Beatriz Artolazabal Deustuko Ikastetxe Nagusiko bazkari-solasaldi batean egon da, hogei bat gazterekin berdintasunaz hitz egiteko

Deustuko Ikastetxe Nagusiak hilero egiten ditu topaketak, graduetako ikasleen parte hartzearekin. Sailburuak gutun bat bidali zuen urriaren erdialdean Euskadiko ikastetxe nagusi guztietara, Madrilgo ikastetxe nagusi batean izandako istiluen ondorioz.

Beatriz Artolazabal, José María Guibert errektorearekin batera, Deustuko ikastetxe Nagusiko ikasleekin

2022ko azaroak 21

Deustuko Ikastetxe Nagusia

Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Deustuko Ikastetxe Nagusiak antolatutako bazkari-solasaldi batean izan zen azaroaren 21ean. Bertan izan ziren hainbat gradutako lehen eta bigarren mailako hogei gazte inguru, baita Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert eta Deustuko Ikastetxe Nagusiko zuzendari Fernando Asenjo ere.

Joan den urriaren 10ean, Madrilgo ikastetxe nagusi batean izandako istiluen ondoren, sailburuak gutun bat bidali zien Euskadiko ikastetxe nagusi guztiei, zoritxarreko gertakari horrek eragindako “kezka” larria azalduz eta Emakunderen baliabide guztiak haien zerbitzura jarriz.

“Egunotan biral bihurtu diren Madrilgo ikastetxe nagusi bateko ikasleek irain sexistaz betetako irudi eta ahotsek erabat hunkituta eta jota idazten dizuet. Ziur nago zuen artean ere kezka hori sentituko duzuela, eta, horregatik, gutun honen bidez, Euskadiko ikastetxe nagusietako zuzendari guztiei nire hurbiltasuna adierazi nahi izan dizuet eta gogorarazi Emakunde zabalik eta prest dagoela zuen beharrak entzuteko eta berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioaren arloan behar duzuen guztian laguntzeko. Artolazabal sailburuak erantsi zuen “berdintasuna talde-lana dela, eta esparru guztietan lan egin behar dugula berdintasuna lortzeko”.

Komunikazio horren haritik, Deustuko Ikastetxe Nagusiak sailburuaren gutunari erantzun zion eta gonbidatu egin zuen hilean behin edo birritan egiten duten bazkari horretara. Topaketa informala Ikastetxeko 300 ikasleentzat zabalik egoten da eta lehen eta bigarren mailako hogei bat gaztek parte hartu ohi dute.

Ikastetxe Nagusitik adierazi dutenez, jorratzen diren gaiak askotarikoak dira, eta parte hartu duten gonbidatuen artean dago, besteak beste, Urkullu lehendakaria. Ikasturte honetan, orain arte parte hartu dutenak hauek izan dira: José María Guibert, Deustuko Unibertsitateko errektorea; Iker Jamardo, San Franciscon Googlen lanean ari dena; Leonor Gallardo, Gaztela Mantxako Unibertsitateko errektoreordea eta Kirol Kudeaketan aditua; eta Daniel Cuevas, Kolonbiako JRSko koordinatzaile programatikoa.

 

 

Antzerako berriak