2026ko apirilak 24
Ayuntamiendo de Donostia
Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan banatu dira ostiralean, apirilaren 24an, enpresa ideiarik onenaren ESMEren lehiaketaren XXXV. edizioko sariak. Ekimena Deusto Business SchoolekoESME Junior Enpresak antolatu du, eta guztira Gipuzkoako eta Arabako 120 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte. EAEko batxilergoko lehen eta bigarren mailetako eta gradu ertain edo goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat enpresa munduarekin lehen harremana proposatzen du lehiaketak.
Lehiaketan enpresa ideia original eta bideragarri bat proposatu behar da eta zehaztu behar da zein negozio mota aukeratzen den, kokapena, egitura, langile kopurua, lehiakideak, negozioan abian jartzeko pausoak, finantzaketa, bideragarritasuna, etab. XXXV. edizio honetan laguntzaile izan dira gazteen ekintzailetza eta berrikuntza babesten duten hainbat erakunde: Adegi, Geroa, La Perla, Donostia Sustapena, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, Noticias de Gipuzkoa, Félix Santos harategia eta La Tortilla de Zabaleta.
Proiektu irabazlea B-Book izan da, Donostiako Axular Lizeoko Iñaki Goia eta Iker Oyarzabal ikasleek aurkeztua. Braillez idatzitako liburu elektroniko bat da, ikusmen urritasuna duten pertsonentzat pentsatua, irakurketa eskuragarriagoa eta erosoagoa izan dadin. Gailuak braillez idatzitako testuak modu digitalean irakurtzeko aukera ematen du, liburu fisiko tradizionalen eragozpenetako batzuk gaindituz, esate baterako, kostu handia, bolumena edo eskaintza urria. Gainera, aplikazio mugikor bat ere badu; horren bidez, liburuak erosi eta gailura bidal daitezke, eta honek zuzenean itzultzen ditu braillera.
Ekitaldian erakunde, enpresa eta hezkuntza munduko hainbat pertsona ezagunek parte hartu zuten, eta hitzaldi laburrak zuzendu zizkieten finalistei eta bertaratuei: Jon Insausti (Donostiako alkatea), Iñigo Matesanz (Adegiko Negozio Garapeneko arduraduna), David Zabala (Deustuko alumnia eta Adinfit Studio eta Dezetaa Consultingeko ekintzailea), Ainhoa Aldasoro (Donostia Sustapeneko Berrikuntza eta Lehiakortasuneko zuzendaria), besteak beste.
ESME Junior Enpresako arduradunek aurkeztutako proiektuen maila handia nabarmendu dute eta, batez ere, ikasleek azken hilabeteetan zehar egin duten ahalegin eta ilusio handia. Lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako orientatzaileei, babesleei eta irakasleei eskerrak eman dizkiete, haien inplikazioari esker, ikasleek aukera izan baitute eskolak eta lehiaketaren antolaketa bateratzeko.
Banatutako sariei dagokienez, irabazleek Deustuko Unibertsitateko ikasketa beka bat jasoko dute, 600 euro eta La Perlako talasoterapia zirkuiturako sarrera bat. Bigarren sailkatuek 400 euro eta La Perlako talasoterapia zirkuitu bat jasoko dituzte; hirugarrenek, 300 euro eta La Perlako talasoterapia zirkuitu bat; eta laugarren eta bosgarren sailkatuek, 150 eta 100 euro, hurrenez hurren. Hauek izan dira XXXV. edizio honetako proiektu irabazleak, sailkapenaren hurrenkeran:
2- BluLife (Axular Lizeoa, Donostia), Ana Rojo eta Andoni Gómez ikasleek aurkeztutako proiektua, botila adimendun bat da eta erabiltzaile bakoitzaren hidratazio beharrak zehazten ditu, modu pertsonalizatuan, bere ezaugarri eta ohituren arabera zenbat ur edan behar duen adieraziz. Gainera, aplikazio mugikor batekin konektatzen da, oroigarriak bidaltzen ditu eta zapore natural eta ekologikoak gehitzen ditu, hidratazioa gustagarriagoa izan dadin.
3-Sign Bridge (Deutsche Schul, Donostia) proiektuan, Paula Martiarenak eta Gabriela Izquierdok pertsona gorren eta entzuleen arteko komunikazioa denbora errealean errazten duen sistema bat garatu dute. Zeinu hizkuntzaren keinuak detektatzen dituzten eskularru adimendun batzuk ditu oinarrian, eta keinu horiek testu edo ahots bihurtzen ditu aplikazio mugikor batek. Entzuten duen pertsona baten ahotsa testu ere bihur dezake.
4- WasteHero (Armentia Ikastola, Gasteiz) hondakinak automatikoki identifikatzeko eta sailkatzeko gai diren edukiontzi adimendunen proiektu bat da, sentsoreez, adimen artifizialaz eta Gauzen Internetez baliatzen dena. Gainera, sistema birziklatze jarduera erregistratzen duen aplikazio batekin konektatzen da, eta puntuak, sariak edo deskontuak eskaintzen ditu, erabiltzaileak motibatzeko. Eneko Zancada, Iraia Gonzalez, Eider Lambea eta Ariane Cuervo ikasleek hartu dute parte proiektu honetan.
5- Dry and Go (Laskorain ikastola, Tolosa), Irati Erauskin, Lorea Erauskin, Maddi Sanchez eta Abene Moralesen proposamena da, kiroldegi eta igerilekuetarako pentsatua. Alde batetik, oinarrizko produktuak dituzten vending makinak eskaintzen ditu -eskuoihalak, txanoak, giltzarrapoak edo xaboia) eta, beste alde batetik, bainujantziak eta txanoak etxera itzuli aurretik lehortzeko lehorgailu txikiak.
ESME Junior Enpresa irabazi asmorik gabeko elkartea da, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Komunikazioko ikasleek sortu, kudeatu eta zuzentzen dutena. Duela 30 urte baino gehiago sortu zenetik, aholkularitza eskaintzen du, Espainiako enpresa zientzietako fakultaterik ospetsuenetako batean eskuratutako gaitasun eta jakiteen bermearekin. Junior Enpresa sortzeko ideia Fakultateko irakasle batek proposatu zuen: Javier Minerrek entzuna zuen Frantzian Junior mugimendu bat hasia zela eta Espainiara zabaltzen ari zela. 1988an sortu ondoren, ESME aholkularitza esparruan hasi zen. Jarduera horren barruan, ESME gai da ikasleak Fakultatean ikasten ari diren gaien inguruko lanak egiteko.