Deusto Business Schoolek “Business, Sport & Fun” jardunaldien 8. edizioa antolatu du

Parte hartzaileak Nacho Núñez Gipuzkoa Basketeko presidentearekin, Business Sport and Funen azken edizioan.

2022ko ekainak 02

Donostiako Campusa

Datorren astelehenean, ekainak 6, “Business Sport & Fun” jardunaldien 8. edizioa hasiko da,  Deusto Business Schoolek antolatuta, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean. Hiru eguneko programa bat da, enpresen zuzendaritza eta kudeaketan interesa duten batxilergoko lehen mailako ikasleei zuzendua. Parte hartzaileek Deusto Business Schoolen erabiltzen den ikaskuntzako metodologia ezagutu eta bizi ahal izango dute, enpresaren eta kirolaren munduak lotzen dituen konbinazio berritzaile honi esker.  Jardunaldiak Donostiako campusean izango dira, ingurune ireki eta atseginean, parte hartzaileen esperientzia trukea ahalbidetzeko.

Asun Ibañez Romero Deusto Business Schooleko Donostiako campuseko dekanordeak azaldu du jardunaldiek parte hartzaileei aukera ematen dietela enpresen zuzendaritzaren mundura hurbiltzeko, modu dinamikoan eta dibertigarrian.  Azken helburua da ikasleek gozatzea, sormena eta berrikuntza lantzen dituzten bitartean.  “Enpresa batean, kirol talde batean bezala, gogor egin behar da lan eta ahalegina oso garrantzitsua da. Helburu komun bat partekatu behar da eta helburu hori lortzeko bidean gozatu”, azpimarratu du. 

Orain arteko edizioetan, Business, Sport & Fun programan kirol eta enpresa munduko profesional ezagunek hartu dute parte, guztiak Deusto Business Schoolen ikasitakoak. Horien artean aipa ditzakegu Ander Vilariño, automobil gidaria; Adur Letamendia, Pukas Surf SLko proiektuen zuzendaria eta surflari profesionala; Nahco Núñez, Gipuzkoa Basketeko presidentea; eta Real Sociedadeko hainbat profesional, esate baterako, Juan Carlos Ubis.

Programa osoa eta dibertigarria, ekinez ikasteko

Zortzigarren edizio hau datorren ekainaren 6, 7 eta 8an izango da. Bertako jarduerak pentsatuta daude parte hartzaileek unibertsitatea, bertan lan egiteko modua eta hezkuntza metodologia ezagutzeko. “Guztia modu dibertigarri eta lasaian antolatu dugu, parte hartzeko jarduerez baliatuz, ikasten den bitartean, ongi pasatzeko”, dio Asun Ibañezek.

Informazio gehiago