2023ko apirilak 28
Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoa
Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan banatu dira ostiralean, apirilaren 28an, enpresa ideiarik onenaren ESMEren lehiaketaren XXXII. edizioko sariak. Ekimena Deusto Business Schooleko ESME Junior Enpresak antolatu du eta guztira 215 ikaslek hartu dute parte, aurreko edizioetan baino gehiagok. EAEko batxilergoko lehen eta bigarren mailetako eta gradu ertain edo goi mailako heziketa zikloetako ikasleentzat enpresa munduarekin lehen harremana proposatzen du lehiaketak.
Lehiaketan enpresa ideia orijinal eta bideragarri bat proposatu eta garatu behar da, zehaztuta zein negozio mota aukeratzen den, kokapena, egitura, langile kopurua, lehiakideak, negozioan abian jartzeko pausoak, finantzaketa, bideragarritasuna, etab. XXXII. edizio honetan ekimenaren laguntzaile izan dira Adegi, Donostia Sustapena, Salto Systems, Geroa Pentsioak, Delta Taldea, Donostiako Udaleko Garapen Ekonomikoko Zinegotzigoa, Acunsa Gipuzkoa Basket, Noticias de Gipuzkoa, The Graft Club eta Deusto Business School.
Aurtengo irabazlea “Berizan” proiektua izan da, Gasteizko San Prudencio ikastetxeko ikasleek aurkeztua. Nora Albarrán Pazek eta Irati Domingo Diazek osatutako taldeak proiektu berritzaile bat diseinatu du, HKZ-hartutako kalte zerebrala izan duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, kronikotasun egoeran dauden pertsona horiei eta haien senitartekoei laguntza emanez Bi ikasleek garatutako proiektuak HKZ duen pertsonari, izan dituen ondorioen arabera, behar duen laguntza ematen dio, prozesuaren protagonista bihurtuz eta bere autonomia sustatuz.
Ekitaldian izan dira, besteak beste: Eneko Goia (Donostiako alkatea), Marisol Garmendia (Donostiako Udaleko zinegotzia), Asun Ibañez (Deusto Business Schooleko dekanordea) eta Mila Pérez (Deusto Business Schooleko idazkariordea eta ikasleen arduraduna). ESME Junior Enpresako arduradunek aurkeztutako proiektuen maila handia nabarmendu dute eta, batez ere, ikasleek azken hilabeteetan zehar egin duten ahalegin eta ilusio handia. Lehiaketan parte hartu duten ikastetxeetako orientatzaileei, babesleei eta Fakultateko irakasleei eskerrak eman dizkiete, azken horiek aukera eman baitiete ikasleei eskolak eta lehiaketa bateratzeko.
5 finalisten artean 10.000 euro inguruko sariak banatu dira. Gainera, Deusto Business School-Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak finalista ekintzaile horiei beka bat emango die, etorkizunean Fakultate horretan ikastea erabakitzen badute.
ESME Junior Enpresa irabazi asmorik gabeko elkartea da, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Komunikazioko ikasleek sortu, kudeatu eta zuzentzen dutena. Duela 30 urte sortu zenetik, aholkularitza eskaintzen du, Espainiako enpresa zientzietako fakultaterik ospetsuenetako batean eskuratutako gaitasun eta jakiteen bermearekin. Junior Enpresa sortzeko ideia Fakultateko irakasle batek proposatu zuen: Javier Minerrek entzuna zuen Frantzian Junior mugimendu bat hasia zela eta Espainiara zabaltzen ari zela. 1988an sortu ondoren, ESME aholkularitza esparruan hasi zen. Jarduera horren barruan, ESME gai da ikasleak Fakultatean ikasten ari diren gaien inguruko lanak egiteko.