ikasle guztiek ikasketak lanbide esperientziaren batekin gutxienez amaitu dituzte, Fakultateak 500 enpresa baino gehiagorekin dituen lankidetza hitzarmenei esker. Hori guztia Deusto Business Schoolek eskaintzen duen prestakuntza integralaren barruan dago, prestakuntza horrek, beste zenbait ezaugarriren artean, nazioarteko ikuspegia eta orientazio praktikoa azpimarratzen baititu.
Gradudun berriak Deusto Business Alumniko kide izango dira, ikasle ohiak biltzen dituen elkartea. Elkarteak 7.000 bazkide baino gehiago ditu, 2.700 enpresa baino gehiagotan lanean. Enpresen eskariei eta beharrei efizientziaz erantzuteko sortu zen. 2025ean egindako azken inkestaren arabera, promozio honen enplegu tasa % 100koa zen, Deusto Business Schoolen ikasketak amaitu eta sei hilabetera.
Ospakizun honek amaiera ematen die ahalegin handiko urteei; ahalegin handiko urteak batez ere ikasleentzat, baina baita beren familiartekoentzat ere, babesteko lan handia egin baitute, eta, halaber, Unibertsitatearentzat berarentzat, pozik ikusten baitu bere misioa bete duela, justiziarekin eta berdintasunarekin konpromiso handiagoa izango duen gizarte bati zerbitzua eskainiz.