BANKOA ABANCAk eta Deusto Business Schoolek “Juan José Etxeberria Bekak” eman dizkiete Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduko ikasleei

Merkatu berrietan ETEen hazkundea laguntzera eta talentu gaztea laneratzen laguntzera bideratuta

Juan José Etxeberria bekak ematea

2023ko uztailak 06

Donostiako Campusa

Joan den ostegunean, 2023ko uztailaren 6an, Juan José Etxeberria Bekak banatu zitzaizkien Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Loiola Centrumen, “JUAN JOSE ETXEBERRIA BANKOA ABANCA - Deusto Business School Praktiken Programaren” lehen edizio honetan parte hartzen ari diren ikasleei. Beka horiek EAEko, Nafarroako eta Errioxako ETEen hazkundea merkatu berrietan sustatzera eta talentu gaztea ETE horietan hartu nahi dutenei bideratuta daude. BANKOA ABANCAk finantzatzen du laguntza-poltsa bat ematea Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Gradua (ADE) eta Deusto Business Schoolen (DBS) titulu propioetakoren bat egin eta ETE horietan laguntza ematen duten ikasleei.

Programa horrek zuzeneko onuradun bi ditu. Alde batetik, hautatutako DBSko ikasleak eta, bestetik, hazkunde-proiektua garatzen ari den ETEa. Horretarako, enpresak praktiketako erregimenean dagoen pertsona baten laguntza izango du, eta pertsona horrek enpresaren garapenean lagunduko du. Lehenengo edizio honetan, enpresa laguntzaileak hauek izan dira: Cimico, Naru Intelligence, Ostatu, Gobasking eta Bizicycletour.

Ekitaldiaren amaieran, ekitaldi txiki baina hunkigarria egin zitzaion Juan José Etxeberriari bere lana aitortzeko (bekek haren izena baitaramate), hezkuntzarekin, talentua bultzatzearekin eta ETEen jarduera-programan bultzatzaile diren bi erakundeekin egindakoa babestu izana eskertzeko. Weba ere aurkeztu zen, www.juanjoseetxeberria.com. Webgune horretan Etxeberriaren biografia ezagutu daiteke eta haren argitalpen eta parte hartze garrantzitsuenetara jo daiteke. Etxeberriak berak aitortu zuenez, "Besteen balioak preziatzeko jarrera da inbidiaren, errezeloen, ezinikusien eta harropuzkeriaren aurkako antidotorik onena”. Era berean, belaunaldi berriek mundu berdinagoaren alde aurrera egiteko lan egingo duten itxaropena azaldu zuen, non pobrezia arinduko den atzerapen gehiagorik gabe eta natura eta ingurumena gogo biziz defendatuko diren.

Deusto Business School eta BANKOA ABANCAri buruz:

Deusto Business Schoolek (DBS), 1916tik, prestakuntza globala, osoa eta praktikoa eskaintzen du, gure enpresa-ehunarekin estu-estu loturik, bizitzan eta lanbidean zeharreko ikaskuntzan pertsonei bidean lagun eginez. Bi campus ditu (Bilbon eta Donostian) eta egoitza Madrilen. Deusto Business Schoolek graduko, masterreko eta doktoregoko programak eta exekutikoentzako prestakuntza (Executive Education) eskaintzen ditu. Bikaintasunarekin eta etengabeko berrikuntzarekin duen konpromisoaren barruan, Deusto Business Schoolek nazioarteko akreditazioak ditu AACSBek (Association to Advance Collegiate Schools of Business) eta AMBAk (Association of MBAs) emanak, enpresa arloko prestakuntzan ospe handiko bi erakunde nagusik.  2025eko Plan Estrategikoan, DBSk enpresa-ehunarekiko, instituzioekiko eta erakundeekiko lankidetza-sareak zabaltzea eta areagotzea du helburu.

BANKOA ABANCA marka komertziala da, eta ABANCA Corporación Bancaria, S.A. ordezkatzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Errioxan. Espainian eta Europako eta Amerikako 10 herrialdetan dago; 688 sukurtsaleko sare zabala du, 634 Espainian, 6.222 profesionalek eta 2,2 milioi bezerok osatutako lantaldea du enpresen eta partikularren artean. ABANCAk baloreetan oinarritutako banka garatzen du, Gizarte Erantzukizuneko estrategia bizia duena, non gizartearekiko konpromisoa erakusten duen, bereziki kirola, kultura eta hezkuntza babestuz. Sendo kokatuta dago enpresa-bankan, eta interes berezia du ETEetan duen presentzia indartzeko.