Gipuzkoako DBHko 4. mailako 163 ikasle inguru joan dira STEM arloen orientazioko jardunaldietara, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean

Azaroan zehar, EAEko hiru lurraldeetan, lanbideko orientazioko zenbait jardunaldi egiten ari dira DBHko 4. mailako ikasleentzat, arlo zientifiko-teknologikoekin lotutako lanbideen aniztasuna erakusteko.

STEAM topaketa

2025eko azaroak 21

Donostia-San Sebastián

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailako 163 ikasle gipuzkoar inguruk, Irungo El Pilar Compañía de María ikastetxetik, Donostiako Jesuitak ikastetxetik eta Usurbilgo Udarregi Ikastolatik etorriak Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean, arlo zientifiko-teknologikoekin lotutako aukera profesionalak ezagutu zituzten azaroaren 21ean, ostirala, Innobasquek gidatutako STEM orientazioko jardunaldi batean, Elhuyarrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan, non STEM esparruko 22 enpresaren ordezkariek ere parte hartu zuten. STEMen lanbideko orientazioko jardunaldiak speed-dating moduko topaketa azkarrak dira, DBHko 4. mailako ikasleen eta STEM profesionalen artekoak, eta arlo zientifiko-teknologikoekin lotutako lanbideen aniztasuna erakustea dute helburu. Topaketak hamabost minutuko blokeetan daude egituratuta, eta bloke bakoitzean, bost ikasleko talde batek STEM profesional batekin hitz egiten du bere interesei eta motibazio profesional eta pertsonalei buruz. Jardunaldian zehar, ikasle bakoitzak hainbat profiletako lauzpabost STEM profesional ezagutzeko eta haiekin hitz egiteko aukera izan zuen, prestakuntza eta lanbide aukeraketan laguntzeko. Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi Estrategiaren barruan, STEM orientazioko jardunaldiak Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak eta Hezkuntza Sailak bultzatzen dituzte, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, eta Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin, EHUrekin, Hetelekin, Ikaslanekin eta AICE-IZEArekin batera.

Ekimen horren helburuak dira DBHko 4. mailako ikasleei prestakuntza eta lanbidea aukeratzen laguntzea eta STEM lanbideen aniztasuna erakustea, profesionalekin harreman zuzena izatea, eta bokazio eta asmo profesionalak inspiratzea STEM arloetan, bereziki nesken artean. Orientazioko jardunaldi horiek EAEko hiru lurraldeetan egongo dira, STEAM Sareak antolatuta, hau da, euskal gazteek matematikarekiko, zientziarekiko eta teknologiarekiko duten interesa areagotzeko eta haien ikaskuntza hobetzeko elkarrekin lan egiten duten ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen sareak.

Albistea Diario Vasco egunkarian