Loiolako San Ignazioren konbertsioaren 500 urteak

Deustuko Unibertsitateak eman dizkie hasiera Ignaziotar Urteko ospakizunei, San Ignazio konbertitu zeneko bosgarren mendeurrena gogoan. “Ignatius 500” izena du mendeurrenak eta Jesusen Lagundiko mundu osoko obra eta erakunde guztietan ospatuko da 2021eko maiatzaren 20tik, santua Iruñean zauritu zuten eta aldaketaren eragile izan zen egunetik, 2022ko uztailaren 31ra, San Ignazio egunera.

Deusto inicia, en Bilbao y San Sebastián, las celebraciones del Año Ignaciano que conmemora los 500 años de la conversión de San Ignacio de Loyola

2021eko maiatzak 18

Bilboko Campusa Donostiako Campusa

Munduko arazoei begiratzen dien erakusketa

Deustun maiatzaren 18an eman zitzaion hasiera Ignaziotar Urteari Donostiako campusean, eta maiatzaren 19an Bilboko campusean. Alboka eta txalaparta soinuz hasi ziren ekitaldiak, José María Guibert errektorearen inaugurazioko hitz labur batzuekin eta “Krisian dagoen mundua eraldatzen duen begirada” erakusketaren aurkezpenarekin. Paneletan ageri diren testuen bitartez, giza eta gizarte errealitate garrantzizkoak hartu nahi dira gogoan, pandemia garai honetan: “globaldemia” klimatikoa, demografikoa, espekulatiboa eta xenofoboa.
Munduko arazoei ignaziotar ikuspegitik begiratzen die erakusketak –José María Guibert errektoreak Donostiako irekiera ekitaldian esan zuen bezala–, zeren eta “erlijioa ezer bada, bizitza argitzen digun argia da, beste kontaketa, ideologia edo pentsatzeko erekin konparatuta. Panel hauetan ageri den bezala, erlijioa begirada bat da, krisian dagoen munduari ematen zaion begirada, baina ez begirada neutroa”.

Oroitzapen ekitaldi horiekin, jesuitek gertakari zehatz bat gogoratu nahi dute: pertsona baten aldaketa, duela 500 urte hasi zena. Ia heriotza ekarri zion zauriak krisi pertsonala eragin zion eta horretatik etorri zitzaion aldaketa, Iruñean abiatu eta Erroman amaituko zen bidearen hasiera. Esperientzia horrek, Guibert errektorearen hitzetan, erakusten digu “ez dagoela aldaketarik, barrutik eraldaketarik ez badago”; izan ere, “gizarte eraldaketa norbere burutik hasten da, guregandik eta gure erakundean bertan”. Errektorearen hitzak Donostiako inaugurazioan.

Bilboko inaugurazioan, José María Guibertek azpimarratu zuen Ignaziotar Urte hau jesuiten lanaren inguruan sakontzeko abagunea dela eta gure bizitza berritzekoa, “nola gauden ikusi eta ilusioan haztea eta egiten dugun horretan motibatzekoa”. Hausnarketak san Ignaziok jasan zituen “zaurietan” jartzen du arreta, urteurreneko lemak dioen bezala, “gauza guztiak Kristogan berri ikusteko”, “berritzen jarraitzeko erak” bilatzeko “eta “zauriak eta sufrimenduak aldatzeko eta sakontzeko aukera izan daitezen”. Errektorearen hitzak Bilboko inaugurazioan.
Inaugurazioko ekitaldiak osatzeko, José María Guibert errektoreak eukaristiako predikua ere Ignaziotar Urteari eskaini zion. Predikua.

Ignaziotar Urtea etapetan

Deustuko ekitaldi horiek askotariko jarduera programa baten lehenengo mugarriak dira; ignaziotar urte honetan zehar etapa batzuk egongo dira: ikuspegia, zatikatzea, lotura berria eta, azkenik, elkartasuna. Bi campusetan maiatzaren 18tik irailaren 21era zabalik egongo den erakusketa horrekin, lehenengo etapa osatuko da, ‘ikuspegiari’ dagokiona.

‘Zatikatzea’ irailetik abendura izango da: hitzaldiak eta topaketak egingo dira munduaren hausturetara hurbiltzeko eta horren inguruan sentsibilizatzeko. Esperientzia gehiago bizi izango dira ‘lotura berriari’ eskainitako etapan, gizateriak jasaten dituen ‘globaldemien’ inguruan, errealitate birtuala bitarteko dela. 2022ko martxoan emango zaio amaiera. Bidearen azken etaparen izena ‘Elkartasuna’ izango da, unibertsitateko elkarteak egin duen bideari buruzko hausnarketa egiteko egokiera emango duena.

Jesusen Lagundiaren ekitaldiak Aita Jeneralarekin

Jesusen Lagundi osoaren ospakizunak ere aste honetan hasi dira, Arturo Sosa aita jenerala protagonista dutela. Zehazki, maiatzaren 18an, Silvia Rozas Ecclesia aldizkariko zuzendariak jesuiten burua elkarrizketatu zuen Jesuitas Maldonadotik (Madril). Topaketa Jesusen Lagundiak Espainian duen You Tubeko kanaletik eskaini zen. Berriro ikusi nahi izanez gero, hemendik egin daiteke.

Gainera, maiatzaren 20an, Iruñeko katedraletik eukaristia izango da, elizbarrutiko artzapezpiku Francisco Pérez González buru dela eta A. Jenerala ondoan duela; azken horrek eskainiko du predikua. Hau ere Jesusen Lagundiak Espainian duen You Tubeko kanaletik eskainiko da, esteka honen bidez.

Asteko hurrengo ekitaldia igandean izango da, maiatzaren 23an, Erroman. “Erromes Ignaziorekin” otoitzaldia izango da. Online eskainiko da ignaziotar mundu osorako, Aita Jenerala bertan dela. Hiru aldiz eskainiko da: 20:00etan Manilako orduan (PST), Erromakoan (CET) eta New Yorkekoan (EDT). Bakoitzean hiru hizkuntza hautatzeko modua egongo da: ingelesa, gaztelania eta frantsesa. Orri honetatik jarraitu ahal izango da.

Argibide gehiago

Inaziotar Urtearen ospakizunen hasiera Bilbon

Inaziotar Urtearen ospakizunen hasiera Donostian