2019ko abenduak 12
Madrilgo Egoitza
Osasun ekosistema osoko eragileak Deusto Business Schoolen Madrilgo egoitzan elkartu ziren joan den abenduaren 12an, Espainiako Osasun Sisteman berrikuntzak txertatzeko joerak partekatzeko eta iraunkortasuna/berrikuntza binomioan egin daitezkeen aurrerapausoen inguruan gogoeta egiteko.
GSK konpainiak eta DBS Health Deusto Business Schoolen osasun arloak antolatu zuten “Innovación y sostenibilidad en sanidad: propuestas de avance” jardunaldia, osasun sektoreko berrikuntzen gaur egungo joerak aztertzeko.
Iñaki Ortega Deusto Business Schooleko Madrilgo egoitzako zuzendariak egin zien ongi etorria bertaratuei. Ondoren, saioaren hasierako hitzaldia eskaini zuen Jaume Puig Junoyk. Puig Junoy gure herrialdean osasunaren ekonomian erreferente garrantzitsua da eta Pompeu Fabra unibertsitateko irakasle seniorra. Berrikuntza eta iraunkortasun kontzeptuez hitz egin zuen.
Puig Junoyk gogoratu zuen kontzeptu horien barruan gaur egungo eztabaidaren zati bat kostu-eraginkortasunaren mailaren ingurukoa bada ere, alderdirik garrantzitsuena berrikuntza txertatzeko joko arauak direla. Nabarmendu zuen garrantzitsua dela berrikuntza irizpide garden, trinko, parte hartzaile eta aurreikusgarriekin ebaluatzea, nahiz eta gure osasun esparruan, gaur egun irizpide horietako batzuk ez erabili. Irizpideok garrantzitsuak dira, baita berrikuntzak sistemako eragile guztientzat onura argiak ekartzen dituenean ere, gure inguruko beste herrialde batzuetako esperientzietan ikus daitekeen bezala.
Hasierako hitzaldiaren ondoren, mahai ingurua izan zen, Roberto Nuño Deusto Business School Healtheko zuzendariak moderatuta. Mahai inguruan parte hartu zuten Francisco Dolz Valentziako Doctor Peset Unibertsitate Ospitaleko gerenteak, Germán Peces-Barba SEPAR-Pneumologiako eta Kirurgia Torazikoko Espainiako Elkarteko presidenteordeak eta José Manuel Martínez Sesmero SEFH-Ospitaleetako Farmaziako Espainiako Elkarteko Ikerketa eta Berrikuntza zuzendariak.
Hizlariak osasun sistemaren egoeraren eta etorkizuneko iraunkortasunaren inguruan aritu ziren eta bat etorri ziren esaterakoan kasu askotan kontzeptu horiek mantra bihurtzen ari direla. Benetako berrikuntza antolaketa aldaketak egiten hastea izango litzateke, erakunde liderrek erakutsi duten bidetik. Hainbat ekimen aipatu zituzten, esate baterako, osasun emaitzak neurtzea, balioan oinarritutako kudeaketa, eta pazienteen eta herritarren parte hartzea, iraunkortasunerako bidean, iraunkortasuna hiru ikuspegitatik hartuta: ekonomiakoa, gizartekoa eta ingurumenekoa.
Bigarren mahai ingurua lau autonomia erkidegotako farmaziako zuzendariordetzetako arduradunek osatu zuten, Rubén Llop Deusto Business Schooleko irakasleak moderatuta.
María José Calvo Madrilgo Osasun Zerbitzuko farmaziako zuzendariorde nagusiak, Alberto Talavera Kanarietako Osasun Zerbitzuko Sendagaien Erabilera Arrazionaleko eta Prestazioaren Kontroleko zerbitzuburuak, Juan Carlos Valenzuela Gaztela-Mantxako Osasun Zerbitzuko Farmazia arloko buruak eta Concepción Carmona Extremadurako Osasun Zerbitzuko farmazia arretako zuzendariordeak zuzendaritza eta zerbitzu horiek Espainiako Osasun Sistemaren iraunkortasunari egiten dioten ekarpena nabarmendu nahi izan zuten. Besteak beste, sendagaien erosketa zentralizatua ezartzearen garrantzia aipatu zuten, sendagaietan egiten den gastua murriztea ekarri baitu autonomietako batzuetan. Eta baliabideen erabilera efizienteagoa lortzeko bidean, digitalizazioak, real world datak eta adimen artifizialak ekar ditzakeen hobekuntzak nabarmendu ziren.
María Sanjurjo Gregorio Marañon Ospitaleko Farmazia zerbitzuburuak bere erakundean humanizazio eta berrikuntza programak erakunde osorako zeharrildoak direla azaldu zuen eta ospitaleetako farmazia kudeatzerakoan, Iraunkortasun eta Humanizazio terminoak bateratzeko beharraz hitz egin zuen. Bere ospitaleko adibideak eman zituen, ikusteko pazienteak prozesu askotan erabakiak har ditzakeela, sendagileekin batera.
Azkenik, jardunaldiari amaiera emateko, sendagaien erabileran eraldaketaz eta iraunkortasunaz hitz egin zen. Mahai inguruan izan ziren María Antonia Mangues Santa Creu i Sant Pau Ospitaleko farmazia zerbitzuko burua, Eduardo López Briz Ospitaleetako Farmaziako Espainiako Elkarteko Genesis Taldearen koordinatzailearen albokoa, eta Icíar Martínez López Balear Uharteetako Genetika eta Genomika Unitateko koordinatzailea. Iraultza genomikoak, molekularrak eta doitasun medikuntzak diagnostikoak egiteko, aginduak emateko eta tratamenduak jartzeko irekitzen dituzten bide berriak azaldu nahi izan ziren.
GSKk eta DBS Healthek antolatutako jardunaldia Deustuko Unibertsitateko negozio eskolak osasun programen inguruan antolatzen dituen jardueren artean dago.