Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko abenduak 20Bilboko Campusa

Deustuko Unibertsitateak eta UNIR-ek egindako ikerketa baten arabera, nerabeek hainbat arrisku dituzte Interneten

Internetek gizartean, hezkuntzan, lanean eta hainbat arlotan, aukera handiak eskaintzen ditu nerabeentzat, baina baita itzalak ere. Azken urteotan, erabilera asko gehitu denez, arriskutsuak izan litezkeen egoerak sortu ditu. Nerabeentzako arrisku handienetako batzuk honako hauek dira: eskolako ziberjazarpena (cyberbullying), bikotekideen arteko ziber abusua, sexting-a (sexu edukia hirugarrenei bidaltzea), online grooming-a (helduak Internet bidez adingabeengana hurbiltzea sexu helburuekin) edo Interneten erabilera problematikoa. Arrisku horiek, Interneten gertatzen diren arren, nerabeen lineako eta lineatik kanpoko errealitatean dute eragina.


La Rioja-UNIR Nazioarteko Unibertsitatearen Ziberpsikologia taldeko ikertzaileek, Deustuko Unibertsitateko Deusto Stress Research taldearen lankidetzarekin, ikerketa aitzindaria egin dute, helburua izan da aztertzea nola gertatzen diren eta nola eragiten duten Interneteko arrisku horiek -bakoitzari edo taldeari- eta identifikatzea biktima izan diren nerabeen profilak. Orain arte, egoera horiek modu indibidualean aztertu izan dira edo egoeraren batekin lotuta, baina inoiz ere ez batera.


Ikerketa 2017ko abenduaren eta 2018ko apirilaren artean egin zen, eta 3.212 parte-hartzaile izan zituzten 11 eta 21 urte bitartekoak, batez beste 13,92 urte zituztela. Azterketan, erkidego hauetako 22 ikastetxek hartu dute parte: Euskal Autonomia Erkidegoa, Asturias, Gaztela-Leon, Gaztela-Mantxa, Valentzia, Aragoi eta Madril.


Emaitza nagusien arabera, arrisku posible batzuk jasaten dituzten parte-hartzaileen artean, arazoa banan hartuta prebalentzia handiena duena ziberjazarpena da (% 30) eta online groominga (% 8). Bi arrisku biltzen direnean, prebalentzia handiena duten konbinazioak ziberjazarpena eta online groominga (% 12) eta sextinga eta ziberjazarpena dira (% 5). Hiru arrisku elkarrekin aztertuta, ziberjazarpena-sextinga-groominga konbinazioa da nagusi (% 7); parte-hartzaileen % 5ek baino gehiagok ziberjazarpena-zyber abusuaren konbinazioa aurkezten du sexting-grooming-ekin batera.


Juan Manuel Machimbarrena eta Joaquín González-Cabrera, UNIR ziberpsikologia taldeko ikertzaileek diotenez, ikerketaren alde garrantzitsuena da lehenengo ikerketa dela arrisku desberdinak elkarrekin aztertzen eta arriskuak ez direla bakarrik gertatzen. "Beste ikerketa batek arazo horien artean dagoen lotura frogatu du, baina inork ez du Interneteko arrisku multzoen prebalentzia aztertu. Ziberjazarpena arazo larriena izan zitekeela uste genuen, baina emaitzek, gainera, frogatzen dute ez dela bakarturik gertatzen eta ziberjazarpena eta sexting bezalako konbinazioak dirudien baino ohikoagoak direla", esan dute.


Horrez gain, azterketaren emaitzek erakusten dute profil desberdineko biktimak daudela. "Arazo horiei lotutako lau profil aurkitu ditugu, hala nola, sexting eta grooming arazoak eta sexu-izaera arazoak dituztenak, eta beste batzuk, harreman arazoak dituztenak euren kideekin”.

Emaitzak ikusita, González-Cabrera eta Machimbarrena ikertzaileek gomendioak eman dizkiete irakasle, orientatzaile eta pediatriako taldeei “kontuan izan arrisku bat agertzen bada, beste arazo batzuk eragin ditzakeela edo Interneten jokabide arriskutsuaren ondorio izan daitekeela. Horregatik, garrantzitsua da aktibatzen diren protokoloak ahalik eta zabalenak izatea eta ez uztea beste jokabide batzuk aztertzeari”.


Erreferentzia: Machimbarrena, J. M., Calvete, E., Fernández-González, L., Álvarez-Bardon, A., Álvarez-Fernández, L., y González-Cabrera, J. (2018) Internet Risks: an overview of victimization in cyberbullying, cyber dating abuse, sexting, online grooming and problematic Internet use. International Journal of Environmental Research and Public Health, 15(11), 2471  https://www.mdpi.com/1660-4601/15/11/2471