Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2016ko irailak 19Bilboko Campusa

BBK Behatokia Txostena 2016 iraila, Deusto Business School eginda

Egoera Sozio-ekonomikoaren Txostenak ─2016ko bigarren hiruhilekoari dagokionak, BBKrentzat Deusto Business School-ek eginak─ azken estatistika-informazioaren errepaso zehatza egiten du gure lurraldearen gizarte- eta ekonomia-bilakaeraren funtsezko adierazleei buruz.

Informazio hori interpretatuz, eta enpresa-jarduerari dagozkion joera global nagusien proiekzioa eginez, azterlanean atariko ohar bat ere badago egungo egoeraren balioespen globalarekin eta epe labur, ertain eta luzera espero daitekeenarekin, gizarte osoarentzat garrantzitsua den informazioa zabaltzea bilatzen duelarik.

Txosten osoa hemen jaits daiteke: http://bit.do/Behatokia-Sep-2016

Ekonomiaren egonkortasun globala, aldakortasun politikozko gertakizunek edo finantza-arloko doitze-prozesuek mehatxatu dezaketena

Mantendu egiten da ekonomiaren egoera egonkorra, nahiz eta ingurune globalean gero eta handiagoa den aldakortasun politikoaren arriskua egon daitekeen.

“Normaltasun berria”, hazkunde-erritmo ahulekin ekonomia garatuetan eta erritmo neurrizkoekin gorabideko ekonomietan, erreferentziazko eszenario gisa finkatzen da 2016 eta 2017rako.

Ezin da baztertu erreferentziazko eszenario honetan krisi-gertaldi zehatzak ematea zenbait kausaren ondorioz:
• Udazken honetan Europan eta AEBetan izango diren hauteskunde-prozesuen ondoriozko aldakortasun politikoa.
• Finantza-arloan gerta litezkeen bat-bateko doitze-prozesuak, non azken urteotako diru-politikek espekulazio-prozesuak sortu ahal izan dituzten. FEDek irailean egingo duen bileran tasak igoko balitu, horrek agian eragin negatiboa izango luke burtsa-merkatuetan.

Hala ere, gertatu berri diren zenbait gauzak (adibidez, “Brexit”ak) erakutsi dute ekonomia globalak azken urteotan askoz erresilientzia-gaitasun handiagoa garatu duela, bai Banku Zentralen esku-hartzeagatik (Ingalaterrako Bankuaren erantzun bizkorra funtsezkoa izan da Brexit osteko eragina moderatzeko), baita erakunde aldeaniztunen koordinazio handiagoagatik ere.

Estatuko ekonomiaren koiunturazko portaera hobea, nahiz eta oraindik iraun egiturazko ahuleziek, 2017an joera hau moderatuko dutenak

Deskribaturiko testuinguru globalean, estatuko ekonomiak mantendu duen jokabidea ekonomia garatuentzat planteaturiko erreferentzia-eszenarioarekin bat etorri da.

Hauteskunde-prozesu luzearen ondoriozko ziurtasunik ezak eta funtziotan dagoen gobernuaren ondoriozko mugek ez dute eragin negatiborik izan ekonomiaren hazkunde-erritmoan, urteko lehen hiruhilekoetan burualdean kokatzen baitira Eurogunean, lider diren ekonomien (Alemania, Frantzia, UK, Italia) hazkundea baino puntu bat baino gorago, eta ia bi aldiz gehiago Eurogunea osorik hartuta baino.

Barne-kontsumoa eta turismoa izan dira azken hilabeteotan trakzio-elementuak, bereziki penintsulako ekialdeko autonomia-erkidegoetan. Horrek enplegu-sorkuntzan erritmo handiagoa ahalbidetu du, nahiz eta %20ko langabezia-tasa oztopo esanguratsua izan eszenario honetan.

Uztailean erabakitako doitze fiskalaren bidea lasaitu arren, defizit publikoaren mugari buruz Batzordearen barruan itunak gogortu izanak (eta horrek zorpetze-mailan izango duen eraginak) eragin esanguratsua izango du estatuko eta autonomia erkidegoko aurrekontuetan epe labur eta ertainera, larriki mugatuz hazkunde honi eusteko zerga-pizgarrien politikak ezartzeko gaitasuna.

Itxaropen onak Bizkaia eta Euskadi osoarentzat

Bizkaia eta Euskadi egonkortasun-tonika berean kokatzen dira, ezaugarri berezi batzuekin, datozen hilabeteotan horien bilakaera hobea izan daitekeelarik:
• enpresen inbertsio-erritmoa suspertzea, estatuko batez bestekoaren gainetik;
• langabezia-tasa apalagoa, gainerako autonomia-erkidegoen balioak baino askoz apalagoa;
• Erkidegoko eta Tokiko administrazioen zorpetze-maila ere Estatuko txikienen artean dago.

Ikuspegi sektorialetik, G20-k egin duen azken bilerak Txinaren gainean Estatu Batuen eta Europaren presioa areagotzeko balio izan du, altzairuaren sektorean dituzten dumping politiken inguruan. Nahiz eta egoeran eragin txarra izan Txinako altzairuaren prezio apalek, eta horrek denbora beharko du normalizatzeko, gutxienez egoera egonkortzeko mekanismoak jarri dira martxan. Horrek, eta irailean Sestaoko Arcelor-en fabrika berriz irekitzea ekarri duen akordioak, atea ireki diote sektore hau Bizkaian mantentzeari.

Petrolioaren birfintze-sektoreak jarraitzen du erregaiaren prezio apalek zigortuta, Brent-en kotizazioa 40-50$ inguruan dagoelarik upela. Nahiz eta herrialde ekoizleek eskaintza uzkurtzen jarraitu prezioak suspertzen saiatzeko, AIEren azken aurreikuspenek egoera mantendu egingo dela uste dute gutxienez 2017an aurrera samar joan arte.

Brexitak aukerak zabaldu ditu ekonomiarentzat funtsezkoa den finantza-arloan. Bizkaiak baditu abantailak zenbait lekuren artean ireki den lehian Londresko City-tik Europako beste leku batzuetara aldatu beharko den negozioaren zati bat bereganatzeko.

Labur esanda, aurreikuspen onak daude Bizkaiko ekonomiarentzat, datozen hilabeteotan ziur asko enplegua sortzen jarraituko baitu egonkortasunezko testuinguruan. Beraz, aukera ona da gizarte- eta ekonomia-politikak indartzeko epe ertain eta luzera; eta Lurraldearen egoera hobetuko duten erreformak egin beharko dira, jokaleku berrian nagusi baitira globalizazioa, berrikuntzak eta teknologiak bultzaturiko mehatxu eta aukera sektorialak, eta ongizate-egoerari eusteko erronkentzat erantzuna aurki dezaketen ekonomia- eta gizarte-eredu berriak.