Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko maiatzak 25Bilboko Campusa

Industria Digitaleko Deusto Katedra berriak bere lantaldea aurkeztu du industriaren lehen mailako erronkei ekiteko

Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak Industria Digitaleko Deusto Katedra berrian lanean arituko den lantaldea aurkeztu du. Ekimenaren helburua da industria sektorera jakintza zuzenean aplikatzeko talentu espezializatua garatzea, industriaren digitalizazioko prestakuntza, zabalkunde, sormen eta transferentziako jardueren bidez.
Katedrak bat egingo du Deustuk 4.0 Industrian edo aldaketa digitalaren arloan bultzatzen dituen beste proiektu batzuekin, lehen mailako aukera baita Euskal Herrian industria arloko lehiakortasuna bultzatzeko.


Talentua, talentua eta talentu gehiago: horixe da Deusturen apustua aurrerakuntzari eta berrikuntzari eusteko; talentu profesionala eta diziplina ugarikoa, hainbat arlotako ingeniarien taldeak osatua: Informatika, Industria, Elektronika eta Automatizazioa, Mekanika, Telekomunikazioak eta Industria Antolaketa arloetako profesionalek eta Katedraren patronatua osatzen duten enpresek identifikatutako proiektu pribatuetan dihardutenek osatua.


Enpresen arazorik nagusienetariko bat ateetan dugun laugarren industria iraultzari erantzungo dioten profesionalak erakartzea dela jakinik, Deustun patronatuko kide direnekin harreman estuan lan egiten da industriarako ekarpen zuzenak egingo dituzten profesionalen profilak garatzen, unibertsitateko titulazioen hasieratik ikasleen eta enpresen arteko lotura zuzena izan dadin. Gero eta zailagoa da industriak eskatzen duen gaitasun eta ezagutza berrietan prestatuta dagoen jendea izatea. Teknologia hain arin aldatzen da, non neurrira egindako prestakuntza eskatzen duen. Programazioaz edo datu baseez dakiten ingeniari mekanikoak behar dira, baita sektore oso konplexuetako beharrizanen berri izango duten informatikako ingeniariak ere (esaterako, elektronikako ezagutza sakona oinarri duen makina erremintaren arloan). Zeharkako beharrizan horiek, sarritan, ohiko titulazioetatik irten egiten dira. Katedra, beraz, gizartearen beharrei erantzuteko sortu da.


Neurrira egindako prestakuntza enpresen errealitatera atxikirik doa eta ezin da ekintza akademiko soil gisa ulertu, dualtasunaren barruan baino. Horregatik, neurrira egindako esperimentazioa da lehentasunezko elementu gisa antzeman den beste elementu bat, bizi dugun teknologia berrien ugaritze desordenatuko testuinguru honetan. Alternatiba teknologikoen ugaritasun horrek, sarritan oso antzekoa izanik, behartu egiten ditu enpresak teknologia bakoitzaren xehetasunak ezagutzera. “Maiz eskatzen digute teknologiako esperimentazioa, zein den hobea jakiteko. IoT (Gauza Industrialen Interneta) plataforma teknologikoak dira horren adibide bat. IoT Industrialean ikusten dugu hainbat fabrikatzaile global daudela eta euskal industriak erronka handia duela aurrean, plataforma horietara hurbildu eta teknologia euren industria eta negozio ereduetan ezartzeko. Ez da nolanahiko kontua zein egokitzen den hoberen zure erakundera jakitea, eta esperimentazio arina eskatzen du", azpimarratu du Katedrako zuzendari Pablo García Bringas irakasleak.


Katedrarekin eta 4.0 Industriaren paradigmarekin lotuta dagoen funtsezko beste elementu bat zabalkundea eta jendearenganatzea da. Industria Digitaleko Deusto Katedrako zuzendariak beste hau azpimarratu du: “Enpresen arduradunenganaino heldu behar da, azken teknologiek erakundeetan normalean loturik ez dauden alderdi desberdinekin baitute zerikusia. Kontua ez da sail jakin batean teknologia bat instalatzea, ikuspegi globala izatea baizik, eta horrek enpresaren plan estrategikoan islatuta egon behar du. Aldaketa, digitala izan nahiz ez izan, konpainiaren estrategiak gidatu behar du, ez teknologiak. Bestela, ez du arrakastarik izango”.


Bestalde, Katedrak sustatzen du ikasleak digitalizazio prozesuak antzemateko eta horiei aurre egiteko gai izatea. “Negozioari etekina ateratzeak ez du esan nahi teknologia liluragarriak aplikatzea. Enpresaren errealitatean hobekuntzak antzemateko eta lortzeko orduan ekina izatea eskatzen du. Teknologiak maisuki bateratzea da kontua. Teknologia asko dagoeneko asmatuta dago, baina ondo erabiltzeak jauzi kualitatiboak eragin ditzake negozioan. Gaur inoiz baino gehiago ,teknologiak antolatzeko orduan funtsezkoa adituaren burua da”, azpimarratu du Deustuko Unibertsitateko irakasleak.


Katedra berriko lantaldea osatzen duten ikasleek edozein ikastetxetan ikas dezakete, ez dute zertan Deustuko ikasle izan. Baldintza bakar bat dago: teknologiarekin gozatzeko gogoa izatea. Bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleak daude, baita masterrekoak eta doktoregokoak ere. “Oso zaila da halako profil profesionalen atzetik ez ibiltzea. Enpresak ikasleekin harremanetan hasten dira karrera amaitu aurretik, sarritan, tarteko ikasketak egiten ari direla”, dio García Bringasek.


Etorkizunari begira eta berrikuntzagatik apustu sendoa eginda, Deustuko Unibertsitatean lanean jarraitzen dute lehiakortasunerako tresnak sortzen. Ildo horretakoa dugu 4.0 Industriari buruzko Executive Programa (arrakasta handia izan du lehenengo edizioan), Deustuk Gasteizen Egibiderekin eta garrantzi handiko enpresa eta industriekin lankidetza estuan sustatzen duen Industria Digitaleko gradu duala, edo laster ezagutzera emango den Zibersegurtasuneko programa berria.