2023ko irailak 12
Donostiako Campusa
Irailaren 12an hartu zuen Ane Ferran Zubillagak Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekano kargua. Ferranek Javier Arellanoren lekukoa hartu du, azken hau Ikerketa eta Nazioarteko Harremanetako errektoreorde izendatu ondoren.
Ferranek oso ongi ezagutzen du Fakultatea, Unibertsitatearen misioarekin bat egiten du, taldean lan egiteko gaitasun handia du eta gizarte justiziaren aldeko apustu irmoa du. Horiexek dira bere balio nagusietako batzuk. Juan Jose Etxeberria errektorearen hitzetan, dekano berriari Fakultatean azken urteetan abian jarritako barne aldaketak sendotzea egokituko zaio, etorkizunari aurre egiteko Fakultate integratuagoa eta prestatuagoa eraikitzeko.
Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateak aldaketa garrantzitsuak egin ditu azken urteotan bere errealitate berrira egokitzeko. Besteak beste, antolaketa eredu berri bat onartu eta ezarri da, eta, horrekin batera,prozesuak eta egiteko moduak eguneratu dira. Logika berri horrek graduko titulazio asko berritzen eta fakultateko irakaskuntza eskaintza zabaltzen lagundu du. Aldaketa horien bidez, Deustobideren proiekzioa eta ikusgarritasuna ere indartu nahi izan dira, etengabeko prestakuntzari egiten dion ekarpena azaleratzeko.
Unibertsitateak hasitako prozesu horiekin jarraitu nahi du. Eta, ildo horretan, hemendik aurrera Ane Ferrani dagokio logika berri horiek sendotzea, parte hartzeko eta elkarrekin eztabaidatzeko eremuak sortuz. Graduondokoen arloan eskaintza erakargarri bat finkatzeaz eta nazioartekotzea indartzeaz ere arduratu beharko du, bai eta funtzionatzeko modu berri hori ikerketaren eta transferentziaren esparrura hedatzeaz ere. Azkenik, dekano berriak modu aktiboan lagundu beharko du unibertsitate osoaren erronka eta eraldaketetan, 2023-2026 plan estrategikoaren bidetik. Hain zuzen ere, plan horren helburua da “profesional eta herritar hobeak prestatzea, irtenbideak eta itxaropena sortzeko gai izango direnak”.
Juan José Etxeberria errektorearen iritziz, lidergoa hartzen duten pertsonek ez dute lidergo hori edonola gauzatu behar: “entzuten duen lidergoa da izan behar du, komunikazioa errazten duena, unitate bakoitzaren beharrei erantzuten diena, baina talde osoaren erantzukizuna bere gain hartuta, eta bere ardurapeko pertsonen etorkizuna zabaltzeko gai dena”. Ez dago liderrik talderik gabe eta ez dago lidergorik pertsonen hazkundea sustatzen ez bada. "Misio bat partekatzea helburu berberak izatea baino gehiago da, helburu horiek lortzeko elkarrekin lan egitea eskatzen du”. Elementu horiek guztiak hartu ziren kontuan Ane Ferran dekano ardurarako aukeratzeko orduan. Eta nabarmentzekoa da adostasuna handia izan zela Ane Ferranen ezaugarrien inguruan eta Fakultatearen zuzendaritza berak hartzeko komenigarritasunaren inguruan.
Unibertsitateko erronkei aurre egiteko ezaugarriak ditu dekano berriak: oso ongi ezagutzen du fakultatea; Unibertsitatearen misioarekin bat egiten du; taldean lan egiteko eta lidergorako gaitasun handia du, eta, bereziki azpimarratzekoa da haren enpatia eta pertsona bakoitzaren bidelagun izateko gaitasuna, norberaren bizitzako une desberdinetan; gizarte justiziaren aldeko apustu irmoa du eta zerbitzu bokazio nabarmena; eta, azkenik, izaeraz baikorra eta atsegina da.
"Ane, zure lankideek konfiantza dute zugan, eta Unibertsitateko gobernuak ere bai. Eskerrak eman nahi dizkizugu denok, hainbatek aipatzen duten eskuzabaltasun horrek zerbitzu hau onartzera eraman zaituelako. Erronka pertsonal eta profesional handia da. Zalantzarik gabe, une zailak egongo dira, baina zerbitzu honek gozatzeko aukerak ere eskaintzen ditu. Horixe da askoren esperientzia. Eta ez zara bakarrik egongo", esan zuen Deustuko Unibertsitateko errektoreak.