Deustuko Unibertsitateak, Confebaskek eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak jardunaldi bat izan zuten ekainaren 7an, unibertsitateko ikerketaren gizarte eragina aztertzeko eta adierazpen bateratu bat sinatu zuten gizartean eragina duen unibertsitateko ikerketa sustatzeko.
Jardunaldian pertsona hauek egon ziren: Adolfo Morais, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordea; Jon Bilbao, Confebaskeko Lan Harremanetako zuzendaria; Peter van der Hidjen, aditu independentea, Europako Batzordeko idazkari izana; Marta Soler, Bartzelonako Unibertsitateko CREAko zuzendaria; eta Cristina Iturrioz, Deustuko Unibertsitateko Ikerketa eta Transferentziako errektoreordea.
Testuingurua: zergatik den garrantzitsua
Baliabideak gero eta urriagoak eta gizarte mailako erronkak gero eta konplexuagoak diren testuinguru batean, unibertsitateko ikerketak funtsezko papera jokatzen du erantzunak landu eta irtenbideak bilatzeko orduan. Horretarako, garrantzizkoa da unibertsitateak eta gizarte eragileek (administrazioak, enpresek, gizarte erakundeek eta herritarrek) elkarrekin sortze prozesuak abian jartzea, gizarte garatuago, bidezkoago eta jasangarriago baterako behar diren gizarte aldaketak ezartzen urratsak emateko.
Deustuko Unibertsitateak konpromiso sendoa du lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialarekin, bai tokiko mailan, bai eskualde mailan eta bai maila globalean. Gizarte eragileekin eskuz esku lan egitea sustatzen duen ikerketa estrategia bat garatzen du Deustuk, etorkizuneko erronkak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko. Berez, adierazpenak aitortzen du jardunaldian parte hartu duten eragileen erantzukizuna eta konpromisoa eta unibertsitateko ikerketaren gizarte eraginaren ikuspegia partekatu beharra, unibertsitateen eta beste eragile batzuen arteko berrikuntza eta lankidetza sustatuko duen ikerketa ahalbidetzeko eta, horrela, gure gizartearen erronkei era transformatzailean erantzuteko.