Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko abenduak 03Bilboko Campusa

Bilboko Udala Orkestrako Kontseiluan sartu da, hiria nazioarteko erreferente gisa sendotzeko

Bilboko Udalak eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak lankidetza hitzarmena sinatu dute. Horren bidez, bi erakundeak egiten ari diren lan-ildoa indartu eta garatu nahi da, hiria laborategi bizi gisa kokatzeko hiri-lehiakortasunerako politiken diseinuan eta ezarpenean. Horrekin batera, Orkestrak hiri-lehiakortasunari lotutako ikerketa-ildoa indartu nahi du "2021-2024 Plan Estrategikoan", hiriek gizartean eta munduko ekonomian duten pisua handitzeak dakartzan ondorioak ulertzen saiatzeko, eta, horrela, Euskadiren erronka sozioekonomikoei heltzeko.

Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bidez sartuko da udala Orkestran, eta, horri esker, besteak beste, Bilbo nazioartean aintzatesteko eta kokatzeko lan egin ahal izango du, bai eta hiriek Euskadiren lehiakortasunean duten eginkizuna aintzatesteko duen eragina areagotu ere. Asmoa da, halaber, Orkestrak hiri-lehiakortasuna ildo estrategiko gisa finkatzea datozen urteetan, eta loturak ezartzea beste ikerketa-ildo batzuekin, hala nola digitalizazioarekin edo energiarekin.

Ikerketa Institutuaren eta Udalaren arteko lankidetza aspalditik ari da garatzen. Nabarmentzekoa da, besteak beste, 2013tik udalak garatu duen Bilbao Next Lab proiektua. Gaur egun, ikerketa/ekintza laborategia da, Bilboko espezializazio adimenduneko hiri-estrategiaren esparruan aipatutako ikerketa-ildoak garatzea ahalbidetzen duena. Laborategiak, hiriko aktoreekin batera, espezializazio adimenduna bultzatu nahi du, arreta berezia jarriz zerbitzu aurreratuen esparruan. Era berean, Bilbao Next Lab-ek aukera ematen dio Orkestrari hiri-lehiakortasunarekin lotutako komunitate akademikoan duen posizioa handitzeko.