60 erakundek baino gehiagok, horien artean Deustuko Unibertsitateak, bat egin dute ‘Jakindari 'kultura zientifikoaren aldeko aliantzarekin

Ladislas Bizimana Jakindariko lehen topaketan

2025eko urriak 01

Bilboko Campusa

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Jakindariren lehen topaketa egin zuen urriaren 1ean. Jakindari kultura zientifikoaren aldeko aliantza berria da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko 60 erakunde baino gehiago atxiki zaizkio, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ezagutzaren hedapenean erreferente diren beste erakunde batzuk ere. Erakunde horien artean dago Deustuko Unibertsitatea. Ekitaldian, María Luz Guenagak eta Ladislas Bizimanak ordezkatu zuten DU. Biek parte hartu zuten, beste erakunde batzuetako arduradunekin batera, Getxoko Olatua eraikinean egindako ekitaldian.

Jakindari Sailaren ezagutzaren gizarte zabalkunderako proiektuaren barruan kokatzen den ekimena da eta helburu hauek ditu: eremu publikoan zientziaren presentzia indartzea, herritarren kultura zientifikoa areagotzea, zientziaren eta euskal gizartearen arteko harremana estutzea, zabalkundeko jardueretan euskararen erabilera sustatzea, eta dibulgazio inklusiboa bermatzea, jakintzarako jotzeko arrakalak murriztuz.

Aliantza berriak partaideen arteko lankidetza handiagoa bultzatu nahi du, haien indarguneak eta gaitasunak aprobetxatuz sinergia handiagoak lortzeko, gizartean eragin handiagoa sortzeko eta, horrela, publiko zabalago eta anitzago batengana jotzeko. Efizientzia handiagoa lortzen ere lagundu nahi du, hura osatzen duten eragileen artean baliabideak eta ezagutzak partekatuz. Ildo horretatik, eragileen arteko lankidetza berrikuntzarako eta sormenerako motorra izango da, eta zientziaren presentzia publikoa indartzeko aukera emango du, irudi bateratuago eta ikusgarriagoa duela.

Hitzaldian, Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak eskerrak eman zizkien erakundeei aliantzarekin bat egin izanagatik. Helburu nagusia, nabarmendu zuenez, “eragileen ahaleginak batzea da, ezagutza zientifikoa gure lurraldeko hainbat puntutara hurbiltzeko eta baterako jarduerak eta jardunbide egokien trukea sustatzeko. Horrela, guztion artean zientziari ikusgarritasun eta gizarte-mailako ospe handiagoa emango zaio, desinformazioa gero eta handiagoa den honetan”.

Unibertsitateak eta ikerketa zentroak

Jakindarirekin bat egin duten erakundeen artean daude unibertsitateak, ikerketa kooperatiboko zentroak (CIC), bikaintasuneko ikerketa-zentroak (BERC), Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, fundazioak, museoak, kultura-zentroak edo sorkuntza eta komunikazio enpresak, besteak beste.

“Zientziaren dibulgaziorako tripulazioa” lelopean egin zen topaketan; Jakindari elkartearekin bat egin zuten erakundeek esperientziak partekatu, jardunbide egokiak trukatu eta ekimen arrakastatsuak ezagutu ahal izan zituzten, hala nola, Barcelona Ciencia Innovación edo Fundación Descubre-rena.

Jakindari osatzen duten erakundeek Sailak dibulgazio-ekintza bultzatzeko diseinatutako zenbait ekimenetan parte hartu ahal izango dute. ZientziaKlik plataforma digitala da tresna nagusietako bat. Zientzia eta teknologia komunitatearen dibulgazio-jardueren eskaintza biltzen du, eta herritarrei ekitaldi eta baliabide zientifikoetarako sarbidea errazten die, eragileen arteko lankidetza sustatzeaz gain.

Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak laguntza ekonomikoen deialdi bat ere jarriko du abian, ezagutza gizartean zabaltzeko proiektuak batera finantzatzeko. Gainera, lehiaketa bat antolatuko du, Jakindari osatzen duten erakundeek bultzatutako proiekturik nabarmenenei aitortza egiteko.

Informazio gehiago.