Amaitu da Inspira STEAM ARABA 2021-22

Inspira steam araba

2022ko ekainak 09

Bilboko Campusa

Joan den ekainaren 9an izan zen, Gasteizko Artium Museoan, 2021 - 2022 ikasturteari dagokion Arabako Inspira STEAM programaren amaiera ekitaldia.

Deustuko Unibertsitateko Inspira STEAM programako koordinatzaile Mª Luz Guenagak aurkeztutako ekitaldi instituzional batekin hasi zen. Ondoren pertsona hauek aritu ziren hizketan: Ainhoa Campo, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria; Victoria del Rio, Arabako Parke Teknologikoaren Lankidetza eta Zerbitzuen Arloko arduraduna; Noemí Gómez Lerma, Mercedes-Benz-eko Hautaketa eta Enplegatzaile Markako arduraduna; eta Alaitz Landaluze, Innobasqueko Berrikuntza Politiken koordinatzaile nagusia.

Erakundeetako ordezkarien hitzen ondoren, aholkulariek, ikastetxeetako irakasleek eta erakunde laguntzaileetako ordezkariek talde dinamika batzuetan hartu zuten parte programaren azken edizioa ebaluatzeko eta Inspira STEAM saioetan zehar bizi izandako esperientziak partekatzeko.

Talde dinamiken ostean, Arabako ikastetxeetan Inspira STEAM programaren 2021-2022 edizioan lortutako emaitzak aurkeztu ziren. Zehazki, Araban 14 aholkularik, 5 ikastetxek, 83 mutilek eta 81 neskak hartu dute parte edizio honetan.

Programa Arabako Foru Aldundiaren, Deustuko Unibertsitatearen eta Euskadiko Parke Teknologikoen lankidetzari eta 2021ean sinatu zuten lankidetza hitzarmenari esker burutu da Arabako Lurralde Historikoan, eta 2022an hitzarmena berritzeko asmoa dute. Hitzarmenak beste jarduera sorta bat jasotzen du, hala nola, Arabako STEM emakumeen ikusgaitasun kanpaina Arabako dendetan, otsailaren 11 dela eta, edo "Bazen behin... STEM emakume arabar bat" lehiaketa ikastetxeekin.

 Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu aholkulariei euren borondatez euren esperientzia profesional eta pertsonala, euren denbora eta lanerako duten ilusioa partekatzeagatik. Aholkularien eta ikastetxeen baterako lana ezinbestekoa da Inspira STEAM-en helburuak lortzeko: neska-mutilek arlo zientifiko eta teknologikoekiko duten jarrera hobetzeko, arlo horietatik hurbil dauden lanbide eta profesionalak ezagutzeko eta hautaketak baldintzatzen dituzten estereotipo mugatzaileen aurka borrokatzeko.