Gipuzkoako zazpi familia enpresak hartu dute parte “Familia Enpresa eta Talentua Praktiketako Programaren” lehen edizioan, Deusto Business Schoolen, Antonio Aranzabal Fundazioaren eta Rural Kutxaren eskutik

Programa de Prácticas Empresa Familiar y Talento

2022ko ekainak 17

Donostiako Campusa

Kontrol estrategikorako informazio sistema bat ezartzen edo biltegien kudeaketa autonomorako web aplikazioak garatzen laguntzeak aukera ematen die goi mailako prestakuntza jasotzen ari diren ikasleei gure inguruko industria eta zerbitzuetako errealitatearekin harremanetan jartzeko. Iritzi hori du Víctor Martínez de Lizarduy Deustuko Unibertsitateko Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Informatikako Ingeniaritzako gradu bikoitzeko 4. mailako ikasleak. Haren iritziz, Deusto Business Schoolen, Antonio Aranzabalen eta Rural Kutxaren Familia Enpresa eta Talentua Praktika Programari esker, “hemengo familia enpresa batean murgiltzeko eta zailtzeko aukera dugu”.

Horixe dute helburu gradu bikoitzetako ikasle hauek: “erraza den zerbait egitea baino gehiago, enpresari ekarpenen bat egin eta, aldi berean, guk geuk ere zerbait ikastea nahi dugu”, dio Gorka Estebanek, Victorren ikaskideetako batek. Profil bikoitz horrek ekarpen handia egin dezake enpresetan, titulazio bereko Rubén Claverasen hitzetan: “gure profil bikoitzarekin, bertako familia enpresei ekarpen bat egin nahi diegu”. Luca Madina, Beñat Badiola edo Ane Gurruchaga Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko titulazio bikoitzeko laugarren mailako ikasleek ere argi dute aukera paregabea dutela aurrean. Aneren iritziz, familia enpresa batean lan egiteak aukera ematen die “enpresaren funtzio orokorra ulertzeko". Eta, bereziki, “bertako enpresa batena”, Pelayo Pardok azpimarratzen duen bezala, lurraldean bertan lan egitea gustatuko bailitzaioke.

Gai horien inguruan hitz egin da ostiral honetan, Familia Enpresa eta Talentua Praktika Programa pilotuko parte hartzaileekin Deustuko Unibertsitatean izan den gosarian. Rural Kutxak, Antonio Aranzabal Fundazioak eta Deusto Business Schoolek gonbidatuta, programan parte hartu duten ikasleak, zuzendariak eta tutorea elkartu dira saioan. Antolatzaileek programaren xehetasunak azaldu dituzte eta aurtengo ebaluazioa egin dute, irauteko asmoz sortu den programa dela kontuan hartuta.

Zalantzarik gabe, ikasleek ez lukete aukera hori edukiko Algeposa, Calcinor Servicios, I2U, Ibarmia Innovatek, Plastigaur, Salva Industrial eta Talleres Agui enpresen parte hartzerik gabe. Enpresa horiek ikasleei ateak ireki dizkiete, etorkizuneko proiektuetan parte har dezaten eta bide horretan, beren prestakuntza prozesuan laguntzeko konpromiso sendoa hartu dute. Lan aukera izateaz gainera, hazteko igurikimenak dituen lurraldeko enpresa batean lan egiteko aukera eskaintzen da, baita anbizio handiko ibilbide profesionaleko balizko plan bat ere, hala balegokio.

Gaur egungo eta etorkizuneko zuzendariek elkar ezagutzea, elkar eragitea eta belaunaldien arteko sinbiosi hori sortzea beharrezko baldintza da talentua gure lurraldean geratzea bermatzeko eta familia enpresak indartzeko. Elkar ezagutzeko hilabete horietan, gazteak zuzendaritza taldeekin harremanetan egongo dira, ekimen bizi eta ilusio handikoetan parte hartuko dute eta lurraldeko proiektuak ezagutuko dituzte. Era berean, enpresek ere pertsona prestatuak izango dituzte, ekimen handikoak, beren erakundeetatik kanpotik etorriak. Elkar ezagutuz eta behatuz, elkarrekin ongi moldatzeko aukerak areagotuko dira. Eta horrek alderdi guztiei egiten die mesede: enpresak, gazteak, erakundeak eta lurraldea. Horretan sinesten dute ekimen honen sustatzaileek: Rural Kutxa, Antonio Aranzabal Fundazioa eta Deusto Business School.