Adimen artifizialeko adituek zentro teknologikoen, enpresen eta unibertsitateen arteko elkarlanaren aldeko apustua egin dute, Euskadin adimen artifiziala sustatzeko

Adimen artifiziala_gosaria maiatzak 27 Donostia

2022ko maiatzak 27

Donostiako Campusa

Azken txostenen arabera, adimen artifizialeko Espainiako merkatua % 27 haziko da urtean 2020-2025 tartean, hau da, 2025ean 1.400 milioi euroko merkatu-zifratara heltzea litzatekeena. Adimen artifizialak eragin zuzena du enpresetan eta industria sektoreetan, eta datuen analisian oinarritutako soluzio prediktiboak eskaintzen ditu, makina bat noiz hondatu daitekeen aurreikusteko (mantentze prediktiboa), bezeroen portaera aztertzeko (business intelligence) edo enpresen energia kontsumoak optimizatzeko (smart grids), besteak beste.

Testuinguru horretan, Deustuko Unibertsitateak Ingeniaritzako beste gosari bat antolatu zuen, adimen artifizialaren gakoak, haren proiekzioa, enpresen lehiakortasunarekin duen harremana, egungo erronkak eta teknologia horrek euskal enpresen ekosisteman duen eragina ezagutzera emateko. 'Adimen artifiziala: enpresen eta erakundeen eraldaketarako funtsezko tresna' izenburupean, maiatzaren 27an izan zen ekitaldia Donostiako María Cristina hotelean.

Donostiako campuseko errektoreorde Xabier Riezuk hasitako jardunaldia Ion Gurrutxagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza zuzendariak, itxi zuen, eta adierazi zuen "eraldaketa digitala -adimen artifiziala bezala- giltzarri izango dela lehiakortasunerako eta industriak aurrera egiteko. Aurretik, mahai-inguru bat egin zen, Pablo García Bringas Ingeniaritza Fakultateko Kanpo Harremanetarako dekanordeak moderatuta. Iñaki San Sebastián CAFeko Proiektu Estrategikoetako zuzendariak, María Teresa Linaza Vicomtech-eko Erakundeen Garapen eta Sustapeneko zuzendariak, Aznar Sethna Salto Systems-eko Marketin eta Salmenta zuzendariak eta Laura Marron BAIC Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroko zuzendariak hartu zuten parte.

Euskadi erreferentea adimen artifizialean

Adimen Artifiziala sustatzeko Euskadin dauden ekimenez hitz egin zuten denek eta ondorio honetara heldu ziren: "Euskadik apustu sendoa egin behar du adimen artifizialaren ekosistemaren alde, talentuaren eta eraldaketa teknologikoaren aldeko apustua egiten duten zentro teknologikoen, enpresen eta unibertsitateen sarearekin.” Eta helburua argi du Laura Marrónek: “Euskadi adimen artifizialaren goi-poloan kokatzea da eta enpresa bakoitzaren ardura da aldaketarako elkarlanean aritzea”.

María Teresa Linazaren hitzetan, “adimen artifiziala multimodala da. Datuak ez ezik, irudi bat, plano bat... izan daiteke. Argi izan behar dugu nora heldu nahi dugun eta zein arazo landu nahi dugun irtenbide adimentsua emateko”. Linazaren ustez, Euskadin badago zentro teknologikoen ekosistema, enpresei adimen artifiziala euren proiektu eta inguruneetan sartzen lagundu diezaiekeena. Punta-puntako teknologiekin lanean ari direla gaineratu zuen Vicomtech-eko arduradunak: «softwarea geuk egiten dugu eta oso deszentralizatua dago; eta, hortaz, uste dut unibertsitatearekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela gure ikerketetarako”.
“Iraultza teknologiko garrantzitsua bizi dugu; beraz, inguruneak eskatzen digunera egokitu behar dugu. Eraldatu egin behar dugu». Antzerako hitzak erabili zituen Iñaki San Sebastiánek. Haren aburuz, "aukerak detektatu, garatu eta aurrera eraman behar dira". Salto Systems-eko Aznar Sethnaren ustez, adimen artifizialarekin berriari aurrea hartzen diozu, aurreko datuak analizatuz. Galdera hau izango litzateke: Zer ekar diezaioke adimen artifizialak esperientziari?

Eztabaidan beste kontu bat ere atera zen: Zein da adimen artifizialaren erabilera etikoaren eta asmo txarrez egindako erabileraren arteko muga? Adituen arabera, funtsezkoa da sinergiak sortzea, pixkanaka, adimen artifizial etikoa zer den definitzeko enpresen artean. Eta helburu argietara bideratutako diziplina ugariko ekosistema sortzearen garrantzia azpimarratu zuten. Horretarako, beharrezkoa da enpresa bakoitzak adimen artifizialaren inguruan dituen aukerak identifikatzea.