Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko maiatzak 29Bilboko Campusa

Deustobarometro berria: koronabirusaren pandemiaren osasun eraginak dira da euskal herritar gehienen kezka nagusia

Deustuko Unibertsitateak maiatzaren 29an argitaratu ditu Deustobarometro Sozialaren (DBSoc) 14. edizioaren emaitzak, webgunean: barometrosocial.deusto.es Inkestak euskal gizartearen informazio sozial, ekonomiko eta politiko berria eskaintzen du, koronabirusaren pandemia testuinguru duela.

Deustobarometroa 12 Datutan

1) Koronabirusaren pandemiak osasunean eta osasun zerbitzuetan dituen ondorioak dira euskal herritar gehienen (% 62,5) kezka nagusia. Eta ondorio ekonomikoak eta langabezia hurrengoa (% 38). Osasuna eta osasun zerbitzuak Euskadiko lehenengo bost arazo nagusien multzoan sartu dira lehenengoz (% 18).

2) Euskal herritarren % 61ek aitortzen dute koronabirusak eragin txarra izan duela beren etxeko ekonomian. Haien herenak uste du eragin hori iraunkorra izango dela.

3) Konfinamenduan lanean jarraitu dutenen % 40k diote lan zama handiagoa izan dutela eta lan baldintzak negoziatzeko ahalmena galdu dutela.

4) Herritar gehienak (% 54) telelana orokortzearen aldekoak dira, produktibitatea areagotu eta norberaren bizitza eta lana bateratzea errazten duelakoan. Telelanean ari direnen artean portzentaje hori %70era iristen da.

5) Guraso gehienek uste dute konfinamenduan haurrek egin behar dituzten eskolako lanetarako familiaren laguntza handiegia behar dutela (% 61,3) eta irakasleen laguntza handiagoa beharko luketela.

6) Euskal herritarrek ez lukete gastu publikoa murriztea onartuko bost arlo hauetan: Osasun zerbitzuetan (79), hezkuntzan (65), pentsioetan (63), langabeziako prestazioetan (39) eta zientzia eta ikerketa+garapeneko inbertsioetan (38). Azken krisi ekonomikoaren unerik txarrenean ezarritako marra gorri berberak dira. Aldaketa esanguratsu bat egon da ordutik hona: garrantzi handiagoa ematen zaio ingurumena babesteari. Arlo horretan murrizketarik nahi ez dutenak % 9tik % 19ra igo dira.

7) Euskal herritarrek suspentsoa jartzen diete Eusko Jaurlaritzari (4,2) eta Espainiako Gobernuari (3,5) pandemian kontuak emateari eta garden jokatzeari dagokionez.

8) Pandemian izandako jokaerari dagokionez, euskal herritarrek Pedro Sánchez (4,2), Iñigo Urkullu (4,1) eta Pablo Iglesias (4) baloratzen dituzte ondoen; eta haien ondoren, Maddalen Iriarte (3,9), Idoia Mendia (3,6) eta Miren Gorrotxategi (3,6) lehendakarigaiak. Txarren baloratuak Carlos Iturgaitz Alderdi Popularreko lehendakarigaia (1,2), Pablo Casado (0,8) eta Santiago Abascal (0,2) dira.

9) Euskal herritarren % 19k baino ez dute uste alarma-egoera autogobernua mugatzeko baliatu dela, eta % 28ren ustez, funtsezko askatasunak eta eskubideak mugatzeko aprobetxatu da.

10) Euskal herritar gehienek (% 57) diote konfinamenduan balkoi eta leihoetara atera direla osasun zerbitzuetako langileei txalo egiteko.

11) Gogo-aldarte positiboak (poza, dibertsioa, bakea) ohikoagoak izan dira Euskadiko etxeetan sentimendu negatiboak baino. Dena dela, kezka izan da nagusi euskal herritarren artean. % 70ek aitortzen dute inoiz beldur izan direla konfinamenduan.

12) Konfinamendua betetzeko arrazoi nagusia (% 73,5) kutsatzeko beldurra izan da.

 

Informazio gehiago: barometrosocial.deusto.es