Boletín de Estudios Económicos aurkeztu da, Deusto Business Schoolen mendeurrena ospatzeko

“Economía y Futuro” izenburupean, Joaquín Almunia, José Ignacio Goirigolzarri, Alfredo Sáenz, Pedro Luis Uriarte, Javier Hernani, Luis Abril, José Luis Sanchis, Matías Alonso eta Amado Francoren artikuluak jasotzen ditu.

Berriak

2016ko urriak 05

Bilbao

Deusto Business Alumnik Boletín de Estudios Económicosen 218. zenbakia aurkeztu zuen joan den urriaren 5ean, “Economía y Futuro” izenburupean. Zenbakiak Deusto Business Schoolen mendeurrenaren omenezko hainbat artikulu jasotzen ditu: Joaquín Almunia, José Ignacio Goirigolzarri, Alfredo Sáenz, Pedro Luis Uriarte, Javier Hernani, Luis Abril, José Luis Sanchis, Matías Alonso eta Amado Francorenak, hain zuzen.

Aurkezpenean, Deusto Business Alumni – Alumni DBAko presidente Agustín Garmendiak azaldu zuen 2016an zehar, Deusto Business Alumni, Deustuko Unibertsitateko enpresa zientzietako 7000 ikasle ohi baino gehiago dituen elkartea, era aktiboan ari dela parte hartzen Unibertsitate Komertzialaren mendeurreneko ekitaldietan eta ESTEren 60. urteurrenekoetan. Bi fakultateek bat egin zuten 2009an, eta Deusto Business School sortu zuten.

Garmendiak Fakultatearen jatorriaz ere hitz egin zuen: “Duela 100 urte, Pedro de Icaza y Aguirrek, Pedro eta Domingo de Aguirre osaben desioa betez, Agirre Bizkaitar Fundazioa sortu zuen 1916an eta A. Luis Chalbaud jesulagunarekin adostu zuen Deustuko Unibertsitate Komertziala sortzea. 1916ko urrian inauguratu zen eta Espainiako lehenengo negozio eskola bihurtu zen”.

Alumni DBAko presidenteak beste hau ere erantsi zuen: “Duela 60 urte sortu zen Enpresa Teknikarien Goi Eskola (ESTE), A. Ignacio Errandonea jesulaguna lider zuen aitzindari talde baten eskutik. 1956an eman zituen lehen urratsak, Donostiako Brunet Enea etxean. 1965ean aldatu zen oraingo tokira, Mundaiz etorbidera, eta 1979an integratu zen Deustuko Unibertsitatean”.

Agustín Garmendiak, bere hitzaldian, Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek eskaini zituen hitzak gogoratu zituen, ospakizun ekitaldian eginak: “orain ere erronka berriei egin behar diegu aurre, tokikoei eta globalei. Ez da nahikoa Deustuko irakaskuntzaren kalitateak urtero aitorpena izatea Estatuko rankingik nagusienetan. Nazioarte mailako ziurtagiriak behar ditugu, mundu mailako negozio eskolekin lehiatu beharra dugu, gure enpresek eta ikasleek merkatu globaletan egiten duten bezala. Erronkak aldatu egin dira; partekatzen ditugun balioak, ez, ordea. Horregatik du zentzua balio horiek ospatzeak, hasiera hartan balio izan zigutelako balio baitigute orain ere”.


Deusto Business Schooleko dekano Guillermo Dorronsorok, bere aldetik, Deusto Business Schoolen balio nagusienak gogoratu zituen, Jesusen Lagundiaren tradizioan inspiratuak: bikaintasun profesionala, zintzotasuna eta konpromiso etikoa, lankidetza eta elkartasuna, zabaltasuna eta aniztasuna, eta berrikuntza eta ekintzailetza.

Horregatik, bada, Boletín de Estudios Económicosek, Deustuko Unibertsitateko enpresa zientzietako ikasle ohien elkartearen (Deusto Business Alumni – Alumni DBA) argitalpenak, 1942tik hona etengabe argitaratzen denak, bat egin nahi izan du ospakizun horiekin eta zenbaki berezi eta monografiko bat argitaratu du, Deusto Business Schooleko ikasle ohiek parte hartze nabarmena izan dutelarik.

Azkenik, Fernando Gómez-Bezaresek aleari eta bertan jorratzen diren gaiei buruz hitz egin zuen, aurkeztu berri zen zenbakiko artikuluen laburpentxo bat eginez: “nahaste, argi-ilun eta aldaketa handiko inguruan bizi gara, bai politika-mailan (Brexit-aren erreferenduma Erresuma Batuan; bigarren hauteskundeak Espainian, mapa politiko konplexua eta zatitua erakusten duena; AEBko hauteskundeak, udazkenean), bai ekonomia-mailan (2008tik bizi dugun krisi ekonomiko handiak ez du irtenbide argirik; lehen gaien eta petrolioaren prezioetan beherakada ikusgarriak gertatzen dira; argi-ilun handiak ditugu, garatzeko bidean dauden herrialdeetan (Txina, Brasil, Errusia, Turkia); eta Europar Batasunean ez dira homogeneotasun eta baterako ikuspegi faltak eragindako arazoak konpontzen), bai gizarte-mailan (paralisi kezkagarria, Europan, errefuxiatuen dramaren aurrean; populismoen gorakada, gizarte-mailako arazo larriei aurre ez egiteak eraginda). Eta horri guztiari erantsi behar zaizkio berrikuntza teknologikoak: Internet, digitalizazioa, gizarte sareak hedatzea. Horrek guztiak aldaketak eragiten ditu enpresen negozio-ereduetan”.


Bukatzeko, zera erantsi zuen: “gure lankideen ekarpen horiek guztiek, bakoitzak bere talaiatik eginek, interes handiko hausnarketak, kontrasteak eta balioespenak ekarriko dituzte, eta uste osoa dugu Boletín de Estudios Económicosen zenbaki monografikoaren irakurleen estimua izango dutela”.