2025eko abenduak 03
Bilboko Campusa
Deustuko Unibertsitateak bat egin du aurten ere Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunarekin, eta inklusioarekin, aniztasunarekin eta pertsona guztien eskubideekiko errespetuarekin duen konpromisoa berretsi du. Aurten, unibertsitateak ikusmen urriko pertsonengan jarri du arreta, unibertsitateko elkartean gero eta presentzia handiagoa duen kolektiboa baita.
Jatorri genetikoa eta endekapenezkoa duten erretinako gaixotasunek ez dute tratamendurik eta itsutasunerantz eboluzionatzen dute. Biztanleriaren % 2ri eragiten diote gaur egun. Errealitate horretaz jabetuta, Deustuko Unibertsitateak bat egin du “Ikusmen urria dut” kanpainarekin. Kanpaina horren helburua da unibertsitateko elkartea sentsibilizatzea, erabat itsuak izan gabe ikusmen-arazo larriak dituztenen zailtasunei buruz. Ekimenak estereotipoak eraitsi, enpatia sustatu eta guztiontzako irisgarriagoak diren inguruneak eratu nahi ditu.
Unibertsitatea gizartea eraldatzeko eragile
2010az geroztik, Deustuko Unibertsitatea, Aniztasuneko Unitatearen bidez, CRUEko Unibertsitatean Desgaitasuna duten Pertsonei Laguntzeko Zerbitzuen Sareko (SAPDU gaztelaniazko akronimoa) kide da. Sare horrek Espainiako unibertsitateetako desgaitasunak dituztenei laguntzeko zerbitzuak biltzen ditu, ahaleginak eta irizpideak bateratzeko, eta inklusioa unibertsitateko bizitzaren eremu guztietan errealitate izatea bermatzeko: ikasketetan sartu eta irautea, eta jarduera akademiko, kultural eta sozialetan bete-betean parte hartzea.
Hori dela-eta, Deustuko Unibertsitateak bat egiten du Desgaitasuna duten pertsonen Nazioarteko Egunaren harira CRUEk argitaratu duen manifestuarekin, zeinak azpimarratzen baitu garrantzitsua dela irisgarritasun unibertsala, egokitzapen pertsonalizatuak, unibertsitateko langileen prestakuntza, kapazitismoaren aurkako sentsibilizazioa eta desgaitasunak dituzten pertsonen parte-hartze aktiboa bermatzea inklusio politiken definizioan.
Deustuko Unibertsitateak uste du unibertsitateak funtsezko guneak direla ezagutza sortzeko, herritarrak prestatzeko eta etorkizun justua eraikitzeko. Horregatik, ekintza guztiak aniztasuna ospatzera bideratuta daude, inor atzean gera ez dadin eta lorpen akademiko bakoitzak gizarte inklusiboagoa eta solidarioagoa lortzen lagun dezan. Erakundeak berrikuntza, ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzen ditu, desgaitasuna duten pertsonen bizitza hobetzeko eta egiturazko oztopoak eraisteko.
Ekimen horiekin, Deustuko Unibertsitateak hezkuntza-inklusioaren erreferente gisa duen posizioa indartzen du, eta gogorarazi nahi du ingurune irisgarri eta justua eraikitzea unibertsitateko elkarte osoaren, administrazio publikoen, gizarte-erakundeen eta, oro har, herritarren konpromisoaren mende dagoela.