Bizkaiko udalerriek beren iraunkortasun-planen bidez komunitate integratzaile eta solidarioak bermatzen laguntzen dute

Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak egindako azterketa batek zehaztu du gure lurraldeko udal eta mankomunitateek iraunkortasunaren arloan egiten dituzten ekintza gehienak berdintasun eta gizarte-justiziaren maila handiagoak lortzera daudela bideratuta. Guztira, 5.000 biztanletik gorako 35 udalerriren 89 iraunkortasun-planetan jasotako 7.292 ekintza aztertu dira.

Víctor Urcelay, Garbiñe Henry eta Elena Unzueta

2016ko urtarrilak 22

Bilbao

 

Bizkaiko udalerrik komunitate integratzaile eta solidarioak bermatzen laguntzen dute, beren iraunkortasun-planen bidez, eta lagundu egiten dute, demokrazia parte-hartzaileago baten bitartez, erabakiak hartzeko prozedurak bultzatzen. Horixe da Bizkaiko Foru Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateak elkarren artean Aalborg+10 deritzonaren nazioarteko helburuei, tokiko agenda 21 izenekoei eta Bizkaia 21 programari loturiko udal iraunkortasun-planei egiten dieten ekarpena zehazteko egindako azterketatik atera daitekeen ondorio nagusia.

Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak eta Victor Urcelay Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza eta Etengabeko Prestakuntzaren erretoreordeak hartu dute parte 5.000 biztanletik gorako 35 udalerriren iraunkortasunarekiko konpromisoaren inguruko argazki zehatz bat eskaintzen duen proiektu honen aurkezpenean. Horretarako, ekintza-plan ezberdinetan zehaztutako estrategia-ildo, programa eta ekintzen azterketa kualitatibo bat eta azterketa horrek udalerri horien aurrekontuen azterketa kuantitatibo bat egin da, eta udalerri bakoitzak iraunkortasunerako bideratutako ekintzetarako egiten duen benetako gastuaren argazki zehatz bat lortzeko aukera ematen du.

Zehazki, 89 iraunkortasun-plan aztertu dira ikerketan. Aztertu diren 35 udalerriek Tokiko Agenda 21 dute, beraz plan hori da haien artean gehien zabaldutako eta ibilbide-orri legez gehien onartutakoa. Berdintasun planak (34) dira gehien ezarritako bigarren programa eta mugikortasun iraunkorreko planak hirugarrena, 13 udalerritan ezarrita daudelako (haietako batzuk dagokien mankomunitateak gai horren inguruan garatutako plana ezartzera mugatzen badira ere). Eta 4 dira garatutako energia iraunkorrerako ekintza-planak, eta 3 klima-aldaketaren aurkako borrokaren arlokoak.

Plan horietan, 7.292 ekintza aztertu dira, eta ekintza horien artean asko dira Agenda 21en barruan sartzen direnak (% 48,9); atzetik datoz berdintasun-planen inguruko ekintzak (% 35,97). Konpromisoei dagokienez, aipatzekoa da 9. konpromisoa, berdintasun eta gizarte justiziari buruzkoa, ekintza guztiekiko % 22,87 portzentajea betetzen baitu. Bigarren tokian datoz gobernu-erak deritzon 1. konpromisoarekin zerikusia duten ekintzak, udalerri guztiek garatutako ekintza guztien artean % 18,54ko kopurua osatzen dutelako. Konpromiso horiek betetzeko bideratutako iraunkortasuneko ekintzen portzentajerik txikiena honako hauek erakutsi dute: tokitik globalera deritzon 10. konpromisoa (% 1,18), plangintza eta hirigintza-diseinua deritzon 5. konpromisoa (% 6,53) eta iraunkortasunerako udal kudeaketa deritzon 2. konpromisoa (% 6,99).

Helburuak

Azterketa honen bidez, Aalborg+10 izeneko konpromisoetako arlo bakoitzak udal eta eskualde mailan duen garrantzia, hartara bideratutako ekintzen batuketan zein aurrekontu mailan, ulertzeko erraztasunak eskaini nahi izan dira. Azken helburua da jasotako informazioa Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuetan uztea, udalerri bakoitzaren iraunkortasunarekiko konpromisoaren inguruan jasotako ezberdintasun eta antzekotasunen panoramika bat eginez eta ekintza zehatzak eta etorkizunerako programak egitea erraztuz.

Gainera, proiektu honek udalerrietan une honetan iraunkortasunaren arloan egiten ari diren jarduketei balioa eman nahi izan die eta egungo bideetan indar gehiagoz lan egiten jarraitzearen garrantziaz kontzientziatzea, ezarritako helburuak betetzen lagunduko duten estrategia berriak bultzatzeko.

Ikerketa hau Bizkaiko Foru Aldundiak eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Berrikuntzako Unitateak BizkaiLab hitzarmenaren barruan garatzen diharduten ikerketen barruan kokatu behar da; ikerketa horien artean daude, besteak beste, toki iraunkortasuneko adierazleen inguruko bat, jada amaitua dagoena, eta DeustoTech-etik bultzatzen ari diren beste hiru azterketa.

Gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez argitaratuko da ikerketa, eta Hiri eta Herri Iraunkorren Europako 8. Konferentzian aurkeztuko da, zeina Bilbon egingo baita 2016ko apirilaren 27tik 29ra.