Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko otsailak 28Bilboko Campusa

TIMON proiektuak irabazi du XIV. DU-Banco Santander Ikerketa Saria, garraio seguruago, jasangarriago eta eraginkorragorakoak

Deustuko Unibertsitateak Ikerketako XIV. DU-Banco Santander Saria emateko ekitaldia ospatu zen, otsailak 28. Lehenengo saria, 7.500 eurokoa, “TIMON: la hoja de ruta hacia una movilidad flexible, eficiente, sostenible y segura” proiektuak jaso du; accesita, berriz, “ex aequo” bi lani eman zaie, “Influencia de la publicidad en la conducta de riesgo de los adolescentes en las apuestas deportivas: guía para reguladores, operadores, instituciones” eta “Cambios cerebrales estructurales y funcionales asociados a la rehabilitación cognitiva en enfermedades neurodegenerativas” lanei, hain zuzen.

Sariak Banco Santanderren babesa du, Santander Universidades-en bitartez. 2004tik du Deustuko Unibertsitatearekin lankidetza egonkorra era askotako ekimen akademikoak sustatzeko eta unibertsitateko ikasleen aurrerakuntzan laguntzeko, nazioarteko mugikortasuneko beka programen bidez, ikerketan laguntzeko eta unibertsitateko ekintzailetza sustatzeko, beste jarduera batzuen artean.

Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert-ek aipatu du “sari honetan funtsezko papera betetzen duela diziplina artekotasunak, eragileen arteko lankidetzak, ikerketak berrikuntzan, gizarte garapenean edo herritarren bizi kalitatearen hobekuntzan egiten duen ekarpenak. Horregatik, sariaren azken edizioetan aitortu da, ikerketa proiektuen kalitate zientifikoaz gain, gizarte mailan duten eragina”. Horrez gain adierazi du une honetan gizarte eragina aipatzea gure imajinario akademiko eta ikerketakoan agertzen hasita dagoela. Duela urte batzuk, ordea, terminoa oraindik ezezagun zenean, Deustuko Unibertsitateak sari hori sortzea erabaki zuen, aitzindari eta berritzaile bihurturik, dimentsio horri balioa eman eta aitortzean.

Santanderren lurraldeko zuzendari Patricia Ariasek, bere aldetik, azpimarratu du sari horiek “talentuari eta merezimendu akademikoari egiten zaizkion aitormenak” direla eta aukera ematen digutela “ikerketari, jakintzaren transferentziari eta berrikuntzari eta goi mailako hezkuntzarekin dugun konpromisoari gure babesa adierazteko, bereziki gaur Deustuko Unibertsitateari, bikaintasunean eta lidergoan, irakaskuntzan, berrikuntzan eta nazioarteratzean, gizartearekiko konpromisoan eta pertsonen goitik beherako prestakuntzako konpromisoan erreferente den unibertsitateari”.

TIMON: La hoja de ruta hacia una movilidad flexible, eficiente, sostenible y segura”

Garraio sistema berri adimendun, ekologiko eta integratu bat garatzea Europako Batzordeak Horizon 2020 ikerketa programaren barruan identifikatu zituen zazpi erronka sozialetako bat da. TIMON proiektua, DeustoTech Mobility ikertaldeak lideratua, 2015ean sortu zen erronkari ekarpena egiteko. Helburua da, informazioaren teknologiak eta telekomunikazioak erabiliz, errepideetako erabiltzaileen mugikortasuna hobetzea, denbora errealeko eta etorkizuneko informazioa eta gidatzeko alerta zerbitzuak eskura jarriz.

Proiektuaren azpian dagoen kontzeptua berritzailea da: garraioaz sortu daitekeen datu kopuru handiari balioa ematea, bideko azpiegituretako sentsoreetako, ibilgailuetako eta gidariek eta oinezkoek eurek osatzen dituzten sare kooperatibo hibridoen bitartez. Datu horiek erraztu egingo dute punta-puntako informazio zerbitzuak ematea garraioen erabiltzaileei, datuak behar den bezala aztertu eta adimen artifizialeko eta Big Datako tekniken bidez prozesatu ondoren. Hartara, bideko segurtasuna eta garraioaren eraginkortasuna hobetu egingo da.

Enrique Onievaren zuzendaritzapean, lan-talde hau bildu da: Leire Serrano, Antonio Masegosa, Hugo Landaluce, Pedro López, Asier Moreno, Pablo Fernández, Eneko Osaba eta Ignacio Angulo.

Influencia de la publicidad en la conducta de riesgo de los adolescentes, en las apuestas deportivas: guía para reguladores, operadores, instituciones

Bi arrazoi nagusi daude joko patologikoaren arloko ikertzaileen artean kezka iturri direnak: apustu egileak inoiz baino gazteagoak izatea, batetik; eta, apustu egiten duten adingabeek zorizko beste joko batzuetan ez bezala jokatzea apustuetan. Are gehiago, batzuek uste dute apustuen iragarkiek erakutsi egiten dietela, behar adina prestakuntza eta ezagutza izanez gero, partiduen emaitza eta beren apustuak kontrolatzen.

Espainian, Europako gainerako herrialdeetan bezala, kirol apustuen inguruko publizitatea helduen espazio eta ordutegira mugatuta badago ere, arauko salbuespen bati esker, iragarki horiek ordutegi babestuan agertzen dira, kirol programen barruan ematen badira edo kirol ekitaldietan zehar emititzen badira. Salbuespen horrek praktikan onartu egiten du halako iragarki ugari zabaltzea askotariko ordutegi eta plataformatan.

Kirol profesionaletako ligekin eta jokalari izarrekin dagoen lotura sentimentala estuki estekaturik dago haur eta gazteen imaginarioan. Alkoholarekin edo diruzko beste joko batzuekin (helduen mundua birsortu eta adingabeentzat debekaturik daudenekin) gertatzen ez den bezala, kirol apustuen imaginarioak mundu irisgarriak eta ezagunak dira adingabe horientzat.

Ana Isabel Estévezek zuzendu eta Hibai López-Gonzálezek eta Paula Jáureguik osatzen duten ikertaldeak ohartarazten digu kirol apustuetako operadoreak saiatzen ari direla talde batekin identifikatze, lurralde batekoa izate edo leialtasun lotura sentimental hori kapitalizatzen; eta lagun taldeak egiten duen presio soziala aprobetxatzen dutela denek joko arloan jokabide bera izan dezaten.

Cambios cerebrales estructurales y funcionales asociados a la rehabilitación cognitiva en enfermedades neurodegenerativas

Gaixotasun neurodegeneratiboek, bereziki Parkinsonak eta esklerosi anizkoitzak, narriadura kognitiboa ekarri ohi dute, buruko narriadura progresiboari (substantzia grisaren eta zuriaren galerari) eta funtzionalari (jarduera zerebrala murrizteari) loturik. Funtzio kognitiboak murriztea zuzenean gaixoen bizi kalitatea murrizteari loturik dagoenez, narriadura (kognitibo eta zerebrala) arintzeko edo gelditzeko estrategiak bilatzeak garrantzi zientifiko eta sozial handia du. Horri erantzuteko, errehabilitazio kognitiboko programa integral baten eraginkortasuna aztertu zuen proiektuak, aldaketa zerebralak eta kognizioan eta gaixotasun degeneratiboak zituzten gaixoen desgaitasun funtzionaleko sintoma klinikoetan hobekuntzak eragiteko.

Naroa Ibarretxek zuzendu eta Natalia Ojedak, Javier Peñak, María Díezek, Oihane Rilok, Ainara Gómezek, Olaia Lucasek eta beste gizarte erakunde batzuek osatutako taldeak egindako ikerketaren emaitzek erakutsi zuten bi patologiak zituzten gaixoetan aldaketa zerebralak gertatu zirela errehabilitazio kognitiboari esker. Zehazki, Parkinson gaixotasuna zutenen artean, areagotu egin zen konektibitatea eta jarduera zerebrala bekoki eta loki inguruetan.

Esklerosi anizkoitza zuten gaixoek mantendu egin zuten konektibitate funtzionala bekoki eta loki inguruetan. Gainera, buruko aldaketa horiek desgaitasun funtzionala gutxitzea ekarri zuten. Era berean, luzetarako jarraipenak frogatu zuen hobekuntza kognitiboa, desgaitasun funtzionalaren murrizketa eta buruko aldaketak mantendu egin zirela esku hartzea amaitu eta 18 hilabete geroago ere.

 

 

 

 

28/02/2019 - XIV Premios UD-Banco Santander de Investigación