Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko ekainak 13Bilboko Campusa

Emakumeen ekintzailetzak kirol munduan eta teknologian duen eragina aztertu du Deusto Business Schoolek

BBK Fundazioak, Deusto Business Schoolen eta MET Community-ren (Emakumea, Enpresa eta Teknologia) laguntzarekin, topaketa bat izan zuen ekainaren 13an, emakumeen ekintzailetza kirol esparruan ardatz harturik, BBK Behatokiaren ekimenen barruan.

Ekitaldiaren helburua zen solasa sortzea, inspiratzea, hausnarketarako gonbita egitea eta emakumeen kirol profesionalak eskaintzen dituen aukerak oinarri harturik ekimenak identifikatzea, baita iraultza digitalak, teknologiek zelan erraztu dezaketen arlo horretako etorkizuna balioestea ere.

Azken hamarkadan kirolaren sektoreak enpleguan eta jarduera ekonomikoan izan duen hazkundea datu objektibo gisa harturik, jardunaldian identifikatu ziren zein barne eta kanpo oztopo dagoen emakumeek aukera berdintasun horretan partaide izateko.

Emakume kirolarien lekukotasunak izan ziren jardunaldiaren ardatz nagusi. Athletic Clubeko emakumeen taldetik hasi eta CD Tacón hiru urtetan lehenengo mailara iritsi den futbol taldearen sortzailearenera, kirol ez hain mediatikoetatik pasatuta (eskubaloia, judoa edo triathloia), hizlariek kiroletik ekintzailetzarako bidaia azaldu zuten, balioak hari harturik.

Erakundeen edo hedabideen papera ere jardunaldiko eztabaidagai izan zen. Ehun bat pertsona hurbildu ziren bertara, unibertsitate, enpresa eta kirol erakundeetatik.

Azken urteetan lortu diren aurrerakuntza garrantzitsuak aitortu badira ere, mahai-inguruetan partekatutako diagnostikoa argi baino argiagoa izan da: zer egin asko dago oraindik ere, kirol batzuetan ageriko den indarkeria oro (matxista edo sexista barne) desagerraraztetik hasi, eta emakumezko atleten berriei buruzko izenburuak lantzera, formazioa eta sentiberatze lana ahaztu gabe. Zeregina ikaragarria da.

Alderdi ekonomikoek ere izan zuten tokia. Ulertezina da gaur egun bi sexuetako kirolariek jasotzen dituzten sari edo laguntzen artean dagoen arrakala. Babesletzak ere balio eskasagoa du. Horrek eragiten du publizitaterako espazio gutxiago izatea, prentsa, irrati eta telebistetan bezala. Eta ematen du “gizonezkoen kirola baino ez dela interesgarri herritarrentzat”.

Gurpil zoroa da. Hori etetea lortzen den esparruetan saria izango da: enplegu gehiago, aukera gehiago eta aberastasun gehiago. Xabier de la Torrek (BBK Fundazioaren aldetik) eta Virginia Gómezek (Deusto Business Schoolen aldetik) gogoratu zuten BBK behatokiaren bokazioa: hausnarketarako bidea eta datuak eskaintzekoa, Bizkaiko erronka ekonomiko eta sozial handiak hobeto ulertzen laguntzeko, eta eztabaida eraikitzaileak sortzekoa lurraldeko eragileen artean.