Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel sariduna Deustuko Unibertsitatean: "Eredu neoliberalak porrot egin du eta demokrazia mehatxatzen du"

Nazioarteko ekitaldi horretan Lorena Fernández Unibertsitateko Adimen Artifizialeko Batzordeko arduradunak ere parte hartu zuen.

Joseph Stiglitz Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan

2025eko irailak 29

Bilboko Campusa

Joseph Stiglitz Ekonomiako Nobel saridunak (2001) inauguratu zuen irailaren 29an Deustuko Unibertsitatean Bilbao Kultura Social Forumaren 2025eko edizioa. BBK Fundazioaren laguntzarekin Fair Saturday Fundazioak antolatutako topaketak 400 pertsona baino gehiago bildu zituen, erakundeetako ordezkarien, ordezkari akademikoen, ikasleen eta herritarren artean. “Etorkizun (in)posibleak” lelopean egingo den foroak urriaren 1era arte aditu garrantzitsuak bilduko ditu, egungo gizarteko kulturak eta balioek duten zeregin eraldatzaileari buruz hausnartzeko Ziklo horren barruko lehenengo hitzaldia izan zen Stiglitzena.

Parte hartu zuten adituen artean, Lorena Fernández zegoen, Deustuko Unibertsitateko Adimen Artifizialeko Batzordeko arduraduna. Unibertsitatean sortu zen erreferentziazko espazioa izan zen batzorde hori, eta AAk hezkuntzan eta ezagutzan zuen eraginaren inguruan ikastetxearen estrategia osoa ikuspegi etiko eta arduratsu batetik egituratzeko sortua izan zen. Hitzaldia urriaren 1ean izan zen, Guggenheim Bilbao Museoan, eta “De aquellos sesgos, estos algoritmos” gaiaz hitz egin zuen. Hitzaldi horretan, Carmen Torrijos AAko adituarekin batera egon zen. Torrijosek “IA para el bien social. ¿Cómo utilizarla?” jorratu zuen.

Eredu neoliberala agortzea

Bere hitzaldian, Joseph Stiglitz ekonomista ospetsuak munduak bizi dituen eta elkarrekin lotuta dauden krisi ugariak (klimatikoa, demokratikoa, soziala eta ekonomikoa) aztertu zituen, eta azken hamarkadetan nagusi izan den eredu neoliberala agortu dela azpimarratu zuen. Sistema horrek, hazkunde eta oparotasun partekatuaren promesak ez betetzeaz gain, irabaziak eliteen poltsikoetan kontzentratu direla azpimarratu zuen, eta langilerik gehienen soldatak lehengotan daudela, zerbitzuak ahuldu eta gizartean segurtasun falta handiagoa utzi duela. Krisi industrialaren ondoren, gogorarazi zuen gobernuek ez zutela jakin langileak berregokitzen, eta merkatuak ere ez zuela egin, eta horrek ekitaterik eza areagotu eta lidergo populista eta autoritarioen gorakada elikatu zuela.

Ekonomiako Nobel saridunak gogorarazi zuen aro neoliberaleko hazkundea motelagoa izan zela Bigarren Mundu Gerraren ondorengo hamarkadetan baino, eta “tantakako ekonomia” deiturikoak ez zuela inoiz funtzionatu. “Onurak ez ziren berrikuntzaren edo eraginkortasunaren bidez lortu, askotan langileak eta ingurumena esplotatuz baizik”, adierazi zuen. Haren ustez, sistema “ez zen jasangarria”: monopolizazioa areagotu zuen, lehia higatu zuen eta gizarte-ehuna ahuldu zuten portaera “epe laburrekoak eta berekoiak” bultzatu zituen. “Konfiantzarik gabe, kapitalismoak ezin du funtzionatu”, ohartarazi zuen.

Demokrazia atzeraka eta desinformazioa

Konferentziaren beste une batean, Joseph Stiglitzek ohartarazi zuen “atzerapauso demokratikoaren ebidentzia handia” zegoela, bereziki Estatu Batuetan, eta prentsaren, adierazpen-askatasunaren, akademiaren eta zuzenbide-estatuaren beraren kontrako erasoak agerikoak zirela. Aldi berean, desberdintasun gero eta handiagoa, polarizazio politikoa eta informazio-ekosistemaren narriadura salatu zituen.

“Erraldoi teknologikoak eta adimen artifiziala informazioaren ekosistema kutsatzen ari dira”, adierazi zuen eta azaldu zuen sumindura sustatzean oinarritutako negozio ereduek desinformazioa eta gizarte zatiketa elikatzen dutela. Horren harira, salatu zuen “adimen artifizialak informazio hori ekoizten dutenen informazioa lapurtzen duela, eta pizgarri ekonomikorik gabe, informazio-produktuak gero eta okerragoak direla (egunkariak, ikertzaileak…); beraz, hobekuntza teknologikoak informazio-ekosistema okerragoa sortzen ari dira, gure demokraziaren eta ekonomiaren kaltetan”.

Nobel saridunak egiaren eta ezagutzaren aurkako erasoaren larritasuna ere azpimarratu zuen. “Egiaren kontzeptuari berari eraso egiten ari zaio, faxismo berriei ez baitzaizkie zientziatik datozen mezuak gustatzen”, adierazi zuen eta salatu zuen Ilustrazioaren balioak ahultzen ari direla, azken mendeetako aurrerapen demokratiko, sozial eta ekonomikoen zutabe izan direnak.

Ekonomialariak nazioarteko sistemarentzat une kritikoan kokatu zuen testuinguru hori. Gogorarazi zuenez, Bigarren Mundu Gerraren ondoren NBEren bultzadarekin eta nazioarteko akordioekin sortutako ordena aldeaniztuna “higatzen ari da eta oihaneko legeak ordezkatu du”. Bereziki, ohartarazi zuen Donald Trumpek bultzatutako politikek “erakutsi dutela Estatu Batuekin egindako akordio batek ez duela balio idatzita dagoen paperak adina ere”, eta defendatu zuen Europak bere defentsarako gaitasuna eraiki behar duela eta ez egon soilik Washingtonen mende.

Ekonomia eta demokrazia birpentsatu

Egoera horren aurrean, ekonomialariak ekonomia eta erakunde demokratikoak berriro pentsatu beharra defendatu zuen, lankidetza, elkartasuna eta balio humanistak berreskuratzeko. “Gizarte ona” deritzonerantz aurrera egitea proposatu zuen: eredu jasangarriagoa, berdinzaleagoa eta gizatiarragoa, non pertsonek beren potentziala garatzeko aukera handiagoak izango dituzten eta non enpatia eta konfiantza bizikidetzaren oinarri izango diren.

Testuinguru horretan, bere ustez, “erreforma ekonomikoak eta erreforma politikoak eskutik helduta egin behar dute aurrera”. Haren ustez, premiazkoa da botere kontzentrazioa mugatzea, erakunde sendoagoekin demokrazia biziberritzea eta ekintza kolektiboa indartzea. “Kapitalismo berekoiak giza enpatia eta lankidetzan aritzeko borondatea ahuldu zituen. Baina egungo erregimena ez da saihestezina: oraindik ere gizateriak badu eragina gure gizarteak nola egituratu erabakitzeko”, azpimarratu zuen, eta Ilustrazioaren espiritua berreskuratu dezakegu XXI. mendeko erronkei aurre egiteko esparru gisa.

Joseph Stiglitzek itxaropen mezu batekin amaitu zuen hitzaldia: “Historiako une kritiko batean gaude, non funtsezko balio guztiak proban jarri diren. Baina badira alternatibak. Eredu bidezkoagoa, demokratikoagoa eta jasangarriagoa aukeratu dezakegu”.

Argazkiak