Lankidetza publiko eta pribatuen arteko ibilbide luzearen fruitu, Deustuko ikerkuntza egungo gizartearen erronkei, ingurumenekoei eta ekonomiakoei erantzun berritzaileak ematera dago bideratuta.
Ikertaldeak lankidetza estuan dihardute tokiko eta nazioarteko eragile kopuru handiarekin: enpresa, gobernu, erakunde eta sare ugarirekin hainbat eta hainbat proiektutan.
Deustuko jakintzaren transferentzia Deusto Fundazioa osatzen duten ikerketako punta-puntako bi zentroren bitartez egiten da nagusiki: Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren eta DeustoTechen bitartez. Nazioarteko ikuspegi sendoak bermatzen du bikaintasunarekiko dugun apustua.
Orkestra, inguruko enpresa ehunari eta erakundeei estuki lotuta, lehiakortasunaren eta lurralde garapenaren ikerketaz arduratzen da jorratzen dituen ikerrildoetan.
DeustoTechek balio erantsi handiko produktuen zorro zabala du, etorkizuneko inguru adimendunak garatzeko (ingurumen adimena, mugikortasun jasangarria eta segurua, geo-kokapena…), erabiltzailea ardatz duten teknologia eta zerbitzuetan oinarrituta.
Egindako ikerketaren ondorioz, Deustuk aplikatzeko prest dauden produktu eta zerbitzuak eskaintzen ditu hainbat testuinguru eta egoeratarako. Horren adibide dira KINAGE 'serious game’ delakoa eta psikosi eta eskizofreniarako diseinatutako Rehacoop errehabilitazio neuropsikologikoko programa. Biak hautatu ditu Europako Batzordeak jardunbide egokien eredu gisa, maila handiagoan aplikatzeko.
Horrez gain, Deustuk badu adituen zerbitzuen zorroa ere, merkatuko eragileek estali ezin dituzten enpresa, gizarte erakunde eta administrazio publikoetako erronketan laguntza emateko.
Horrekin batera, badira enpresen inkubagailu bi ere, ekintzailetza eta autoenpleguko unitateei lotuta, Deusto Kabieta Innogune. Biek bideratzen dituzte ikerketa proiektuetatik ateratzen diren ideia berritzaileak spin-off-etara eta sektoreetako enpresak sortzera.
Patenteei buruzko biblio-gida