Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2019ko ekainak 26Bilboko Campusa

2018/19ko GEM txostenak erakusten du Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 5,1 ekintzailetzan ari dela

GEM (Global Entrepreneurship Monitor) ikertaldeak, Deustuko Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileek osatuak, Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzari buruzko datuak aurkeztu ditu. Datuok lagungarri zaizkie erakundeetako arduradunei ekonomia eta enpresa jarduera indartzeko behar diren politika publikoak sustatzeko. Ikerlanak ekintzailetzak gure lurraldean duen egoeraren argazki eguneratua ere erakusten du.

Prozesu ekintzailearen adierazle nagusien diagnostikoa EAEn

EAEko jarduera ekintzaile orokorrak edo hasierako fasean dagoenak jaitsiera izan du 2018‐19 urtean. Hala, 2017an % 5,8 izatetik orain % 5,1 izatera igaro da. Etorkizuneko ekintzailetza potentziala puntu erdi hobetu da. Enpresen finkatze tasak ere hobera egin du. Bestalde, enpresa bertan behera uzteko tasa txikiagoa izan da aurten.

Ekintzailearen profila

EAEko ekintzailearen profila irudikatzerakoan, ikus dezakegu gizona dela (% 55,1), batez beste 43 urtekoa (iaz baino 3 urte gehiago), eta prestakuntza eta errenta maila handikoa. Ekiteko arrazoi nagusia aukerak identifikatzea da.

Finantzaketa

EAEn ekiteko behar den hazi kapitala 21.740 euro da, aurreko ekitaldiaren oso antzeko kopurua. Espainian, berriz, 20.000 euro behar dira. Inbertsioari begiratuta, zenbateko txikiagoko (10.000 euro baino gutxiagoko) proiektu hasi berriak ugaritu egin dira eta inbertsio handienekoei eutsi egin zaie. Talde sustatzailearen ekarpenak dira finantzaketa iturri nagusia (% 58), alde handiz. Hurrengo finantzaketa iturriak banku erakundeak (% 21,1), laguntza publikoak (% 5,2) eta inbertsiogile espezializatuak (% 2,8) dira.

Enplegu sorrera, berrikuntza eta nazioartekotzea

Azken hiru urteetan, jakintzari lotutako zerbitzuetako ekimen ekintzaileak ugaritu egin dira: 2015ean % 17,9 izatetik 2018an % 21,9 izatera igaro dira. Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekintzailearen ondorioz sortzen diren negozioak, ohikoa denez, enpresa txiki eta ertainak dira. Berrikuntzari dagokionez, ekimen gutxiagok erabiltzen dituzte teknologia berritzaileak eta ekimen gehiagok uste dute lehiakide gutxi dituztela. Enpresa berrien nazioartekotzea, azken urteetan bezala, nahiko egonkorra da.

EAEko herritarren balioen eta jarreren hautematea

Euskal herritarrek uste dute ekiteko nahikoa jakite, trebetasun eta esperientzia dutela. Datu horrek hobera egin du, aurreko urtearekin alderatuta. Baina herritar gutxiagok uste dute negozio aukera onak daudenik. Bestalde, EAEn, porrot egiteko beldurra –ekiteko eragozpenetako bat– txikiagoa da Espainian eta Europar Batasunean baino. Joera hori egonkorra da iritzi publikoan, datua aurreko urtekoaren antzekoa baita. Eta aurten ere ikusten da euskal herritarrei ekintzaileen erreferentziazko ereduak falta zaizkiela. Euskal kulturak jarduera ekintzailean duen eraginari dagokionez, garrantzitsua da aitortzea aurrera egin dela ekintzailetza euskal gizartearen aukera profesionaletako bat izatea zilegi dela ikustean (% 51,6), ekintzailetzaren gizarte eta ekonomia aitorpenean (% 48,0), eta hedabideek jarduera ekintzailearen sustapenean eta zabalkundean duten zereginean (% 54,2).

Ekiteko ingurunearen baldintzak EAEn

2018‐19ko edizioan, ekiteko ingurunearen baldintza guztien balioespena hobetu da. Ekiteko balioespenik onenak dituzten inguruneko baldintzak azpiegitura fisikoa eta zerbitzuena, gobernu programak, gobernu politikak, eta merkataritza eta lanbide azpiegitura dira. Aitzitik, balioespenik txikiena jasotzen jarraitzen duten baldintzak lehen eta bigarren hezkuntzaren papera eta barne merkatuan sartzeko hesiak dira. Hala ere, azken urtean baldintza guztien balioespenak egin du hobera, 2017‐2018ko edizioarekin alderatuta. Gainera, azken hamabost urteetako balioespenik onenak lortu dira. Esan behar da, gainera, baldintza horietan lortutako balioak, oro har, Europako batezbestekoaren gainetik daudela eta Espainiako batezbestekoaren antzekoak direla, batez ere EAE antzeko gizarte eta ekonomia profila duten beste autonomia erkidego batzuekin alderatzen denean, adibidez, Katalunia, Madril eta Nafarroarekin. Emaitza horiek ikusirik, esan dezakegu nabarmen egin dutela hobera EAEko ekosistema ekintzaileari dagozkion adierazleek.

EAEko jarduera ekintzailearentzat eragozpenik handiena, aurten ere, gizarte eta kultur arauak dira. Era berean, ekiteko aldeko faktorea errepikatu egiten da 2018‐19an: gobernuaren ad hoc politikak.

GEM txostenerako elkarrizketatu ditugun adituek gomendio hauek ematen dituzte: (i) ekintzailetza arloko hezkuntzan eta prestakuntzan lan egiten jarraitzea; (ii) gobernu programak prozesu ekintzailearen etapa guztietan sendotzea; (iii) gobernu politikak pertsona ekintzaileen beharretara egokitzea; eta (iv) enpresa berriei ematen zaien finantza laguntza hobetzea.
EAEko ekintzaileak, 2018‐19an, herrialdeko biztanleriaren % 5 inguru dira. Teknologia, kultur eta gizarte aldaketaren eragile gakoak dira, enplegua sortzen dute, proiektu berritzaileak dituzte eta enpresak biziberritzen dituzte. Horrenbestez, enpresaburu gizon eta emakume horiek oso garrantzitsuak dira gure gizarteetan, batez ere erronka ekonomia eta gizarte jokaleku berriei aurre egitea denean.

Ikertaldeak

GEM (Global Entrepreneurship Monitor) proiektuaren urteko txostenak ekintzailetza datuak monitorizatzen ditu, mundu mailan. EAEko GEM 2018/19 txostena egin duen ikertaldea pertsona hauek osatzen dute:

‐ Saiz María. EAEko GEM proiektuaren zuzendari exekutiboa. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU). Ekintzailetzan, politika publikoetan, spin‐offetan, garapen ekonomikoan eta ekintzailetzarako hezkuntzan aditua.
‐ González‐Pernía José L., EAEko GEM proiektuaren zuzendari teknikoa. Deustuko Unibertsitatea. Ekintzailetza prozesuan, nazioartekotze goiztiarrean, hazkunde azkarrean, berrikuntza teknologikoan eta jarduera ekintzailearen eraginean aditua.
‐ González Nerea. Mondragon Unibertsitatea. Finantzaketa eta ekintzailetzan aditua.
‐ Guerrero Maribel. Northumbria Unibertsitatea. Erakunde publiko eta pribatuetako ekintzailetzan, erakundeetan eta (barne) ekintzailetzako jardueraren eraginean aditua.
‐ Hoyos Jon. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU). Enpresa sortu berrien finantzaketan aditua.
‐ Peña Iñaki.. Deustuko Unibertsitatea. GEM Espainiako zuzendari teknikoa. Enpresa demografian aditua.
‐ Urbano David. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa. Erakundeetan eta jarduera ekintzailean, ekintzailetza eta hazkunde ekonomikoan, eta unibertsitate ekintzaileetan aditua.

Aurkezpena

Aurkezpen ekitaldia 2019ko ekainaren 26an izan da, Deustuko Unibertsitateko Garate Aretoan, Bilbon. Bertan izan dira: Garbiñe Henry, Deustuko Unibertsitateko Berrikuntza eta Ekintzailetzako zuzendaria; Aitor Urzelai, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzako, Berrikuntzako eta Informazio Gizarteko zuzendaria; Eva Armesto, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapeneko Saileko Enpresak Sustatzeko zerbitzuburua; eta María Saiz, EAEko GEM ikertaldeko zuzendaria. Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea.

Ikertzaileen taldeak eskerrak eman nahi dizkie proiektua babesten duten erakundeei: SPRI‐Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia; Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapeneko Departamentua; Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako
Departamentua; Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapen eta Lurralde Orekako Saila; eta Emilio Soldevilla Fundazioa. Esker berezia, berriro ere, SPRI‐Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari, EAEko GEM proiektuaren bazkide instituzionala baita.

Informazio gehiago: http://www.gem‐paisvasco.es/
 

26/06/2019 - Presentación del Informe GEM-Global Entrepreneurship Monitor de la Comunidad Autónoma del País Vasco 2018-2019