70 enpresa eta erakunde baino gehiago elkartu ziren talentu bila Deustuko Unibertsitateko XXI. Enplegu eta Ekintzailetza Foroan
Unibertsitateak sektore eta erakunde desberdinetako erakundeak bildu zituen otsailaren 25ean eta 26an, ikasleen enplegagarritasuna bultzatzeko. Foroari hasiera emateko, talentuari, itzulerari eta Euskadiko enpleguaren etorkizunari buruzko hitzaldia eta eztabaida egin zuten Guillermo Dorronsorok eta Mikel Torresek, besteak beste.
Deustuko Unibertsitateak talentuari ateak ireki zizkion otsailaren 25ean eta 26an, Enplegu eta Ekintzailetza Foroaren XXI. edizioan. Hitzordu klasikoa da jada Unibertsitatean eta 2.000 ikasle eta tituludun berri bildu zituen lan bila. Horretarako, sektore guztietako 70 enpresa eta erakunde baino gehiagori egin zitzaien dei eta foro honetara hurbildu ziren etorkizuneko profesionalak ezagutzeko eta biltzeko.
Standez gain, jarduera ugari antolatu ziren benetako esperientziak, merkatuko joerak eta gehien eskatzen diren profilak ezagutzeko. Horien artean, sektoreetako espezialistekin hainbat mahai-inguru egin ziren. Deustu Alumni erakundeak antolatuta, Unibertsitateko fakultateekin lankidetzan antolatu ziren eta hainbat gairen inguruan sakondu zuten: teknologia berriak eta osasuna, Ekonomia edo Zuzenbidearen arloko karrera publikoa, Ingeniaritzari aplikatutako AA edo CV bat nola prestatu, baita Europako erakundeetan lan egiteko aukerak ere. Halaber, elkarrizketa azkarrak egin ziren erakundeekin eta Lanbidek “scape room” ekitaldiak antolatu zituen, beste ekimen batzuen artean.
Foroak 20 urteko ibilbidea du eta unibertsitatearen izaeraren ezaugarri bat da, bide profesionala hasten den unean ikasleari laguntzera bideratua.