Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2020ko abenduak 03Bilboko Campusa

H2020 GreenSoul proiektua 2020ko 101 enpresa-adibide onenen artean hautatu da klima aldaketaren aurkako borrokan

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak sustatutako #PorElClima Komunitateak H2020 GreenSoul proiektua aukeratu du, estatu mailan klima-aldaketaren aurkako borrokan modu garrantzitsu eta berritzailean lan egiten duten ekintzen 101 enpresa-adibide onenen artean. Proiektu horretan Deustuko Unibertsitateak ere parte hartu du eta unibertsitate bakarra da klimaren eta ingurumenaren kolapsoa geldiarazteko neurri inspiratzaile eta abangoardistenak ikusarazi nahi dituen ekimenaren hirugarren edizioan nabarmendu dena. Proiektua Sevillako Wellness Smart Cities enpresak koordinatu zuen.

GreenSoul proiektuaren helburua da eraikin publikoetan energia kontsumoa murriztea, herritarrak kontzientziatuz. Kalkuluen arabera, guztizko kontsumoaren % 30 da eraikinen barruko giza jarduerari lotutako energia kontsumoa. Ildo horretan, proiektuak energia eraginkortasuna hobetu nahi du ekintza zehatzen bidez, hala nola argia itzaltzea laneko espazioak hutsik geratzen direnean, ordenagailuak etenaldietan esekidura moduan jartzea edo termostatoaren tenperatura aldatzea urteko garaiaren arabera, energia eraginkortasuneko parametroen arabera, hori bai, erosotasuna mantenduta.

Lan-eremu horietan jokabide jasangarria garatzeko motibazioa piztea oso desafiatzailea da, langileek apenas jasotzen baitituzte beren portaerak dakartzan onurak. Izan ere, testuinguru horretan ingurumenaren alde egiten den edozein jarduerak kutsu altruista nabarmena du, ingurumenaren aldeko sinesmenetan eta balioetan oinarrituta. Gainera, enplegatuek ez dute izaten energia-kontsumoaren jarraipena egiteko mekanismorik; izan ere, eguneroko ohiturek lanean kontsumitutako energian duten eragina faktura elektrikoan islatzen da nagusiki, eta langileak ez du horren berri. Testuinguru horretan sortu zen GreenSoul.

Oztopo horiek arintzeko, proiektuaren asmoa da motibazio eta pertsuasio estrategiak aplikatzea, sortzen ari diren teknologietan oinarritutako lau tratamendu esperimentalen bidez. Helburua egunero erabiltzen ditugun gailu elektroniko partekatuen erabilera hobetzea da (adibidez, argiak, inprimagailuak, berokuntza, etab.), baita erabilera pertsonaleko gailuena ere (adibidez, smartphoneak, lan-estazioak, pantailak, etab.). Esperimentuetako azterketek erakutsi zutenez, pilotajearen ondoren inkestatutako 350 langileak gehiago jabetzen ziren energia eraginkortasuna hobetzeko behar ziren ekintzez, azterketaren hasieran baino. Gainera, garrantzitsua da esku hartzearen ondoren inkestan parte hartu zuten taldeetako batek ere ez zuela erakutsi ezjakintasunik (ez jakitea zer egin eraginkortasuna hobetzeko), ezta gogorik ezik ere, beste kide batzuek ingurumenaren alde jardutea eragotziko zieten oztopoak zirelako.

Halaber, argi geratu zen "Teknologiarekiko konfiantza" ingurumenaren aldeko portaeraren aldaketa arrakastaz sustatzeko bitartekaria dela, IKTetan oinarritutako esku hartzeetan oinarrituta. Energiaren aurrezpen orokorrari, kostuei eta emisioei buruzko emaitzak bat datoz aurreko aurkikuntzekin. Tratamendu eraginkorrenek % 30 inguru aurrezten dute banakako fasean (norbanakoarentzako motibazio-estrategiak); aldiz, fase kolektiboan 8 MWh, 1.75 k €eta 3.61 tCO2eq aurreztu ziren urteko.

Tratamendurik eraginkorrenen eztabaida taldeetako parte hartzaileek egiaztatu zuten eraginkortasun energetikoko ekintzak egiten jarraitzen zutela azterlanaren amaieran ere. Oso garrantzitsua izan zen ikustea ekintza errazak, hala nola erabilera pertsonaleko ekipoak itzaltzea (pantailak, PCak, eramangarriak), baldintza esperimentalik ez zuten beste testuinguru batzuetara estrapolatzen direla (adibidez, komunetan edo etxean).

Azken aurkikuntza horren ondorioa da tratamendu esperimental batzuek zeharkako/alboko ondorio positiboak eragin ditzaketela. Izan ere, lan honen emaitzak aitzindariak izan dira Europako beste bi proiektu lortzeko (H2020 PARITY eta H2020 WHY), herritarrek energiaren arloan duten kontzientziazioarekin lotuta, hipotesi hori baliozkotzen lagunduko dutenak. Arlo zientifiko oparoa da, beraz, eta ikerketa honek eragin sozioekonomiko eta ingurumen-eragin handiak izango ditu.

Proiektua bat dator Garapen Jasangarrirako Helburuarekin (GJH-12); izan ere, haren arabera, kontsumo eta ekoizpen jasangarriak nabarmen lagundu behar du pobrezia arintzen eta ekonomia berdeetara eta karbono-isuri txikiak dituztenetara igarotzen. Horren erakusgarri da Deustuko Unibertsitateko ikertzaile taldeko kide batzuek Elservier argitaletxe ospetsuaren Atlas saria jaso zuteela GJH-12 kategorian.

#PorElClima 2020 enpresa ekimenen 101 adibide.

Deustok bat egin du #PorElClima Komunitatearekin

Bestalde, eta aurrean dugun klima erronka onartuta, Deustuko Unibertsitateak konpromisoa hartu du Planetan klima aldaketa eragiten duen kutsadura murrizteko eta #PorElClima Komunitatean parte hartzeko. Komunitate hori aitzindaria da helburu berdinaren inguruan elkartzen diren pertsona, enpresa, erakunde eta administrazio publikoentzat: klima-aldaketaren aurkako ekintzaren protagonistak izatea, Parisko Akordioan ezarritako jarraibideen arabera. Informazio gehiago.

#PorElClima Komunitatea 2016ko azaroaren 4an jarri zen martxan, eta orduan jarri zen indarrean Parisko Akordioa, eta gaur egun gizateriak duen erronka handienari aurre egiten lagunduko du: klima aldaketari. Helburua da "gizartea bultzatzea krisi klimatikoari aurre egitera, denok batera", misio hori betetzeak duen garrantziaz jabetuta. Hori lortzeko, gizarte osoaren mobilizazioa behar da, enpresak, erakundeak, administrazioak, herritarrak barne.

#PorElClima Komunitateak baliabideak eta tresnak biltzen ditu Espainiako gizarte osoari klima-aldaketaren aurkako borrokarako konpromisotik ekintzara igarotzen laguntzeko honako jarduera-eremu hauetan: ura, kontsumoa eta inbertsioak, energia, karbono aztarna, mugikortasuna, prebentzioa eta hondakinen kudeaketa.