2024ko otsailak 23
Bilbao
Deusto Cities Katedra katedrak Making Cities 2030en hirugarren edizioa antolatu eta sustatu du, BBVArekin lankidetzan. DBHko, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago, eta honako galdera honi erantzungo dioten proiektuak diseinatu behar ziren. Nola lortu zure hiria, udalerria edo auzoa bizitzeko leku hobea izatea?
DBHko, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko 3 eta 4 mailetako 500 bat ikaslek parte hartu dute deialdi honetan. Deialdi horren helburu nagusia da beren auzo, udalerri edo hiriko erronka eta arazo nagusiak identifikatzea, eta proposamen bat egitea alternatibekin eta irtenbideekin, Agenda 2030en, Garapen Jasangarriko Helburuen (GIH) eta Hiri Agenda Berriaren arabera. Edizio honetan, 50 proiektuk hartu zuten parte, eta horietatik 25 iritsi ziren azken fasera.
Otsailaren 23an, 15:30etik 18:30era, BBVA Making Cities 2030 Festival jaialdiaren esparruan, proposamen onenak aitortu dira. Kategoria ezberdinetan saritutako 4 proiektuak honako hauek izan dira:
- Hiri (edo auzo) baten garapen jasangarri integralerako proposamen onenaren saria (ex equo). "Muskizeko gazteen sozializaziorako hiri espazio jasangarria", Somorrostro Lanbide Heziketako Zentrokoa. "Berdegune autosufiziente eta inklusiboa Iruñako Txantrea auzoan” (Iruña)", Irabia-Izaga Ikastetxekoa.
- Hiri (edo auzo) baten erronka zehatz bati erantzuteko proposamen onenaren saria. "Guztiontzako Barakaldo: argiztapen segurua", La Inmaculada Ikastetxekoa.
- Sormenaren eta originaltasunaren saria, aurkeztutako proposamen batean.
"Autoek sortutako energia metatzen duten badenak” (Bilboko Deustu auzoan), La Salle Ikastetxekoa
Pertsonak, funtsezko faktorea
Roberto San Salvador del Valle Deusto Cities Katedrako zuzendariaren ustez, "pertsonak funtsezko faktore dira garapen gizatiarragoa eta jasangarriagoa lortzeko hainbat arlotan: klima aldaketa, aberastasunaren banaketa, eta enplegu duina, gizarte kohesioa, aniztasuna eta kulturen arteko elkarrizketa. Eta gazteak izan behar dira hori lortzeko behar diren eraldaketen protagonistak". Horregatik da hain garrantzitsua ikastetxeen artean interes handia sortu zuen ekimen hau. "Bideari 50 proiektuk ekin zioten, eta 500 bat ikaslek lan egin dute; finalera 25 proiektu iritsi dira eta 151 ikasle inplikatu dituzte", adierazi zuen akademikoak.
Proiektuek giza garapen jasangarria izan zuten ardatz, ingurumen arloan ez ezik beste arlo batzuetan ere, ekonomian, gizartean eta kulturan. "Gaur egungo eta etorkizuneko herritarrek, munduak egiteke duen eraldaketaren protagonistak, jakin behar dute zer nolako harreman sakona dagoen ingurumenaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren artean, gizateria gisa ditugun erronka handiei aurre egiteko orduan", zehaztu du zuzendariak.
Hauk izan dira epaimahaiako kideak: Raúl Sainz de la Maza, BBVAko Komunikazio, RSC eta Harreman Instituzionalen arduraduna (epaimahaiko presidente gisa); Mikel Hidalgo, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntza eta Agenda 2030 Zuzendaritzako kidea; Iñaki Garcinuño, CEBEKeko enpresaburu eta lehendakari ohia; Begoña Guzmán, UN Etxeko Gizarte Eraldaketarako Kultura Saileko arduraduna; Aitor Acilu, Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako irakaslea; eta Roberto San Salvador del Valle, Deusto Cities Katedrako zuzendaria (epaimahaiko idazkari gisa).
Raul Saiz de la Mazak, Epaimahaiko presidenteak, "proiektuen kalitate handia" nabarmendu zuen, "sormenagatik eta iraunkortasunaren erronkaren inguruan duten kontzientziazio mailagatik, bere ingurumen, ekonomia, gizarte eta kultura eremuetan". Gaineratu zuenez, "oso pozgarria da ikustea etorkizun hurbilean buru izango den belaunaldia jabetzen dela aurre egin beharreko erronkez". Pozik agertu zen proiektuetan jasotako lanagatik eta sormenagatik; izan ere, "BBVArentzat, jasangarritasuna da zutabe estrategikoetako bat, eta, beraz, zeharka ageri da bere jarduera guztietan. Neska-mutil hauek harritu gaituzten proiektuetan bezala ", azpimarratu zuen.
Lau proiektu nabarmenek dirutan jasoko dute saria, eta ikastetxeek egindako lana aintzatesteko, proposatutako ekintza batzuk ezartzeko edo ekimen berriak garatzeko erabili ahal izango dute. Jaialdian zehar, bertaratutako guztiek jaso zuten egiaztagiria, deialdi honetan parte hartu zutela ziurtatzen duena.
https://www.flickr.com/photos/deusto/albums/72177720315375391