Unibertsitateko errektore Jaime Oraák Europa Forumaren Euskadi Tribunan parte hartu du Deusturen etorkizunaz Goi Mailako Hezkuntzako esparru berrian


Nueva Economía Forumek gonbidatuta, Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Jaime Oraák, Europa Forumaren Euskadi Tribunan parte hartu du, Bilbon apirilaren 21ean, Unibertsitatea Goi Mailako Hezkuntzako esparru berrian gaia jorratuz.

Enpresariek eta bizkaitar gizarteko kideek osatutako entzuleen aurrean, Jaime Oraák 2010ean burutuko den Boloniako prozesuak markatzen dituen gakoak aipatu ditu, baita zelako erronkak eta aukerak dituen Deustuk Europako inguru berri horretan.

Berriak

2004ko apirilak 21

Bilboko Campusa


Azaldu duenez, Unibertsitateak, bere 122 urteko ibilbidean, 70.000 tituludun baino gehiagorekin, nazioarteko eredu bihurtu nahi du eta, horretarako, titulazio berrien eta titulazio bikoitzen aldeko apustua egingo du, graduko eta graduondoko titulazioen alde beste unibertsitate batzuekin eta ingeleseko irakaskuntzaren etengabeko garapenaren alde. Deustuk nazioarteko 5 programa ditu Europar Batasunak bermatuta, Erasmus Mundus bikaintasun aipamenarekin, eta 2010erako ikastetxearen helburuen artean, aurkeztu berri den Plan Estrategikoan ageri denez, nazioartean prestakuntza eta ikerketa sustatzen jarraitzea dago, ikaskuntza/irakaskuntzan kalitate irizpide altuak daudelarik, Unibertsitate bikain izatera iristeko.

Horrela, Jaime Oraák Deusturen etorkizuneko proiektu enblematikoez hitz egin du: gaur eguneko Deustuko Liburutegia Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentro bihurtzea eta bertako lanak bukatzea; Deusto Business School, Europako negozio eskolarik onena izateko helburua duena, martxan jartzea; ekintzaile jarrerak sustatzeko Ekintzaile programak bultzatzea; eta Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Euskadi jakintzaren ekonomia bihurtzeko prozesuan eragile sozio-ekonomikoak antolatzeko zeregina duena, biztanleen bizi maila hobetzeko.

Errektorearen aburuz, Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparru berriaren beste erronka bat euskal sistema unibertsitarioko finantzazioa berraztertzea da, Europako herrialderik berritzaileenen ildoari jarraituz. Izan ere, Deustuk, unibertsitateko euskal ikasleen % 18rekin, Unibertsitateko Euskal Planaren aurrekontuaren % 1era iristen ez den laguntza publikoa jasotzen du. Horrekin konparatuta, Belgika bezalako herrialdeetan, Estatuak berdin diruz laguntzen ditu ikastetxe publikoak eta pribatuak eta beste batzuetan, Herbehereetan kasurako, laguntza publikoa % 70era heltzen da.